Eusko Jaurlaritzak laneko bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa aitortu dio Bridgestone enpresari

0
  • Gainera, aipamen berezi bana ere eman die Lantegi Batuak-i eta Urkide ikastetxeari
  • Innovabide Sareak bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten 72 erakunde eta enpresa biltzen ditu, hainbat sektore eta tamainatakoak

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariak 2025eko Innovabide Aintzatespena eman dio gaur Bridgestone enpresari eta aipamen berezi bana Lantegi Batuak-i eta Urkide ikastetxeari, bide-segurtasunaren arloan hartutako konpromisoagatik eta jardunbide egokiengatik.

Innovabide Eusko Jaurlaritzak 2017an sortutako Euskal Enpresen Sarea da. Sare hori, euskal enpresako mugikortasun seguruari eta bide-segurtasunari lotuta Trafiko Zuzendaritzak indarrean duen ekimenetako bat da, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2020-2025 Plan Orokorrarekin bat datorrena. Gaur egun, Innovabidek kudeaketa aurreratutik bide-segurtasunarekin konprometituta dauden 72 erakunde biltzen ditu.

Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak gaur adierazi duenez, «lankidetza publiko-pribatua oso tresna garrantzitsua da guztion artean etorkizun seguruagoa eraikitzeko, arrisku gutxiagorekin eta ongizate handiagoarekin». Olabarrik Innovabide Sarearen garrantzia azpimarratu du, «topagunea eta lankidetza gunea delako. Sare bat ez da soilik entitateen batuketa bat; ekosistema bat da, zeinean elkarrekin lan egin, ikasi, esperimentatu eta ezagutza partekatzen den. Eta hori da Innovabide. Truke eta lankidetza horri esker, jardunbide egokiak ugaritzea lortzen dugu, eta gero eta enpresa gehiagok bat egitea ekimen honekin «.

Gaur, sari-banaketa egin da Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon. Bertan, Olabarrik VI. Innovabide Aitzatespena eman dio Bridgestoneri, bide-segurtasunaren kudeaketan erakutsitako konpromiso irmoagatik eta jardunbide egokiengatik, eta Innovabide sarearekin duen inplikazioagatik.

Era berean, Trafikoko zuzendariak aipamen berezi bana eman die Lantegi Batuak-i, bere esperientzia gizartearen esku jartzeagatik, industrialdeak gizatiartuz eta pertsona guztien mugikortasunaren segurtasun-pertzepzioa hobetuz, eta Urkide Ikastetxeari, langileen Kontziliazio Planean bizikletaz egindako joan-etorriak sustatzeagatik.