- Laugarren urtez jarraian “Christmas Hacking” egin da, etxeko txikienentzako jarduera gamifikatua, teknologien erabileran laguntzeko helburuarekin.
- 6 urtetik 12 urtera bitarteko 40 adingabek baino gehiagok parte hartu dute gaur Cybertzaintzak 42 Urduliz Bizkaiarekin batera antolatu duen familia-jarduera honetan.
- Jolasaren bidez, familiak kontzientziatu nahi dira zibersegurtasuneko errutina batzuk ezartzeko beharraz, etxeko hezkuntzaren parte gisa.
Olentzero eta Mari Domingi makurkeria digital batean jausi dira aurten ere, eta, horren ondorioz, mundua oparirik gabe gera daiteke. “Christmas Hacking» Cyberzaintza Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak antolatzen du Telefónica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako 42 Urduliz Bizkaia programazio-campusarekin batera, eta dagoeneko tradizio bihurtu da. Etxeko txikienei zuzendutako jardunaldiaren laugarren edizioa da aurtengoa. Gaur, 6 urtetik 12 urtera bitarteko adingabeak zibersegurtasunaren munduko espezialisten lekuan jarri dira, eta, gabonak salbatzeko, taldean lan egin dute Interneteko oinarrizko segurtasun-arau batzuk erlojupean ikasiz. Horrela, 40 adingabek baino gehiagok izan dute zibersegurtasuneko trebeziak erabiltzeko aukera.
Estíbaliz León 42 Urduliz Bizkaia Telefónica Fundazioaren zuzendariak “Christmas Hacking” jardunaldi honi buruz adierazi duenez, “gabonak une aproposa dira helduok gure adingabeengandik ikasteko. Beraz, aurten ere, jarduera horri esker, etxeko txikienek erakutsi digute pribatutasuna eta zibersegurtasuna erabat lotuta daudela eta ohitura berriak sor ditzakegula gure egunerokoan, hala nola, haien irudiak sare sozialetara igotzeko baimena eskatzea edo pantailekin une positiboak partekatzea”.
Haurrek beren trebetasun teknologikoak erabiltzen zituzten bitartean, familiakoek jardunbide digital egokiei buruzko hitzaldia jaso dute Euskadiko Cyberzaintzako taldearen eskutik, etxean zibersegurtasuna lantzeko baliabide praktikoekin.
Bertan zegoen Cyberzaintzako zuzendari nagusiak, Javier Diéguezek, familientzako horrelako kontzientziazio-ekimenen alde ona nabarmendu du, izan ere, “zibersegurtasuna etxeko eremu pribatura hurbiltzeko aukera ematen du, edozein pertsonak eskuratzeko moduan eta ezagutza tekniko handirik izan beharrik izan gabe”. Diéguezen hitzetan: “Zibersegurtasuna etxean landu behar da, etxean edo kalean kontuz ibiltzeko txikitatik irakasten den bezala. Bidea semaforoa berdean dagoenean eta bi aldeetara begiratuta gurutzatzen irakasten diegun bezala, garrantzitsua da pauta batzuk markatzea Interneten moldatzen ikas dezaten, bereziki gero eta konektatuagoa den gizarte batean”.
Gurasotasun digital positiboa
Ikerketa batzuek gomendatzen dute txikienak Internetera konektatutako gailuetara sarbidea izateko adina ahalik eta gehien atzeratzea, ziberarriskuekiko esposizioa gora egiten ari denez. Aldiz, adingabeak ingurune digitalarekin elkarreraginean heztea, eta bide horretan gidatzea eta laguntzea, familiako elkarrizketa eta konfiantza sustatuz, jardunbide egokia da, adin goiztiarrenetatik aplika daiteke, eta horri gurasotasun digital positiboa esaten zaio.
“Christmas Hacking” ekimenean, ziber munduko hasiberri horiek ikerketa digitaleko teknikak ikasten dituzte Mari Domingi eta Olentzero eraso informatiko batetik erreskatatzeko. Haien adinera egokitutako dinamiken bidez, mehatxu digital nagusiak identifikatzen eta zibersegurtasuneko oinarrizko trebetasunak garatzen ikasten dute, entretenimenduzko goiz bat igarotzen duten bitartean.
Estíbaliz Leónek azaldu duen bezala, “jolas-jarduera familiar honen bidez, parte hartzen duten haurrek Interneten segurtasunez nabigatzen ikas dezaten bilatzen dugu, bideojokoetan jokatzen dutenean edozein estekatan klik ez egiteko, pasahitz seguruak zein diren jakiteko eta webgune bat nola enkriptatu jakiteko”.
Laburbilduta, ekimenak esperientzia gamifikatu bat proposatzen du, eta bertan etxeko txikiek hainbat kontzeptu ikasten dituzte, hala nola pasahitz seguruak sortzea, informazio sentikorrik ez ematea sare sozialen bidez, segurtasuna zaintzea Interneten nabigatzeko orduan eta kontuz ibiltzea pop-up eta estekekin.
Javier Diéguezek erantsi du “zibersegurtasuna gai globala da, eta denoi eragiten digu, gure adina edo prestakuntza edozein dela ere. Horregatik da hain garrantzitsua herritarrak gaitzea eta kontzientziatzea. Etxetik Interneten kontuz ibiltzeko gutxieneko neurri batuk transmititzeak eta sustatzeak arriskua murrizten du eta adingabeei epe luzera autonomia ematen die. Garrantzitsuena da mehatxuak ikusten ikastea eta Interneteko ziberjazarpen edo iruzur egoeretan jarduten ikastea, ohikoenak aipatzearren. Adingabeak kolektiborik zaurgarrienetako bat dira, eta zibersegurtasunean eskain diezazkiekegun jardunbide egokiak eman diezaiekegun babesaren oinarria dira. Gure seme-alabek, pantaila baten aurrean jartzen ditugun une beretik, euren adinerako eta autonomia-mailarako egokiak diren erabilera-arauak ulertu behar dituzte”.
Konektatutako gailua adin goiztiarretan gainbegiratzea
2025eko urrian argitaratutako EUSTATen azken datuen arabera, Euskadin 15 urteko edo gehiagoko biztanleen % 89,7 konektatu da Internetera bere bizitzako arloren batean, eta, zehazki, 15-24 urteko tartean zifra ia osoa da. Egia esan, etxean edo ikastetxeetan, adingabeak gero eta adin goiztiarragoetan sartzen dira Internetera konektatutako gailuetara. Horregatik, Diéguezen arabera, “ezinbestekoa da adingabeen arduradunek gailuaren erabilera gainbegiratzea, Internetera konektatuta badago. Askotan, mugikorra adingabeen eskuetan uzten dugu entretenitu daitezen, eta ez gara ohartzen ustekabeko egoeren eraginpean jar ditzakegula, eta izan daiteke adin horietarako eduki desegokia duten “pop-up” banner bat edo sartzen den testu-mezu bateko esteka bat. Gaur egun badira eduki jakin batzuk eta kontaktua mugatzen edo pantailako denbora kontrolatzen laguntzen duten baliabideak eta aplikazioak”.
Familiak dira babesaren lehen lerroa
“Christmas Hacking” jardueraren formatuaren helburua kontzientziazioa da, entretenimenduaren ikuspegia galdu gabe. Horrela, haurrak talde-lanean ari ziren bitartean hackerrak Olentzerori eta Mari Domingiri jaiak hondatzeko egiten zituen ahaleginak zapuzteko, helduek familiako zibersegurtasunari buruzko hitzaldia jaso dute, eta bertan funtsezko hainbat gai jorratu dira, hala nola gurasoen kontrola, online arriskuak detektatzea eta adingabeekin euren jarduera digitalari buruzko elkarrizketa irekia izatearen garrantzia.
“Familiak dira ingurune digitaleko lehen babes-lerroa. Hitzaldi hauen helburua da pertsona helduak ahalduntzea seme-alabak online arriskuetatik babestu ahal izateko, eta, aldi berean, teknologia modu arduratsu eta positiboan aprobetxatzen erakusteko”, nabarmendu du Javier Diéguezek. Azken batean, zibersegurtasuna erronka bat da herritar guztientzat, helduentzat nahiz haurrentzat, eta honako hau erantsi du, beraz: “jardunaldi honek aukera ematen digu adingabeei zein helduei helarazteko zibersegurtasuna denon erantzukizun partekatua dela”.
Honelako ekimenen bidez, Cyberzaintzak herritarrak zibersegurtasunean trebatzeko eta kontzientziatzeko konpromisoa indartzen du. “Christmas Hacking» jarduera oso garai jakinean egiten bada ere, ikastetxeetako IGEen eta hezitzaileen eskutik beste hainbat jarduera planifikatu ere garatzen dira urtean zehar.






