-
Deialdi honek hilean 390 euro arteko laguntza osagarria ematen die mugikortasuneko ikasleei.
-
2024-2025 ikasturtean 2.885 laguntza eman ziren nazioarteko mugikortasunerako programa honen bidez.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2,2 milioi euro bideratuko ditu Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateko eta goi-mailako arte-irakaskuntzetako ikasleen nazioarteko mugikortasun-programetara. 2025-2026 ikasturteari dagokion deialdia gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Deialdi honek atzerriko prestakuntza-esperientzietan ikasleen parte-hartzea bultzatu nahi du, Erasmus+ edo antzeko nazioarteko akordioen bidez. Aldi berean, Sailak unibertsitate-sistemaren eta goi-mailako arte-irakaskuntzen nazioartekotzearen alde egiten duen apustua indartzen du, ikasleak bere prestakuntza zabal dezan eta gaitasun berriak gara ditzan ingurune global batean.
Erasmus+ programaren Europako finantzaketak ez ditu kanpoko egonaldiei lotutako gastu guztiak estaltzen. Gainera, destino batzuk programatik kanpo geratzen dira eta ez dute Europako erakundeen laguntzarik jasotzen. Testuinguru horretan, beharrezkoa da baliabide ekonomikoak osatzea. Helburu hori bere gain hartzen du Sailak deialdi honen bidez, ikasleak finantza-arrazoiengatik mugikortasun programa baten parte hartzeko aukerarik gabe gera ez daitezen, hain zuzen.
Deialdiak hilean 390 euro arteko laguntza osagarria ematen dio mugikortasuneko ikasleari. 2024-2025 ikasturtean, nazioarteko mugikortasunerako 2.885 laguntza eman ziren programa horren bidez, eta Sailak kopuru hori gainditu nahi du aurtengo edizioan.
Aurrekontua 520.000 eurokoa izango da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) kudeatutako laguntzak osatzeko, eta 1.680.000 eurokoa erakunde horren laguntzarik ez duten egonaldietarako.
Bihartik aurrera unibertsitateek, unibertsitate-zentroek eta arte-irakaskuntzako goi-mailako ikastetxeek dirulaguntza horiek eskatu ahal izango dituzte ikasturte honetako nazioarteko mugikortasun-programetarako. Administrazio-egoitza EAEn duten ikasleentzat izango dira laguntzak, baldin eta ikasturte honetan graduko, unibertsitate-masterreko edo goi-mailako arte-irakaskuntzako ikasketa ofizialak egiten badituzte






