- Garatutako jarduketek prozedurak arintzea, administrazio-kargak murriztea eta erantzun-epeak laburtzea ahalbidetzen dute, araudia argituz, administrazioen arteko elkarreragingarritasuna sustatuz eta komunikazio ulerterrazagoa eta eskuragarriagoa eginez
- Euskal herritarrek gehien eskatzen dituzten zerbitzuetako hiru
— BetiOn, Ematzipa eta Gizarte Bonu Termikoa— % 80 murriztu da, batez beste, eskaera egiteko erabilitako denbora
Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten du herritarren eta Administrazioaren arteko harremana hobetzeko bidean, izapidetze-denborak murriztera, administrazio-prozesuak sinplifikatzera eta zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztera bideratutako jarduketen bidez. Neurriek administrazioa modernizatzeko eta herritarrentzako arreta etengabe hobetzeko estrategia zabalago baten barruan daude.
Dagoeneko hobekuntzak sartzen ari diren ekimenen artean, nabarmentzekoak dira BetiOn telelaguntza-programa, Emantzipa gazteen emantzipaziorako laguntza eta gizarte-bonu termikoa. Horiek guztiak nabarmen murriztu dira kudeaketa-denboran eta herritarrei eskatutako ahaleginean.
Horrela, BetiOn telelaguntza-programan, adineko pertsonei eta mendekotasun-egoeran daudenei zuzendutakoan, neurriak ezartzen ari dira eskatzaileak ematen duen denbora % 94ra arte murrizteko, dokumentuen eskakizuna % 28 murrizteko eta txosten mediko eta sozialak lortzeko aukera automatizatzeko.
Emantzipa laguntzak, gazteen emantzipazioa babestera bideratuak, elkarreragingarritasun-zerbitzuak eskaintzen ditu, erregistro publikoetatik datorren dokumentazioa aurkeztea saihesteko. Horri esker, eskaera egiteko prozesua % 86 murriztu da, eta eskatutako dokumentazioa % 37.
Gizarte-bonu termikoaren kasuan, jarduketen ardatza da zerbitzuaren digitalizaziorantz aurrera egitea, laguntzaren kalkulua automatizatzea eta herritarrei zuzendutako komunikazioen argitasuna hobetzea. Helburua da prozesua errazago ulertzea, akatsak murriztea eta onuradun askori iristen zaien laguntza baten kudeaketa arintzea. Erabiltzaileak emandako denbora % 61 murriztu da, eta eskatutako dokumentuen kopurua % 50.
Bestalde, Gaztelagun programak, gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak, paperezko dokumentazioaren erabilera ezabatzeko, bankuen eta zergen arteko elkarreragingarritasuna indartzeko eta barne-zereginak automatizatzeko neurriak hartzen ari da.
Elkarreragingarritasuna ardatz estrategiko gisa
Jarduketa horiek guztiek elementu komun bat dute: elkarreragingarritasuna bultzatzea, funtsezko tresna baita izapidetze-denborak murrizteko eta pertsonengan zentratutako administrazio eraginkorrago batean aurrera egiteko. Administrazioen arteko datu-trukeak herritarrek eman beharreko dokumentazioa murriztea eta izapidetzeko eta erantzuteko epeak arintzea ahalbidetzen du, zerbitzu publikoaren kalitatea hobetuz.
Jardunbide Egokien Gida, jarduteko esparru komun gisa
Jardunbide Egokien Gidak jarduteko esparru komun bat ezarriko du prozedura sinpleagoak, ulergarriagoak eta efizienteagoak sustatzeko, arreta pertsonen benetako beharretan jarriz eta administrazio-izapideetan beharrezkoak ez diren oztopoak kenduz.
Esparrua herritarrek gehien eskatzen dituzten izapideetako lau sinplifikatzeko esperientziatik sortu da, eta lau ardatzetan oinarritzen da: araudia sinplifikatzea, prozesuak eta izapideak optimizatzea, webgunearen eta ohiko galderen bidez informazio argia eta eskuragarria eskaintzea, eta komunikazio argia eta eraginkorra.
Jardunbide Egokien Gida honekin eta lotutako jarduerekin, Eusko Jaurlaritzak Administrazio arinago, hurbilago eta pertsonei bideratuago batekin duen konpromisoa indartzen du, zerbitzu publikoen etengabeko hobekuntzan oinarrituta.





