Osakidetzak odola emateko deia egin du, Gabonetako jaietan erreserben mailak jaitsi direlako eta gripea aurreratu delako

0
  • Abenduan gripe-jarduerak goia jo duenez, aurreko kanpainetan baino lehenago, beste urte batzuetan baino odol gutxiago eman da
  • Euskadin beharrezkoa da egunean 400 odol-emate inguru jasotzea, tratamenduak eta osasun-jarduera bermatu ahal izateko
  • 2025ean, 46.418 herritarrek eman zuten odola, Osakidetzak hiru lurraldeetan banatuta dituen puntu finko edo mugikorretako batean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei dei egiten diete odola eman dezaten; izan ere, Gabonetako jaien ondoren ohikoa denez, erreserba-mailak nabarmen jaitsi dira. Aurten, gainera, abenduan griperen jarduerak goia jo du, epidemia aurreratzearen ondorioz. Hori dela-eta, gaixo egon diren askok ezin izan dute odolik eman hilabete osoan eta urtarrilaren hasieran, eta, beraz, aurreko urteetan baino behar handiagoa dago. Erreserbak baxu daude odol-talde guztietan.

Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gogorarazten du odola ematea dela oraindik ere transfusiorako edo plasmatik eratorritako medikamentuak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, ezinbestekoak jarduera sanitarioan. Horrexegatik laguntza eskatzen dute, bai behin edo behin odola eman duten pertsonena, bai eta urratsa ematekotan egon diren baina oraindik egin ez dutenena ere. “Eguberri hauetan aste barruko jaiegun asko izan ditugunez, eta asteotan gripe-jarduera nabarmena izan dugunez, erreserbak ohiko balioen oso azpitik daude, eta egunero 400 odol-emate inguru behar ditugu Euskadin», azaldu dute TGEEZ zentroan.

Odola emateko baldintzak eta lekuak

Gogoan izan behar da odola emateko baldintzak hauek direla: 18 eta 65 urte bitartean izatea, osasun-egoera onean egotea (arnasbideetako birusen bat izan dutenek 15 egun itxaron behar dute) eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko puntu finkoak eta hiru lurraldeetan banatutako unitate mugikorrak, bai eta haien ordutegiak ere, etengabe eguneratzen dira webgune honetan: https://donantesdesangre.eus/eu edo Euskadiko Odol Emaileak-eko sare sozialetan (@donantesangreuskadi).

2025ean, 79.000 odol-emate baino gehiago

Iaz, 46.418 emailek 79.107 odol-emate egin zituzten Euskadin, gehienak erregulartasunez (urtean bitan edo gehiagotan) ematen dute odola. Hala ere, nabarmentzekoa da 6.599 emaile berri egon zirela. Izan ere, 68.415 globulu gorri kontzentratu eta 11.504 plaketa-dosi lortu ziren, eta 22.224 plasma-litro immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albuminak eta abar prestatzeko erabili ziren.

Donazio bakoitzak beharra duten pertsona askori lagun diezaieke; izan ere, odola hainbat osagaitan banatzen da premia medikoei erantzuteko: tratamendu onkologiko, ebakuntza eta larrialdietarako edota paziente akutu eta kronikoentzako medikamentuak egiteko.  Guztira, 82.000 osagairen transfusioa egin zen, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik osasun-zentroetara banatuta, pazienteen bizitza salbatzen edo haien osasuna hobetzen laguntzeko.