Euskotrenen lurrun-trenari eta sugin ofizioari eskainitako bi zigilu aurkeztu dituzte Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Correosek

0
  • Jose Antonio Santano Estatu idazkariarekin eta Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariarekin batera egin du ohorezko zigilutzea sailburuak, Azpeitian
  • Susana García Chuecaren ustez, museoak egiten duen lanaren errekonozimendua da, “gure historiaren parte den garraiobidearen memoria gordetzeagatik, baina baita garraiobidearen oraina eta etorkizuna ere”

 

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Euskadiko trenbide-historiari eta Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoaren lanari buruzko bi posta-zigilu aurkeztu ditu gaur goizean Azpeitian. Museoa “duela hiru hamarkada baino gehiagotik, gure historiaren parte den baina gure orainaren eta etorkizunaren parte ere baden garraiobidearen memoria gordetzen eta transmititzen aritu da”.

José Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren estatu-idazkariarekin eta Juanjo Olaizola museoko zuzendariarekin batera egin du ohorezko zigilutzea sailburuak, eta ekitaldian Correoseko eta Euskotreneko ordezkariek ere parte hartu dute. Zehazki, bi tinbre aurkeztu dira. Bata, ‘Antzinako lanbideak’ saileko sugin-lanbideari eskainia, eta bestea, ‘Tren historikoak’ sailari eskainia, Euskotrenen lurrun-tren enblematikoa —Burdinbidearen Euskal Museoaren harribitxia— omentzen duena, baita “euskal trenbideen tradizio zabala eta gure erkidegoan duten eragin sozial eta kulturala” ere, sailburuak adierazi duenez.

Euskotrenen lurrun-trenari eskainitako zigilua

‘Tren historikoak’ serieko zigiluak lurrun-trenaren irudia irudikatzen du, XX. mendearen hasierako garraioaren sinboloa; helburu turistiko eta didaktikoetarako martxan mantentzen du Euskotrenek. Urola bailara zeharkatzen duen tren-makinaren dotoretasuna jasotzen du diseinuak. Desagertu beharrean, Azpeitiaren bihotzean bizirik jarraitzen duen trenbidea dakar gogora. “Makina horietako batzuk zaharkituta badaude ere, trena ez da garraiobide zaharkitua, mugikortasun jasangarrirako, gizarte eta lurralde kohesiorako, eta garapen ekonomikorako ezinbestekoa baita”, esan du García Chuecak.

Filateliak Euskotrenen Trenbidearen Euskal Museoaren lana omentzen du. Bilduma hori Europako garrantzitsuenetarikoa da trenbideko material mota guztietan, tren-makinak, bagoiak, tranbiak eta trolebusak barne hartzen baititu.

Ekimenaren pieza nagusia Aurrera lokomotora da, 1892 eta 1898 artean eraikitako eta 1991n zaharberritutako azken serieko ale bat; lurrun-trenean Azpeitia eta Lasao artean egindako bidaiak irudikatzen ditu. Bidaia horiek benetako ikatz-lurrun makina batean denboran zehar bidaiatzeko aukera paregabea eskaintzen diete bisitariei.

Ibilbidean, Euskotrenen Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun-trenak bost kilometro egiten ditu Lasaoko geltoki bitxiraino. Bidaian zehar, Urola ibaia zeharkatzen du, garai hartako ingeniari gailenetako batek, José Eugenio Riberak, diseinatutako zubiaren bidez. Zubi hori duela ehun urte egin zen, garai hartan aitzindaria zen hormigoi armatuaren teknologiaren bidez. 225 metroko tuneletik igarotzeak denboran zeharreko bidaia oso bat egiten du, ehun urtetik gorako tren batean.

Azken hamar urteotan, 153.600 pertsonak baino gehiagok erabili dute lurrun-trenen zerbitzu erregularra. Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun-trenen zerbitzuak, gainera, zerbitzu bereziak ditu, bai asteburuko eskariak hala eskatzen badu, baita egun berezietan ere (Aste Santua, Konstituzioaren Zubia etab.). Gainera, museoa irekitzen den edozein egunetan kontrata daiteke tren historikoa taldeentzat (ikasleak, helduak eta tour-operadoreak, besteak beste). Azpeitiko instalazioek 26.175 bisitari izan zituzten 2024an.

Sugin-lanbideari eskainitako zigilua

Antzinako artisau-lanen artea eta trebetasuna gogora ekartzea du helburu ‘Antzinako Lanbideak’ sailaren barruan dagoen sugin-lanbideari eskainitako zigiluak.

Antzinako lurrunezko tren-makinetan, benetako potentzia ez zuen makinistak lortzen. Zeregin hori, gutxitan onartua, suginarena zen. Sugina izatea ez zen ikatz-palakadak sutara botatzea bakarrik. Zeregin horretan etengabe konbinatu behar zituen hainbat faktore, hala nola, tren-makinaren ezaugarri teknikoak, une horretan eramaten zuten trenaren pisua, zirkulatzen zuten ibilbidea, uraren maila edo erregaiaren kalitatea, une oro galdararen presioa ahalik eta gehien mantentzea lortzeko.

Azken batean, lan neketsua zen, eta arretarik handiena eskatzen zuen, edozein hutsegitek matxura edo potentzia-galera ekar baitzezakeen, eta, ondorioz, zerbitzua atzeratu. “Zigilu horrek balioa ematen die, beste lanbide askotan gertatzen den bezala, historiako liburuetan agertzen ez direnei eta beren lanbiderako funtsezkoak izan zirenei”, adierazi du Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.

Material filateliko hori guztia Correosen bulegoetan eros daiteke, Correos Marketen bitartez, atcliente.filatelia@correos.com helbidean Filatelia Zerbitzuarekin harremanetan jarrita edo 915 197 197 telefonora deituta.

‘Antzinako lanbideak. Sugina’ zigiluaren ezaugarri teknikoak

  • Igorpena: ANTZINAKO LANBIDEAK
  • Irudia: Sugina
  • Igorpen-data: 2025eko urriak 8
  • Inprimatze-prozedura: Offset
  • Papera: Iztukatua, gomaztatua, fosforeszentea
  • Zigiluaren tamaina: 49,9 x 33,2 mm
  • Paper-orriaren efektuak: 16-ko orria. Premium 5 zigilu + binetak
  • Zigiluen posta-balioa: 3 euro
  • Inprimaketa: 000 zigilu + 3.000 Premium

 ‘Tren Historikoak. Euskotrenen lurrun-trena’ zigiluaren ezaugarri teknikoak

  • Igorpena: TREN HISTORIKOAK
  • Irudia: Euskotrenen lurrun-trena
  • Igorpen-data: 2025eko irailak 26
  • Inprimatze-prozedura: Offset (+ foil Premiumen)
  • Papera: Iztukatua, gomaztatua, fosforeszentea
  • Zigiluaren tamaina: 74,6 x 28,8 mm (horizontala)
  • Paper-orriaren efektuak: 15 zigilu. Premium 6 zigilu
  • Zigiluaren posta-balioa: 3 euro
  • Inprimaketa: 72.000 zigilu + 3.000 Premium