Mikel Torres: “Enplegu berdearen alde egitea aukera paregabea da ongizatea sortuko duen garapen sozial eta ekonomikoa sustatzeko”

0

Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak trantsizio ekologikoa ekonomia “dibertsifikatuago, modernoago eta inklusiboago” baterako “bidea” dela adierazi du, “Euskadi erresilienteagoa” eraikitzeko 

 

Mikel Torres lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu duenez, “enplegu berdearen alde egitea ez da aukera bat, behar estrategiko bat baizik, aukera paregabea garapen sozial eta ekonomiko jasangarri bat sustatzeko, gaur ongizatea sortuko duena eta datozen belaunaldientzat ondare duin bat utziko duena. Horrela jasota geratu zen Enpleguaren Euskal Estrategian 2030”.  

Ostegun honetan Bilbon ospatutako Enplegu Berdea-Green Topaketaren I. Foroaren inaugurazioan Torresek nabarmendu duenez, trantsizio ekologikoa “ez da soilik ingurumen betebehar gisa ulertu behar”. Foro hau aitzindaria eta da aliantzak ehuntzeko, proiektuak bultzatzeko eta enplegu berdea Euskadiko eraldaketa sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren erdigunean kokatzeko sortu da. Torresek nabarmendu duenez, “trantsizio  ekologikoa ez da planeta bizigarriago baterako bidea soilik, ekonomia dibertsifikatuago, modernoago eta inklusiboago baterako bidea da”, “Euskadi erresilienteago bat” eraikitzeko gai izango dena. 

Torres lehendakariordeak adierazi duenez, “krisi klimatikoak, trantsizio energetikoak eta eredu bidezkoagoen beharrak markatutako une global bat bizi dugu”. Eta gogorarazi du Euskadik “posizio pribilegiatuan kokatzen gaituzten indarguneak dituela, industria-sare sendo bat, erreferentziazko ekosistema zientifiko eta teknologiko bat, berrikuntzarako gaitasun ikaragarri bat, eta, batez ere, talentua, prestakuntza eta konpromisoa duten pertsonak”. 

Ildo horretan, Torresek azpimarratu du “trantsizio ekologikoak trantsizio soziala, bidezkoa eta inklusiboa ere izan behar duela, inor atzean utziko ez duena”. Hori dela eta, gazteei, langabeei, prestakuntza berreskuratu behar dutenei eta laneratzeko oztopo gehien dituzten taldeei enplegu berdea lortzeko erraztasunak ematearen garrantzia adierazi du. “Ekonomia berdea, ondo bultzatzen badugu, berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren eragile bihur daiteke”, baieztatu du. 

 

Elkarlan estua 

Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren, Aclimaren eta sektoreko kluster nagusien arteko lankidetza estuari balioa eman dio Torres lehendakariordeak, eta, horri esker, Green Jobs Sarea eta Enplegu Berdearen Behatokia bezalako ekimenak abiarazi dira.  

Tresna hauek Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak finantzatzen ditu 2024tik, eta lan-merkatuaren beharrei aurrea hartzea, lanbide-profil berriak identifikatzea eta Euskadik ekonomia berdearen aukerak bete-betean aprobetxatzen dituela bermatzea dute helburu.  

Hori dela eta, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak azpimarratu du bere sailak “helburu sendoa” duela Aclimarekin lankidetzan jarraitzeko, “bai operatiboki, bai ekonomikoki, eta lan-merkatu berdeago, bidezkoago eta indartsuago bat lortzen lagunduko duten ekimen guztiak bultzatzeko”, amaitu du Torresek.