Zarauzko Modelo Aretoko programazioa kalean da

0

Kalean da 2026ko lehen sei hilabetekoari dagokion Modelo Aretoko programazioa. Ohi bezala, antzerkia, musika, dantza eta emanaldi familiarrak izango dira ikusgai. Sanz Enea liburutegian, bestalde, solasaldiak, tailerrak eta emanaldiak aurreikusten dira.

Sarrerak salgai urtarrilaren 2tik aurrera

Modelo Aretoko emanaldiei dagozkien sarrerak, ohi bezala, leihatilan bertan edo online erosteko aukera izango da, baina zenbait aldaketa aurreikusi dira datorren denboraldirako, sarrerak erosteko aukera berdintasuna bermatzeko.

Ikus-entzuleei ahalik eta aukera handiena eskaintzeko helburuarekin, bi epetan egingo da salmenta:

  • Urtarrilak 2, 19:00etatik aurrera: urtarril, otsail eta martxoko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai.
  • Apirilak 10, 19:00etatik aurrera: apiril eta maiatzeko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai.

Aldi berean jarriko dira salgai leihatilan zein online (tickets.kutxabank.es plataforma). Aretoaren edukieraren % 50a Kutxa sarreren plataformaren bidez jarriko dira salgai, eta gainerako % 50a leihatilan salduko dira. Horrela, bertaratzen direnek eta etxetik erosten dutenek aukera berdinak izango dituzte. Bestalde, pertsona bakoitzak eros dezakeen sarrera kopurua mugatuko da, eta gehienez 4 sarrera erosi ahal izango dira.

Modelo Aretoko txarteldegia zinema saioak hasi baino 45 minutu lehenago egongo da zabalik, eta emanaldietarako sarrerak erosteko aukera izango da.

Askotariko emanaldiak

Urtarrila ANTZERKIArekin hasiko dugu. Helduentzat, bi emanaldi izango dira, bata gaztelaniaz, eta bestea, euskaraz. Feriantes antzezlanarekin, barrakei, tiobiboei eta horien bidez ilusioa zabaltzen duten langileei omenaldia egin nahi die El Patio Teatrok. Emanaldi hau gaztelaniaz izango da. Urtarrilaren 23an, aldiz, Desobedienteak 18/98 antzezlana eskainiko du Tanttaka Teatroak, 18/98 sumarioa eta desobedientzia zibila ardatz dituena. Martxoan, Metrokoadroka konpainiak Bi baso bat ur antzezlana estreinatuko du, tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo dena.

Egungo emakumezko ahots esanguratsuenetako bat izango dugu MUSIKAren arloan Zarautzen. Olaia Intziartek Zerrautsa disko berria aurkeztuko du otsailaren 20an.

DANTZA Osa+Mujika konpainiaren Lana ikuskizunaren bidez iritsiko zaigu apirilaren 24an, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bueltan. Lanaren inguruko hausnarketa planteatzen digu konpainiak arrakasta handia izan duen lan honen bidez.

Musika, antzerki zein dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

HAURRENTZAKO ANTZERKIAk ere izango du bere lekua, ohi bezala. Urtarrilean, Nire beldurrik maiteenak antzezlanaren bidez, beldurren inguruan arituko da Producciones Maestras konpainia nafarra. Otsailean, Marie de Jongh konpainiaren azken lana izango dugu ikusgai: Kimu, natura eta irudimena nahasten dituena. Martxoko eskaintza Markeliñe konpainiaren eskutik iritsiko zaigu, Hodei guztien gainetik lanarekin. Apirilean familia osoari zuzendutako Xomorrotxoak antzezlana aurkeztuko du Spasmo Teatrok. Keinu bidezko umorezko emanaldia izango da. Azkenik, maiatzean, Literaturia jaialdiaren baitan, ikuskizun berezi bat izango dugu, Klera izenekoa. Kukai dantza konpainiaren ideia batetik abiatuta, lengoaia artistiko desberdinak uztartzen dira lan honetan.

Haurrentzako emanaldiak 16:45ean hasiko dira.

Erakusketak

Sanz Eneako ERAKUSGELAK egunero egongo dira zabalik 18:00-20:00 ordutegian eta hauek dira ikusgai izango ditugun erakusketak:

  • Urtarrilaren 25era arte. XXXIII. RAMON IGNACIO SERRAS Zarauzko Nazioarteko Argazki Mostra.
  • Otsailak 5 – martxoak 22. Iban Illarramendi. Ilustrazioa eta diseinua.
  • Martxoak 31 – maiatzak 24. Arte Ederrak. Leioako Arte Ederretako fakultateko ikasleen lanak

Torre Luzeako erakusgela asteartetik igandera zabalduko da 18:00-20:00 ordutegian eta erakusketak hauek izango dira:

  • Otsailak 26 – martxoak 22. Artezaleak. Pintura tailerra.
  • Martxoak 31 – maiatzak 24. Argazki bilera. Photomuseum.
  • Maiatzak 29 – ekainak 28. Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa.

Liburutegia

Liburutegian zenbait nobedade eta ekimen berri izango dira denboraldi honetan. Apirilaren 29an, Mikroipuinak tailerra eskainiko du Idoia Torregaraik.

Beste zenbait ekimen ere antolatu ditu liburutegiak, bestelako gaiak landuz:

  • Tailer berritzailea. 8-10 urteko haurrentzat. Ipuin klasikoak birmoldatzeko jolasa.
  • Irakurerraztasun taldea. Euskaraz irakurtzeko zailtasunak gainditzeko.
  • Zientzia tailerra. 8-10 urteko haurrentzat. Ingeniaritzari lotutako tailerra.

Jarduera guztietarako izena eman behar da liburutegian.

Bestalde, ohiko diren irakurle taldeak elkartuko dira solasaldietan, euskaraz Nerea Loiolaren gidaritzapean eta gaztelaniaz eta ingelesez berriz Slawka Grabowskaren gidaritzapean. Bestalde, txikienentzat ere irakurketa txokoa egongo da Gurasoak ere ipuin kontalari saioekin.