Aratusteei hasiera emateko egunak kontatzen ditu Bilbok. Aurten, otsailaren 12tik 17ra bitartean izango da ospakizuna, eta hitzordua are gertuago senti dezatela, Uriak herritarrak gonbidatu ditu horren kartel iragarlearen aukeraketan parte hartzera.
Udalak Kartel Lehiaketako sei diseinu finalisten berri eman du gaur goizean; jaietako ekitaldia iragarriko duen irudia izateko lehian daudenak, hain zuzen ere.
Urtarrilaren 12tik 18ra bitartean, herritarrek euren proposamenik gogokoena bozkatu ahal izango dute, bai bertatik bertara Abandoko Udaltegian (Barrainkua kalea, 5), bai online, Udalaren webgunearen bidez, www.bilbao.eus-en. Gainera, berrikuntza gisa, aurten herritarren bozketaren pisua (telematikoa eta aurrez aurre) handiagoa izango da (%35 kasu bakoitzean) epaimahaiaren botoarena baino (%30).
6 kartel finalistak honako hauek dira:
1. BILBAO SE DISFRAZA
2. LA SARDINA GONDOLERA
3. EL CARNAVAL CAMINA HACÍA BILBAO
4. BILBAO COLORIDO
5. DENA PREST! – ¡TODO LISTO!
6. ARATUSTE DANTZARIAK
Hala erabaki du epaimahaiak. Hauek dira kideak: Itziar Urtasun Jaietako Batzorde Mistoko presidente eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia, Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziak, Bilboko Konpartsen ordezkaria, Alicia Fernandez Rekalde Aretoaren zuzendaria, Julia Dieguez Deusto Bizirik Elkartearen presidentea, Roberto Forcen kazetaria eta Alex Hernandez antzerki sortzailea. Era berean, epaimahaiak Adimen Artifizialaren erabileraren aholkularitza izan du, Borka Sanz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen doktore arduraduna.
Obra finalisten hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu bai kartela egiteko orduan erakutsitako kalitate teknikoa bai gaien barietatea. Kartel horiek 91 lanen artean hautatu dituzte. Jatorriari dagokionez, 14 Bilbokoak dira, 28 Euskadikoak, 41 Estatukoak eta 8 beste herrialdetakoak.
BOTOA EMATEKO EPEAK ETA SISTEMA
Herritarrek kartel irabazlea hautatzen parte hartu ahal izango dute. Botoa urtarrilaren 12tik 18ra eman ahal izango dute herritarrek, bi modutan:
- Bertatik bertara, Abandoko udaltegira (Barrainkua kalea, 5) joanda. Udaltegian, izan ere, kartel finalistak erakusgai egongo dira, harik eta hautaketa amaitu arte. Parte hartzeko ordutegia, berriz, hau izango da: astelehenetik barikura, 8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 21:30era.
- Online, Bilboko Udalaren webgunearen bidez .
Botoa emateko, nortasuna egiaztatzen duen agiriren bat aurkeztu beharko da, hala nola NANa, gidatzeko baimena edo antzekoren bat.
Epaimahaiak ere egingo du bozketa. Hiru bozketak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartela hautatuko da. Aurten, herri-bozketak bere pisua handituko du eta azken erabakiaren %70 izango da, online emandako botoak (%35) eta aurrez aurrekoak (%35) batuta.
Obra irabazlearen egileak 2.000 euroko saria jasoko du, eta urtarrilaren 21ean aurkeztuko da obra prentsaurreko batean, Bilboko Udaletxean.






