Osasun Sailak 9,6 milioi euro inbertitu ditu Zamudioko Ospitale Psikiatrikoa berritzeko, hala, Osakidetzaren Osasun Mentaleko Sarearekin duen konpromisoa berretsi du

0
Zamudio 04-12-2025 Alberto Martínez, Consejero del Departamento de Salud del Gobierno vasco, visita el Hospital de Zamudio © MITXI
  • Obrak hasita daude, eta terapia okupazionaleko tailerretarako eraikin berri bat egitea eta eraikin orokorraren fatxadak berritzea aurreikusita dago
  • Alberto Martínez Osasuneko sailburuak, ospitalera egindako bisitan, iragarri du plantilla handitu egingo dela sare osoan eta 31 langile gehituko direla: 18 Bizkaian, 10 Araban eta 3 Gipuzkoan
  • Euskadiko Osasun Mentaleko Sareak 1.600 profesional baino gehiago ditu, eta 15 psikiatra 100.000 biztanleko; hala, lehenengoa da Estatuan. 2024an 500.000 kontsulta baino gehiago egin ditu

Zamudioko Ospitale Psikiatrikoa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan dagoena, eraberritze-lanetan dago murgilduta, lurraldeari ematen dion zerbitzua hobetzeko. Osasun Sailak 5,9 milioi euroko inbertsioa egingo du aurten eta 2026an instalazioak egokitzeko. Horretarako, terapia okupazionala hartuko duen eraikin berri bat eraikiko da eta eraikin orokorraren fatxadak eraberrituko dira. Bigarren fasean, 3,7 milioiko inbertsioa egingo da ekoizpen termikoa berritzeko: lehengo gasolio-galdarak ordeztuko dira eta instalazio elektrikoak modernizatu.

Gaur goizean bertan, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak, EAEko osasun-sistemako erakundeetan egiten ari den entzute-prozesuaren baitan, bilera bat izan du Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko zuzendaritzarekin eta ehun bat profesionalekin, Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeekin eta Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaorekin batera. Gogorarazi die osasun mentala lehenestea dela Imanol Pradales lehendakariaren helburuetako bat legegintzaldi honetan, eta berretsi du «Jaurlaritzak, Sailak eta Osakidetzak osasun mentaleko sarea indartzeko duten konpromisoa, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai den eredu batekin».

Zehazki, 2025ean zehar, barruko eta kanpoko espazioak nabarmen berritu dira, ongizate handiagoa ekarriko diena pazienteei, senideei eta Zamudioko Ospitale Psikiatrikoko profesionalei. Eraberritze-lan horien artean, nabarmentzekoa da eraiste kontrolatua egingo dela, eta espazio horretan bertan eraikin berri bat eraikiko dela terapia okupazionalerako (eguneroko bizitzako jarduerak, aisia, kirola, helduentzako hezkuntza…). Instalazio berria martxorako egongo da martxan.

Era berean, hilabete hauetan eraikin orokorraren fatxadak berritzeari ekin zaio. Lan horiek aurten bertan amaituko dira, eta ospitaleari itxura berriago bat emateaz gain, isolamendu termikoa nabarmen hobetzea ahalbidetuko dute.  Gainera, datozen hilabeteetan galdarak berritzea aurreikusita dago, ingurumena gehiago errespetatzen duten beste ekipo batzuekin ordeztuz. Horrekin batera, instalazio elektrikoak ere berrituko dira.

Guztira, 9,6 milioi euro inbertitu dira dagoeneko hasi eta datozen urteetan jarraituko diren obra hauetan, eta Osakidetzak osasun mentaleko sareen bidez ematen den arreta indartzeko duen konpromisoaren parte dira.

Hala, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko hobekuntza horiek Osakidetzaren sareak dituen baliabideei gehitu behar zaizkie. Sare honek 450 ohe ditu 4 ospitaletan, helduen, haurren eta adikzioen osasun mentaleko 50 zentro, eguneko 23 ospitale, lehen gertakarietako lantaldeak, tratamendu asertibo komunitarioko taldeak eta hezkuntza-unitate terapeutikoak, baita elikadura-portaeraren nahasmenduari eta nortasun-mugari arreta emateko programak ere, besteak beste.

500.000 kontsulta baino gehiago

Euskadiko osasun mentaleko sareko giza kapitala indartzeko helburuaren barruan, Osasuneko sailburuak iragarri du gaur goizean plantilla handitu egingo dela sare osoan, 31 profesional gehiagorekin. Hori horrela, 18 plaza gehiago izango dira Bizkaian, 3 Gipuzkoan eta 10 Araban. Gainera, eta aurten estaldura zaileko plazak betetzeko egin den berariazko EPEaren bidez, 6 psikiatra eta 4 haur-psikiatra sartu dira jada ospitalez kanpoko osasun mentaleko sareko osasun-zentroetan.

Nabarmentzekoa da Osakidetzaren osasun mentaleko sarea 1.600 profesionalek osatzen dutela –bost espezialistatik psikiatriako espezialista bat–. Izan ere, Euskadi arreta psikiatrikoaren buruan dago Estatuan, 15 psikiatra baitaude 100.000 biztanleko; Estatuko batez bestekoa, aldiz, 9,27 psikiatra da. Ildo horretan, eta joan den urtean zehar, Euskadiko Osasun Mentaleko Sareak 500.000 kontsulta baino gehiago egin ditu (529.999), eta 120.000 paziente desberdin artatu ditu. Horietatik 28.994 lehenengo kontsultak izan ziren eta 499.507 hurrenez hurreneko kontsultak. Lurraldeka, Arabak 85.000 kontsulta baino gehiago (85.223), Gipuzkoak 151.983 eta Bizkaiak 292.793.

Osakidetzaren Sarean gehien tratatzen diren osasun mentaleko patologiei dagokienez, honako hauek daude: antsietatea, depresioa, nahasmendu psikotikoak, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta adikzioak, bai helduengan, bai haurtzaroan eta nerabezaroan.

Ongizate emozionala, psikologoak Lehen Mailako Arretan

Baina hori ez da izango Osakidetzak sartuko duen langile-errefortzu bakarra. Epe laburrera, Lehen Mailako Arretan aurreikusita dago psikologoaren profila duten 9 profesional sartzea, ondoez emozionala (estresa, antsietatea, insomnioa…) duten biztanleen premiei erantzuteko, hurbileko baliabideetatik (hala nola osasun-zentroetatik).

Lehen aldia da Lehen Mailako Arretak profesional horiek beren plantillan sartzen dituela, eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko sareko zentroetako psikologo klinikoen lana osatuko dute, ospitaleetan bertan.

Lehen Mailako Arretak lehen aldiz sartzen ditu profesional horiek bere plantillan, eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko sareko zentroetako psikologo klinikoen lana osatuko dute. Atzo kontratazio-zerrendak itxi ondoren, 1.550 profesionalek eman dute izena lanpostu horiek eskuratu ahal izateko.

Bederatzi psikologoak laster hasiko dira lanean Lehen Mailako Arretako sarean, hasierako pilotaje-esperientzia baten bidez, eta 15 osasun-zentrori emango diete estaldura: Gipuzkoako 5 zentrori (Altza, Pasai San Pedro, Beasain, Irun-Dunboa, Hondarribia), Arabako 2ri (Lakuabizkarra, Salburua) eta Bizkaiko 8ri (Errepelega, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, Solokoetxe, Gernikaldea, Basauri-Kareaga eta Basauri Ariz).

Ongizate emozionalaren erreferenteak izango dira Lehen Mailako Arretako pazienteentzat, eta modu mailakatuan jardungo dute, bi figuren artean egongo baitira kokatuta: hain zuzen ere, Familiako medikuaren (pazientea psikologora deribatuko duena) eta Osasun Mental Anbulatorioko Sareko zentroen arreta espezializatuaren (kasu konplexuenen arretaz arduratzen dena) artean.