Eusko Jaurlaritzak 37.000 euroko laguntza emango dio Dantzaz elkarteari “Harira: dantzaren bidez bitartearitza pilotu-programa” proiektua sustatzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak onespena eman dio Dantzaz Elkartearen “Harira” proiektua diruz laguntzeko erabakiari. Proiektu honen helburua da pilotu-programa bat martxan jartzea dantzaren bidezko bitartekaritzarako eta, hala, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 37.000 eurorekin lagunduko du Dantzaz elkartea.

Dantzaz elkarteak proiektuak sorkuntza, profesionalizazioa eta bitartekotza uztartzen ditu dantzatik abiatuta. Gipuzkoako Dantzagunean du egoitza, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta INAEMen (Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionala) egiturazko laguntza du. Duela hogei urte baino gehiagotik, interpreteei, koreografoei eta koreografia-sorkuntzari lotutako beste profil profesional batzuei laguntzen diete.

Ikuskizunen ekoizpenaren eta sorkuntzaren bidezko koreografia-garapenaz gain, Dantzazek kultura-bitartekotzako eta -berrikuntzako proiektuak bultzatzen ditu, dantza herritarrei hurbiltzeko, lurraldeekiko loturak ehuntzeko eta sorkuntzaren eta ikusleen arteko harreman-modu berriak sortzeko.

Testuinguru horretan, dantzatik abiatutako bitartekaritza-programa pilotu hau abian jarri dute, Dantzaz-ek antzemandako beharrei eta erakundeen ildo estrategikoei erantzuten diena. Honako helburu hauek ditu:

  • Dantzako bitartekaritzako esperientzia esanguratsuei buruzko informazioa biltzea eta sistematizatzea, sektorearen ezagutza partekatua elikatzeko eta programaren etorkizuneko ekintzetarako oinarri izateko.
  • Dantzako kultura-bitartekaritzaren ekosistema indartzea, eragileen eta erakundeen artean sinergiak sortuz, lankidetzaren eta sareko lanaren bidez.
  • Mugimenduari eta dantzari lotutako kultura-, hezkuntza- eta gizarte-sektoreko profesionalen artean jakintza, metodologia eta tresna praktikoak partekatzea eta transferitzea.
  • Sortzen ari diren bitartekaritza-proiektuen garapenean laguntzea, tutoretzak, mentoratu estrategikoa eta parekoen arteko topaketa-aukerak eskainiz.
  • Dantzaren eremuan kultura-bitartekotza profesionalizatzea bultzatzea, prestakuntza espezifiko eta testuinguruaren araberako baten bidez.
  • Kultura- eta gizarte-eraldaketako prozesuetan kultura-bitartekaritzak duen zereginari buruzko pentsamendu kritikoko espazioak sustatzea.

Horretarako, programa pilotua kultura-bitartekari gisa profesionalki prestatu eta garatu nahi duten pertsonei zuzenduta dago — sortzaileak, hezitzaileak, programatzaileak eta kultura- eta gizarte-sektoreko beste profil batzuk —, dantza-esperientzia izan edo ez izan. Programak bost ibilbide/ekintza-ildo osagarri ditu aldi berean:

  1. Prestakuntza, Dantza eta eskola-eremuan
  2. Prestakuntza, Dantza eta publiko-sorkuntzan.
  3. Proiektuak laguntzea
  4. Tokiko, estatuko eta nazioarteko testuinguruetan jardunbide egokiak biltzea eta dokumentatzea, bi gai ardatz hartuta: Dantza eta hezkuntza-esparrua, eta Dantza eta publikoak sortzea.
  5. Pentsamendu eta diskurtso kritikoa: kulturarteko bitartekaritzari buruz hausnartzeko tailerrak.

Era berean, honako erakunde hauek laguntzen dute, programari bere ezagutza espezializatua, kultura-bitartekaritzako esperientzia eta hainbat lurraldetatik sarean lan egiteko gaitasuna eta ikuspegi metodologikoak ematen dizkiotenak, eta baterako diseinuan, mentoretzan, jarraipen profesionalean, egiturazko laguntzan eta espazioak lagatzean parte hartzen dutenak: Artaziak (kultura-bitartekaritzako kooperatiba); Teklak (bitartekaritza eta praktika kulturalak); DOOS kolektiboa; Azala (sorkuntza-espazioa); Huarte zentroa (Nafarroa); eta Elirale, dantza konpainia (Iparralde).

Azken hauek aktiboki parte hartzen dute programaren diseinuan eta garapenean, eta horrek sektorearen benetako beharretara egokitzea, lurralde osoan barneratzea eta epe ertainean ezartzeko potentziala bermatzen du.