Eusko Jaurlaritzak zuzenketa partzialak aztertuko ditu, Legebiltzarrean 2026ko aurrekontu-proiektuari egindako osoko zuzenketak atzera bota ondoren

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Legebiltzarrak, gaurko ohiko osoko bilkuran, atzera bota ditu oposizioko taldeek 2026ko aurrekontu-proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak defendatu du Eusko Jaurlaritzak eztabaida honetan izango duen jarrera, eta, laburbilduta, kontrako proposamen horien balantzea egin du: “Gure iritziz, jarrera horiek guztiek agerian utzi dute hasiera-hasieratik ez zegoela aurrekontu-akordiorako benetako prestasunik”.

Hala ere, eta duela egun batzuk aditzera eman zuenez, “kontua ez da errudunak bilatzea, benetan garrantzitsua den horretan buru-belarri lanean jarraitzea baizik, hau da, herrialde gisa hazten jarraitzea, gure ongizatea indartzea eta Euskadik urrats sendoz aurrera egiten duela bermatzea”. Bere iritziz, politika ezin da epe laburreko maniobretara mugatu; politikak “herritarren eta haien benetako premien zerbitzura egon behar du”.

Jarrera hori finkatuta, d’Anjou sailburuak osoko bilkuran argitu du une honetan Eusko Jaurlaritza talde politikoek aurkeztutako zuzenketa partzial guztiak aztertzen ari dela. “Eta jakin ezazue horiek adostea izango dela gure borondatea, proiektua aberasten duten eta onartzeko modukoak diren heinean”.

Saio honetan proposatutako eztabaidan oinarrituta, Ogasun eta Finantzetako sailburuak osoko zuzenketen planteamenduari heldu dio, eta, bere iritziz, negoziazioan edozein aurrerapauso egitea bideraezin egin duten alderdiak nabarmendu ditu:

  • Vox: D’Anjou sailburuak talde horren ordezkariari adierazi dionez, “antipoda politikoetan gaude. Eta argi eta garbi diot: ez dago, ezein gaitan, elkarrekin egin dezakegun biderik”.
  • Sumar. Jon Hernandez legebiltzarkideari gogorarazi dionez, “890 milioi euroko aldaketa-proposamen batekin etorri zinen negoziaziora, finantzazioa nondik atera eta finantza-orekari eusteko zein partida murriztu azaldu gabe. Hori, Hernández jauna, ez da planteamendu serioa, ezta koherentea ere”.
  • PP. Javier de Andrés legebiltzarkideari adierazi dio harrituta geratu dela 1.122 zuzenketa partzial aurkeztu dituelako, “aurreko bileretan proposamen zehatz bakar bat ere aurkeztu ez duzunean”.
  • EH Bildu. Pello Otxandiano legebiltzarkideari erantzun dionez, “proposatutako negoziazioak etxebizitza soilik zuen oinarri —Politika Orokorreko Osoko Bilkuran esandakoaren aurka, eta akordio baterako lau bideak alde batera utzita—.Funts baten inguruko proposamena izan da, aurrekontu-egonkortasuneko araudiaren ikuspuntutik inola ere egingarria ez den formula batekin, eta, gainera, ez da efizientea baliabide publikoen erabileran”.

Planteamendu horien aurrean, Noël d’Anjou sailburuak 2026ko aurrekontu-proiektuaren garrantzia nabarmendu du, uste baitu proposamen “errealista eta koherentea” dela, “politika publikoak indartzen jarraitzeko zorroztasuna eta anbizioa uztartzen dituena”.

Ildo beretik, nabarmendu du aurrekontu horiek ez direla kontabilitate-lan hutsa: “trantsizio energetikoari heltzeko, digitalizazioa bultzatzeko, erronka demografikoari erantzuteko eta, azken batean, Euskadi indartsuagoa, bidezkoagoa eta etorkizunerako prestatuagoa eraikitzeko aukera emango digun tresna dira”. Amaitzeko, abenduaren 23ra begira jarri da, Eusko Jaurlaritzak “aurrekontu onartua izango baitu, gure inguruan ez bezala, hau da, Espainiako estatuan edo Frantziako estatuan ez bezala”.