- Xedea da ur-emakiden titularren urteko izapidea arintzea, ingurunetik hartutako uraren berri ematean
- Autolikidazioa aurkezteko betebeharrak emakidaren titularraren erantzukizuna izaten jarraitzen du, baina prozesua errazten da eta gardentasuna eta erabiltzaileekiko lankidetza indartzen dira
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailera atxikitako URA-Uraren Euskal Agentzia uraren kanonaren autolikidazio-proposamenak bidaltzen hasiko da, erabiltzaileei izapidea errazteko, administrazio-lana sinplifikatzeko eta erabiltzailearen esperientzia hobetzeko. Ekimen horri esker, emakiden titularrek autolikidazio-proposamen pertsonalizatua jaso ahal izango dute, uraren kudeaketa jasangarrirako urteko funtsezko izapide bat arindu eta argituz.
Uraren kanona Euskal Autonomia Erkidegoan ur-bilketak egiten dituzten erabiltzaileek ordaindu behar duten ingurumen-zerga bat da. Helburua da uraren erabilera arduratsua sustatzea eta uretako ekosistemak babesteko eta hobetzeko jarduerak finantzatzen laguntzea.
Orain arte, kanonaren autolikidazioak eskatzen zuen erabiltzaile bakoitzak bere aprobetxamenduei buruzko informazioa biltzea, instalatutako kontagailuen irakurketak aurkeztea, kendutako bolumena eta dagokion zenbatekoa kalkulatzea, eta dokumentazioa URAri aurkeztea.
Sistema berriarekin, URAk beste urrats bat eman du digitalizazioan eta administrazioaren proaktibitatean: erabiltzaileek autolikidazio-proposamen bat jasoko dute, errenta-aitorpenaren zirriborroaren antzekoa, eta onartu, osatu edo zuzendu ahal izango dute, egoeraren arabera.
«Erabiltzaileentzat administrazioarekiko harremana errazagoa, argiagoa eta arinagoa izatea nahi dugu. Autolikidazio-proposamenak izapideak murrizten ditu, akatsak saihesten ditu eta denbora aurrezten du, erabiltzaile-esperientzia gure kudeaketaren erdigunean kokatuz», adierazi du URAk.
Sistemak honela funtzionatuko du:
URAk beharrezko datu guztiak baditu (erabiltzaileak bidalitako kontagailuen irakurketak barne), URAk proposamen oso bat bidaliko du. Titularrak onartu eta ordainketa egin ahal izango du, edo errefusatu eta bere autolikidazioa aurkeztu, akatsen bat antzematen badu.
Urtearen azken irakurketa falta bada, URAk proposamen ia oso bat bidaliko du, eta erabiltzaileak datu horrekin soilik osatu beharko du izapidea amaitu aurretik.
Autolikidazioa aurkezteko betebeharrak emakidaren titularraren erantzukizuna izaten jarraitzen du, baina URAk prozesua errazten du eta gardentasuna eta erabiltzaileekiko lankidetza indartzen ditu.






