15 euroko balioa izango dute, eta kontsumitzaileak 10 euro baino ez ditu ordainduko. Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martuteneko saltokietan erabili ahal izango dira
Aurten ere Erosi Gabonak kanpainaren edizio berri bat jarri da abian, Gabonetan merkataritza jarduera bultzatu eta Ekialdeko auzoetan tokiko ekonomia indartzeko. Ekimena Donostia Shops Hiri Merkataritzako Plataformak kudeatzen du, eta Donostiako Udaleko Tokiko Ekonomia eta Enplegu Zinegotzigoaren babesa du, Donostiako Sustapenaren bitartez.
Kanpainak 15 euroko erosketa-bonuak jartzen ditu merkataritza-zirkulazioan. Kontsumitzaileak 10 euro baino ez ditu ordaintzen, eta Sustapen Sozietateak gainerako bost euroak. Bonuak Ekialdeko Barrutiko saltokietan (hau da, Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martutene) erosketak egiten dituzten kontsumitzaileentzat egongo dira eskuragarri.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi duenez, kanpainaren helburua da «Gabonetako kontsumoa eta erosketak sustatzea tokiko merkataritzan, neurri handi batean auzoetako bizimoduari eusten dioten establezimenduetan. Denda horietan, gainera, festa hauetarako bilatzen ditugun opari asko aurki ditzakegu, baita harreman komertzial hurbilago bat ere. Kanpaina hau aprobetxatzera eta gure tokiko ekonomia indartuz komunitatea egiten jarraitzera animatzen ditugu herritarrak «.
4.000 bonu
Guztira 4.000 bonu banatuko dira ekimenarekin bat egin duten ia 70 saltokiren artean, guztiek kartel bereizgarria izango dute eta atxikitako saltokien zerrenda osoa www.sansebastianshops.com webgunean kontsultatu ahal izango da. Saltokiak berak eskainiko dizkie bonuak bezeroei abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko den kanpaina honetan, eta bezero bakoitzak 2 bonu erabili ahal izango ditu establezimendu bakoitzeko.
Programa honen helburua auzoko merkataritza dinamizatzea eta sustatzea da, eta gune horietan gabonetako erosketak egiten laguntzea, ekialdeko barrutian 75.000€ inguruko kontsumoa eraginez. Azken batean, gure hiriko sektore tradizionalenetako batean, merkataritzan, jarduera ekonomikoa garatzen duten mikroenpresek eta autonomoek sortutako jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatu eta lagundu nahi da.






