Lehen lehendakariordeak Tabakalera Euskadiko kultura garaikidearen erreferentea dela nabarmendu du eraikinaren 10.urteurrenean

0

Hamar urte bete dira aurten Tabakalerak bere ibilbidea abiatu zuenetik Euskadiko kultur-proiektu eraldatzaile gisa. Hamarkada honetan, kultura garaikidearen bihotz gisa sendotu da, ideiak gurutzatu, konektatu eta forma hartzen duten espazio bizia bihurtuz.

Hamar urteak ospatzeko ekitaldi instituzionalean hartu du parte Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak. Bere hitzaldian, “Tabakalera Euskadiko kultura garaikidearen erreferentea” dela azpimarratu du: “Hasieratik, Tabakalera helburu argi batekin sortu zen: espazio partekatu bat izatea, instituzioen, kultur eragileen, sortzaileen eta herritarren arteko topagunea. Kultura ez da apaingarri bat, baizik eta harremanak, identitatea eta komunitatea eraikitzen diren azpiegitura soziala. Eta, atzera begiratzen badugu, Tabakalerak helburu hori lortu duela ikusiko dugu”.

Era berean, Bengoetxeak adierazi du “Hamarkada arrakastatsu honen lorpena lankidetza instituzional eredugarri bati esker izan dela: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Tabakaleran elkarrekin bizi diren erakunde guztiak —Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua, Kutxa Kultur, Elías Querejeta Zine Eskola, laborategiak, egoitzak eta sormen-guneak”.

Azkenik, lehendakariordeak etorkizunera begiratu du: “Hamarkada distiratsu baten ondoren, proiektuak orain etorkizun oparoa du aurrean: sorkuntza gehiago, nazioartekotze gehiago, berrikuntza gehiago eta parte-hartze sozial handiagoa. Guzti hori, komunitate gisa garatzen jarraitzeko eta hemendik etorkizuneko Euskadi sortzailea, kohesionatua, harroa eta mundura irekia eraikitzen jarraitzeko”.

Ekitaldian parte hartu dute, baita, Tabakalerako Zuzendari Orokorrak, Edurne Ormazabalek; Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Eider Mendozak; eta Donostiako Alkateak, Jon Insaustik.