Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak pasa den azaroaren 20an jarri zuen martxan “Zientzia Oro” zientzia-dibulgazioko podcast berria. Gaur, saioaren bigarren atala kaleratu da, eta koloreen mundua eta horien atzean dagoen zientzia izango ditu ardatz.
Atalak galdera bitxi eta harrigarri batekin egiten du hasiera: “Konturatu al zara sukaldeko eta komuneko iturrietan marraztutako bi koloreak, urdina eta gorria, alderantziz daudela?” Galdera horrek atea zabaltzen dio 24 minutuko ibilbideari, non koloreekin lotutako hainbat kontu argituko diren: zergatik ikusten ditugun ikusten ditugun koloreak eta nola hautematen ditugun; zer ikusiko genukeen infragorria edo ultramorea ikusteko gaitasuna izango bagenu edo zergatik gure begiek kolore berdea beste kolore batzuk baino gehiago ikusten duten, besteak beste.
Gainera, atal berriak kolorerik ikusten ez duten pertsonen istorio bitxi eta interesgarri bat ere jasotzen du eta aditu baten eskutik, Ane Bordagaray EHUko kimika analitikoko ikertzailearen eskutik alegia, hostoen koloreaz zerbait berria ikasiko dugu.
“Zientzia Oro” podcasta
“Zientzia Oro” podcasta zientzia herritarrengana hurbiltzeko sortu du Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, jakin-min zientifikoa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko helburuarekin, inguratzen gaituen mundua ulertzeko gaurkotasuneko gaiak eta kontzeptuak jorratzen dituzten edukien bidez.
Atal bakoitza gai monografiko batean zentratuko da, modu argian eta dibulgatiboan azalduta. Elhuyarreko Eider Olazar Elduaienek eta Guillermo Roa Zubiak ekoitzi eta gidatzen dute eta bertan ahots adituek ere parte hartuko dute. Podcast hau zientzia publiko guztiei hurbiltzeko eta hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko diseinatuta dago.
“Zientzia Oro” podcastaren plazaratzea Sailaren estrategiaren parte da, hain zuzen ere ezagutza gizartean zabaltzeko eta herritar informatuagoak, kritikoagoak eta parte-hartzaileagoak lortzeko. Proposamen horren bidez, jakin-mina piztu nahi da, ezagutzarekiko interesa areagotu, alfabetatze zientifikoa hobetu eta erabakiak informatuta hartzea bultzatu, gizarte justuagoa eta demokratikoagoa izateko.
15 egunean behin argitaratuko da «Zientzia Oro» podcastaren atal berri bat, eta eskuragarri egongo da Spotify eta iVoox audio plataformetan, baita Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren Youtube kanalean ere. Halaber, «Zientzia Oro» podcastera sartu ahal izango da Zientziaklik kultura zientifikoko agendaren eta Sailaren webgunearen bidez.






