- Lehenengo probak otsailaren 7an egingo dira BEC-en
Segurtasun Sailak beste LEP bat iragarri zuen azaroaren 25ean Ertzaintzan, Euskal Poliziaren seigarren deialdian oinarrizko eskalako agenteentzako eskaintzen ziren 473 plazak betetzeko. Guztira, LEP berri honetan 150 plaza eskaintzen dira, eta kopuru hori handitu ahal izango da 2025eko martxoaren 6ko deialdian betetzen ez diren 473 plazak bete arte. Une honetan amaitu gabe dago prozesu hori.
Joan den abenduaren 23an amaitu zen Ertzaintzaren 35. promozioko LEPrako izena emateko epea, eta guztira 3.764 pertsonak eman dute izena; horietatik 2.383 gizonak dira eta 1.381 emakumeak. Pertsonen % 71,7k 18 eta 30 urte bitartean ditu, % 26k 31 eta 38 urte bitartean eta % 2k 38 urte baino gehiago. Izena eman dutenen % 61,4 Bizkaikoak dira, % 19,5 Gipuzkoakoak eta % 12,6 Arabakoak. Gainerakoak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi dira.
Euskarari dagokionez, izena eman dutenen % 55,8k B2 egiaztatu dute, % 12,4k C1, % 6,9k B1 eta % 0,16k C2.
Sarbide-probak
Lehenengo hautaprobak Bilbao Exhibition Centerren egingo dira datorren otsailaren 7an. Ertzaintzako 35. promozioko agenteak hautatzeko prozesuak, oposizio-fasean, lau fase izango ditu, guztiak derrigorrezkoak eta baztertzaileak:
- Proba psikoteknikoa, adimen-gaitasunak ebaluatzeko.
- Ezagutza-proba (test erakoa).
- Proba psikoteknikoa
- Gaitasun fisikoaren proba.
- Elkarrizketa pertsonala.
Gainera, lehiaketa-fasean, hainbat merezimendu baloratuko dira, oinarrietan ezarritakoaren arabera; besteak beste, frantseseko, ingeleseko eta alemanierako hizkuntza-trebetasunak, titulazio eta diploma ofizialak edo Euskal Poliziaren oinarrizko eskalako agente gisa emandako zerbitzuak.
Oposizioaren fase guztiak gainditu eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen diren pertsonak praktiketako funtzionario izendatuko dira, eta prestakuntza-ikastaroa Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dute, eta, ondoren, praktikaldia dagokien ertzain-etxeetan. Ertzaintzako funtzionario izateko, izangaiek gainditu egin behar dituzte bai Arkauteko prestakuntza-ikastaroa, bai ikastetxetik igaro ondoren sartzen diren unitateko praktika-prozesua.





