Era berean, baso-suteak itzaltzeko Euskadiko helikopteroaren errentamendu-kontratua egikaritzearen gaiari heldu dio.
Joseba Zorrilla Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria buru duen Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Erakunde arteko Batzordeak modu positiboan baloratu du joan den abuztuan Gaztela eta Leonen izandako baso-suteen ondorioz hara joandako Euskadiko larrialdietako zerbitzuen parte-hartzea. Euskadiko erakundeek nagusiki Gaztela eta Leongo iparraldean jardun zuten, batik bat Europako Mendietan eta Palentziako mendietan.
Bestalde, Batzordeak baso-suteak itzaltzeko helikopteroaren errentamendu-kontratua egikaritzearen gaiari ere heldu dio. Ekimen hori sortu zen Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek sinatutako baterako finantzaketa-hitzarmenaren sinadurari esker, eta 2024ko irailaren 1ean jarri zen indarrean.
Horrez gain, Batzordeak, besteak beste, Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak (MITECO) komunikazio-sistemei buruz antolatutako bileraren berri eman du, baita joan den azaroan Murtzian Baso-suteetako Adituen 5. Batzordean parte hartu izanaren berri ere —Batzorde horretan, larrialdi mota horretako komunikazioak planifikatu, inplementatu eta kudeatzearen gaiari heldu zitzaion.
Batzordean parte hartzen dute foru-aldundiek, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako udalek, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Asociación de Bomberos Euskadiko Suhiltzaileen Zebitzuak Bultzatzeko – AES elkarteak.






