Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eta Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu María Ubarretxenak “kezka” agertu dute gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikulua, hizkuntza-eskakizunei buruzkoa, Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela planteatzeko izapidea hasteko hartutako erabakiaren aurrean.
Bi arduradunen iritziz, egoera “bereziki larria” da eta, praktikan, zalantzan jartzen du “Euskadiko hizkuntza-normalizazioaren oinarrizko zutabea, berrogei urtez baino gehiagoz indarrean eta bermatuta dagoena”. Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu du gai hori Auzitegi Konstituzionalera eramateak “sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia zalantzan jartzea” esan nahiko lukeela, eta sistema horrek —gogorarazi du— zerbitzu benetan elebidunerantz pixkanaka eta proportzioan aurrera egitea ahalbidetu du.
Bestalde, Ubarretxenak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren iritziz ez dago motibo juridikorik konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi hori planteatzeko, abenduaren 2an aurkeztutako alegazioetan jasotzen den bezala. Nabarmendu duenez, orain zalantzan jartzen den edukia “ez da berria”, 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean eta 1989ko Funtzio Publikoaren Legean dagoeneko agertzen baita, eta “esparru hori guztia Konstituzio Auzitegiak berrikusi eta bermatu zuen”. Bi sailburuek berretsi dute Jaurlaritzaren uste sendoa, hau da, «euskara babestea aniztasuna, bizikidetza eta euskara erabiltzen dutenen duintasuna babestea» dela.
Kasuaren ibilbide prozesala
PPk eta Voxek sektore publikoan euskararen erabilerari buruzko 19/2024 Dekretuaren aurka jarritako errekurtsoak 2025eko martxoan aurkeztu ziren. Legitimazio-auziak udaberrian ebatzi ondoren —PPren errekurtsoarekin jarraituta, Voxena partzialki mugatuta, eta Amaya Martínez bere legebiltzarkidearen errekurtsoa artxibatuta— prozedurak normaltasun apur batekin egin zuen aurrera azarora arte.
Ordutik aurrera, salak Gobernuak zalantzagarriak jotzen dituen hainbat erabaki hartu zituen. Urriaren 31an, Voxen errekurtsoaren berri zuen epaimahaiaren osaera aldatu zuen, PPren errekurtsoa zegokion epaimahaiaren osaerarekin bat egiteko. Azaroaren 14an bi errekurtsoak metatu zituen, edukia eta irismena oso desberdinak izan arren, eta egun horretan bertan ireki zuen konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi baterako izapidea. Salaren argudioaren arabera, 187.5 artikulua Konstituzioaren aurkakotzat jotzen bada, dekretuaren beste artikulu batzuei eta hizkuntza-eskakizunen sistemako elementuei eragin dakieke. Gaur egun, auzigaia Konstituzio Auzitegiari helarazi ala ez erabakiko duen autoaren zain gaude.
Jaurlaritzak gogorarazi duenez, ez Enplegu Publikoaren Euskal Legea ez 19/2024 Dekretua ez daude etenda, eta biek indarrean eta aplikazio betean jarraitzen du.
Hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna: bi kontzeptu desberdin
Bengoetxeak eztabaida juridikoko funtsezko bi kontzeptu azaldu ditu bere hitzaldian, nahasteak saihesteko: hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna.
Hizkuntza-eskakizuna lanpostuaren ezaugarri bat da, maila, titulazioa eta funtzioak diren bezala. Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duenez, lanpostu guztiak profil batekin sailkatu behar dira, baina horrek ez du automatikoki profil hori betekizun bihurtzen. Prestakuntzako, mugikortasuneko edo herritarrei arreta emateko beharrak planifikatzeko balio duen antolaketa-tresna da. “Profil bat esleitzeak ez du inor edo ezer behartzen” azpimarratu du.
Aldiz, derrigortasunak, hau da, profil horri derrigortasun-data bat esleitzeak lanpostu jakin batean, hizkuntza-eskakizun hori betekizun bihurtzen du zehazten den datatik aurrera. Derrigortasun-data hori iraungi ez den bitartean, ezin izango da euskararen ezagutza eskatu. Eta kasu horietan guztietan, euskararen ezagutza merezimendutzat hartzen da sarbide-probetan.
Gainera, euskal administrazioan, hizkuntza-eskakizuna esleituta duten eta derrigortasun-datarik ez duten lanpostuen kopurua esanguratsua da, eta Euskadiko herri-administrazioetan euskararen erabilera planifikatu den ia berrogei urteetan ere ez dute hizkuntza-eskakizunik esleituta izan. Horietan guztietan euskara jakitea ez da lanpostuari dagokion betekizuna; euskara jakitea puntuatu baino ez da egiten.
Bengoetxea lehendakariordeak ohartarazi duenez, “badirudi salak interpretatzen duela sailkatzea betebehar orokor bat ezartzearen parekoa dela, eta hori ez da horrela”. Gogorarazi du euskal sistemak bi planoak bereizten dituela, hain zuzen ere, mailaz mailako aurrerapena, orekatua eta zerbitzu bakoitzera egokitua bermatzeko.






