Moduluaren arduradunek ke-pilaketa handiaren ondorioz erreskatatu zuten, eta laurak ospitalean artatu behar izan zituzten
Arabako Espetxeko lau profesionalek preso bat erreskatatu zuten bere ziegatik, atzo, ke ugari sortu zuen sute bat eragin ondoren. Horrela, presoari kalte atzeraezin larriak eragitea saihestu zuten. Laurak ordu batzuk egon ziren hiriburuko ospitale batean behaketan, badaezpada, kea arnastu zutelako.
Atzo, astearte goizean, hilketa batengatik espetxealdi prebentiboan dagoen preso batek bere ziegari su emango ziola ohartarazi zien moduluko funtzionarioei. Jarraian, koltxoiari su eman zion, eta, ondorioz, ke handia eragin zuen. Ikerketa bat ireki da kausa ezagutzeko.
Moduluaren ardura zuen taldeko lau funtzionario -hiru gizon eta emakume bat‑ berehala sartu ziren ziegan nahiz eta ke handia eta ikuspen gutxi egon, eta haien segurtasuna arriskuan jarri. Presoa erreskatatu zuten kalte pertsonal larririk izan gabe. Arratsaldean, badaezpada, lau langileak behaketan egon ziren ordu batzuetan Arabako hiriburuko ospitale batean, eta zentroko zuzendaritzak eta Justizia eta Giza Eskubideek Saileko espetxeetako arduradunak bisitatu eta artatu zituzten. Etxean igaro dute gaua.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, María Jesús San Josek, funtzionarioak zoriondu ditu, presoari kalte pertsonal atzeraezinak saihestu zituztelako, beraien segurtasuna arriskuan jarrita ere.
Sutea eragin eta bere bizitza eta espetxeko langileen bizitzak arriskuan jarri zituen presoa Araban dago espetxealdi prebentiboan, ustez bere autonomia-erkidegoan eragindako hilketa batengatik. Horregatik, lekualdatzea izapidetzen ari dira.






