- Turismo Mahaian, turismo-sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko aparteko zuzkidura berriaren ezaugarriak aurkeztu dira. Zuzkidura hori turismo-egonaldien gaineko zerga laster ezartzeari buruzko akordioaren ondorioz sortu da.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado Turismo Mahaiaren bileraren buru izan da gaur. Bertan, turismoaren sektorearekin zerikusia duten gaiak jorratu dira, hala nola egonaldi turistikoen gaineko zergari buruzko akordioaren ondoriozko aparteko zuzkidura edo Saila garatzen ari den Turismo Legea.
Mahaian izan dira aldundietako, euskal hiriburuetako udaletako eta Eudeleko ordezkariak, merkataritza-ganberetakoak, unibertsitatekoak eta turismo-eskoletakoak, ostatu-enpresetakoak eta ekitaldien antolakuntzako enpresetakoak, bidaia-agentzietakoak eta turismo-gidarietakoak, turismo aktiboko enpresetakoak, ostalaritza-elkarteetakoak, kontsumitzaileen elkarteetakoak eta sindikatuetakoak.
Sailburuak azaldu duenez, 2026ko aurrekontuetan «turismo-sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko zuzkidura» izeneko partida bat sartu da. Zuzkidura hori Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-egonaldien gaineko zerga laster abian jartzeko akordioaren emaitza da. Hasieran asmoa zen zergaren bilketaren zatirik handiena udalentzat banatzea eta beste zati bat sektorearentzat. Azkenik, zerga ezartzeko aukeratu den bidea foru-arau bidezko udal-zerga bat ezartzea izan da eta, beraz, bilketak % 100 udal-mailakoa izan behar du. “Horregatik, sektorera iritsi behar duela uste dugun portzentajea lortzeko, Ogasun eta Finantza Sailarekin ezohiko zuzkidura bat sortzea adostu dugu, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontuaren bidez kudeatuko dena. Zuzkidura hori 1,5 milioi eurokoa izango da lehen urtean, eta 2 milioikoa hurrengo ekitaldietan”.
Zuzkidura horren helburua da sektore turistikoaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzea hainbat programaren bitartez, baita urtaroen araberakoa ez den banaketa, fluxu-mugimendua, lurraldeen arteko oreka eta potentzial turistikoa duten helmugen garapena sustatzen dituzten proiektu eragileak bultzatzea ere. Horretarako, proiektu eta proposamen horiek izan behar dituzten ezaugarriak helarazi zaizkio turismo-mahaiari, egokiak ote diren eta sektorean duten eragina ebaluatzeko, eta 2026ko lehen hiruhilekoan hainbat proiektu aztertu ahal izateko.
Era berean, araudiaren garapenari buruz aztertutako gaien artean, Turismo Lege berria hartu dute ardatz. Lege horren aurreproiektua datozen asteetan hasiko da izapidetzen, entzunaldi publikoaren fasearekin. Turismo Lege berriak garai berrietara egokitzea eta erronka globalei aurre egitea bilatzen du, adibidez, jasangarritasun turistikoaren inguruko kontzientziazioa. Horretarako, 2016ko Legean jasotzen ez diren Turismoaren Kode Etikoa, adimen turistikoa eta turismo inklusibo eta irisgarria bezalako figurak txertatuko ditu.
Era berean, onartu berri diren araudietara egokituko da lege berria, hala nola 2023ko Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Araudira —zuzenean eragiten baitiote turismo-erabilerarako etxebizitzen eta gelen kontrolari—. Araudi horrek ikuskaritzaren eta zehapenaren optimizazioa jorratuko du, besteak beste.






