- Gripearen ondoriozko ospitalizazioen kopurua Osakidetzan % 31,78 jaitsi da aurreko astearekin alderatuta, eta 161 izatera iritsi da, hau da, 2024an aldi horretan izandako kasuen erdia inguru
- Euskadin, gripearen intzidentzia 774,49 kasukoa da 100.000 biztanleko, abenduko maximoetatik urrun, beraz
Osasun Sailak eta Osakidetzak ikusi dute joan den astean (urtarrilaren 5etik 11ra) gripearen ondorioz izandako ospitalizazioen kopurua nabarmen jaitsi dela. Hartara, guztira 161 ingresu izan dira Osakidetzako ospitale-sarean, eta aurreko astean, berriz, 236 ingresu izan ziren, hau da, ospitalizazioak % 31,78 jaitsi dira. Aldi berean, 1.160 gripe-kasu detektatu ziren Euskadin, eta, beraz, beherakada txiki bat izan da aurreko asteekin alderatuta, baina aurreko urtean data horietan erregistratutako kasuen erdia baino gutxiago dira. ZIUn 6 ingresu soilik egon dira.
Kanpaina hasi zenetik, 17.465 gripe-kasu erregistratu dira guztira, 2.274 ospitalizazio eta ZIUko 74 ingresu.
Euskadin, gripearen intzidentzia 774,49koa da 100.000 biztanleko, hots, % 7,42ko hazkundea izan da aurreko asteekin alderatuta. Datu metatua izanik, gripearen hedapena moteldu egin dela ondorioztatzen da. Lurralde historikoka, Arabak du oraindik intzidentziarik handiena, 100.000 biztanleko 895,19 kasurekin; ondoren Bizkaiak (781,89 kasu), eta azkenik Gipuzkoak (713,57).
Aztertutako datuak eta datu horiek erakusten duten joera ikusita, gripeak Euskadiko biztanlerian duen intzidentzia pixkanaka jaisten ari da.
Gripearen aurkako txertaketa-kanpainaren datuak
Gripearen eta COVIDaren aurkako 2025eko txertaketa-kanpainan, dosi kopurua % 11,1 igo da, batez beste, 2024ko kanpainako aldi berarekin alderatuta.
Orain arte, gripearen aurkako 590.495 dosi eta COVIDaren aurkako 300.900 dosi eman dira. Euskadin biztanleriaren % 26,7ko estaldura lortu da, eta 60 urtetik gorakoen artean, berriz, % 56,8koa.
Egoitzetan bizi diren pertsonen artean, gripearen txertoaren estaldura % 84,3koa da, eta COVIDaren txertoarena, berriz, % 72,5ekoa.
6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurren adin-tartean, gripearen aurkako txertaketari dagokionez, 28.525 haur txertatu dira, hau da, talde horren % 43,5.
Emakume haurdunen kasuan, gripearen aurkako txertaketa % 56,1era iritsi da, 2024ko kanpainan baino % 4 gehiago, alegia.
Gainera, Osasun Saila lanean ari da gripearen Euskadiko hurrengo txertaketa-kanpaina herritar guztiei zabaltzeko, mugarik gabe eta aurretiko hitzordurik gabe.Horretarako, gripearen hurrengo kanpainan hitzordurik gabeko txertaketa-puntuak jartzea aurreikusten da. Hartara, arreta biztanleria kalteberengan jartzeaz gain, herritar guztiei txertaketa erraztu nahi zaie.
Kanpaina honetara arte, txertaketa etapaka egin izan da, lehenik xede-populazioari emanez (hala nola 60 urtetik gorakoei, gaixo kronikoei, haurdun dauden emakumeei eta 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei), eta gainerako populazioari gero emanez.






