-
Sariaren helburua jarduera zientifikoa sustatzea eta aintzatestea da.
-
Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 2025eko Ikerkuntzako Euskadi Sariaren deialdia egin du, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitatean, arlo horretan EAEn egiten den jarduera zientifikoa sustatzeko eta aitortzeko. Sari hau deitzen duen agindua gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gaurtik hasita.
Ikerkuntzako Euskadi Saria, Sailak urtero antolatzen duen saria da, jarduera zientifikoa bultzatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko edo erkidegotik kanpoko ikertzaileen eta talde kualifikatuen ahaleginak sustatu eta balioesteko, beti ere, horien lanak Euskadin eragin positibo nabarmena izan badu.
Lehiaketa hau bi urtez behin txandakatzen da. Honela, urte bikoitietan, gaia Zientzia eta Teknologiari buruzkoa da, eta urte bakoitietan -2025ean bezala- Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoa. Zientzia eta Teknologia modalitatean honako arlo hauek sartzen dira: Oinarrizko Zientziak, Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak, Teknologiak eta Arkitektura. Bestalde, Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak Zientzia Sozio-ekonomiko, Juridiko eta Humanitateen arloak hartzen ditu.
Ikerkuntzako Euskadi Sariak 42.000 euroko diru-zuzkidura du, eta doktore-titulua duten ikertzaileek jaso ahal izango dute. Gainera, hautagaiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agente gisa egiaztatutako ikerketa-zentro bateko kide izan edo zentro batera atxikitua egon beharko du, eta doktoretza lortu ondoren, gutxienez hamabi urtez Euskadin egin behar izan du bere karrera zientifikoa.
Ikerbasquek berak kontratatutako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikastetxeren bati atxikitako fundazioko irakasleen hautagaitzak ere onartuko dira. Erakunde zientifikoek, beste ikertzaile batzuek edo hautagaiak berak aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak.
Euskadi Ikerketa Saria jaso duten azken bi ikerlariak honako hauek izan dira. 2024an José Antonio Lozano, EHUko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko katedraduna eta BCAMeko zuzendari zientifikoa, Zientzia eta Teknologia modalitatean izan zen saritua adimen artifizialean eta datu-zientzian egindako ekarpenengatik. Eta aurreko edizioan, Joaquín Gorrochategui, EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun emeritua, Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan hizkuntzalaritza historikoaren eta antzinako hizkuntzen azterketan egindako ibilbide nabarmenagatik saritua.






