Euskadin % 12 jaitsi da depresioagatik diagnostikatutako pertsonen kopurua, baina intzidentzia handiko gaixotasuna da oraindik ere

0

– URTARRILAREN 13A, DEPRESIOAREN AURKAKO MUNDUKO EGUNA-

  • Ia 20.000 pertsona bizi dira gaixotasun horrekin, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak berretsi nahi dute hartutako konpromisoa, kalitatezko eta herritarren beharretara egokitutako arretaren alde egiteko
  • Euskadi arreta psikiatrikoaren buruan dago, 15 psikiatra baitaude bertan 100.000 biztanleko; Estatuko batez bestekoa, aldiz, 9,27 psikiatrakoa da
  • Lehen Mailako Arretan, osasun mentaleko zerbitzu eta sareekin lankidetzan, ari dira probatzen nahasmendu hori tratatzeko online
    esku-hartze bat

Guztira, Osakidetzak 3.434 pertsonari diagnostikatu zien depresioa Euskadin 2025ean, aurreko urtean baino % 12 gutxiago. Datuak behera egin duen arren, oraindik ere gizartean eragin handia duen gaixotasuna da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute gaur, urtarrilaren 13an, ospatzen den Depresioaren Aurkako Munduko Egunarekin, eta osasun mentalaren kalitatezko arreta eskaintzeko eta herritarren beharretara egokitzeko konpromisoa agertu du.

Depresio terminoaren barruan hainbat nahasmendu mental biltzen dira, hala nola depresio handia, distimia (intentsitate txikiagoko nahasmendua, baina sintoma luzeagoekin) eta beste nahasmendu depresibo batzuk. Oro har, depresioa ohiko buru-nahasmendutzat hartzen da, eta biztanleriaren ehuneko handi bati eragiten dio. Prebalentzia % 10 ingurukoa da munduan, nahiz eta gurean datua pixka bat beherago dagoen.  Gainera, badago gaixotasun larri bat, nahasmendu bipolarra, zeinetan gaixoek depresio-faseak izaten dituzten eta tratamendu espezializatua behar izaten duten.

Osakidetzan, Lehen Mailako Arretaren bidez artatzen dira depresio-episodio gehienak (% 55 inguru), eta aplikatutako tratamenduari erantzuten ez diotenean, arreta espezializatuaren bidez ere; oro har, osasun mentaleko zentroetan. Zentro horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mentaleko sareetan integratuta daude, eta, bertan, pazienteek diziplina anitzeko talde baten arreta jasotzen dute; hain zuzen ere, psikiatraz, psikologo klinikoz eta osasun mentaleko erizainez osatutako taldeek artatzen baitituzte. Era berean, kasu larrienak ospitale batera bidera daitezke, ospitalizazioa baloratzeko edo prebenitzeko.

Gaur egun, gaixotasun horren prebalentzia 19.929 pertsonakoa da Euskadin. Lurraldeka, 2.288 kasu daude Araban, 10.005 Bizkaian eta 6.622 Gipuzkoan. Kasuen % 65 emakumeak dira, batez ere 46 eta 75 urte bitartekoak.  Diagnostikatutako kasuei dagokienez, 2025ean, 3.434 kasu berri antzeman ziren EAEn (391 Araban, 2.035 Bizkaian eta 1.004 Gipuzkoan); 2024an, berriz, 3.898. Kasu berrien % 60 baino gehiago emakumeenak izan ziren; horiek ere, 46 eta 75 urte bitarteko adin-tartekoak.

Praktika berritzaileak

Nabarmentzekoa da kasu horiei guztiei behar bezala heltzeko, Osakidetzako osasun mentaleko sarean 1.600 profesionalek egiten dutela lan —bostetik bat, psikiatriako espezialistak—. Izan ere, Euskadi arreta psikiatrikoaren buruan dago Estatuan, 15 psikiatra baitaude 100.000 biztanleko; Estatuko batez bestekoa, aldiz, 9,27 psikiatrakoa da. Berez, Euskadiko Osasun Mentaleko Sareak 500.000 kontsulta baino gehiago artatzen ditu urtero (120.000 paziente inguru); depresio-diagnostikoa dutenak ez ezik, beste patologia batzuk dituztenak ere, hala nola antsietate-nahasmendu larriak, nahasmendu psikotikoak, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta adikzioak, bai helduen artean, bai haurren eta nerabeen artean.

Gainera, laster proiektu pilotu baten bidez aurreikusita dago osasun psikologia orokorreko profesionalak Lehen Mailako Arretako sarean sartzea, ongizate emozionala sustatzen lan egin dezaten. Izan ere, neurri berri hori ezartzeaz gain, Osakidetzan praktika berritzaileak garatzen ari dira; adibidez, MasterMind proiektua. Egitasmo horren helburua esku-hartze psikologiko kognitibo-konduktualak online ezartzea da, depresioa osasun mentaleko sareekin elkarlanean tratatzeko. Esku-hartze horiek Lehen Mailako Arretatik bertatik kudeatzen dira, osasun mentaleko zerbitzuekin lankidetzan, osasun mentalerako arretaren irisgarritasuna, eraginkortasuna eta efizientzia hobetu nahi baita.

Laguntza bilatzea, urrats garrantzitsua

Depresioaren Aurkako Munduko Eguna dela eta, Osakidetzak sintomak antzematearen garrantzia azpimarratu nahi du, baita laguntza eskatzearena ere, sintomak desagertzen ez direnean, osasun-zentroko erreferentziazko osasun-profesionalarekin kontsultatuta. «Funtsezkoa dugu den-denok ulertzea osasun mentalak duen garrantzia eta horrek gure bizitzetan duen eragina. Depresioa tratatu daiteke, eta laguntza bilatzea bada urrats garrantzitsua. Osakidetzan konpromisoa hartu dugu behar dutenei behar duten laguntza emateko», ziurtatu du Koldo Berganzok, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak.

Horrez gain, Osakidetzak gogorarazi nahi du gaixotasun horren konplikazio larrienetako bat suizidio-ahaleginak direla, eta horregatik dela garrantzitsua alarma-seinaleak identifikatzen jakitea: heriotza- edo suizidio-ideiak izatea edo adieraztea, hitz egitean jokabide oldarkorra edo fisikoa agertzea, autoabandonu handia, muturreko isolamendua, bat-bateko zailtasunak edo sintomatologia izatea, edo intentsitate handikoak… Halakoetan, Osakidetzaren gomendioa da, lehenik eta behin, ohiko terapeutarekin harremanetan jartzen saiatzea, edo, larrialdi bat bada, 112 telefono-zenbakira deitzea edo gertuen dagoen larrialdi-zerbitzura joateko.

Prebentzio-neurriak

Esandakoaz gain, Osakidetzak argi utzi nahi du kasu batzuetan prebenitu daitekeela depresio handiagoa agertzea, sintoma arin edo arrisku-faktore batzuk dituztenen artean; besteak beste, terapia psikologiko espezifikoak baliatzea edo honako bizi-ohitura hauek hartzea: jarduera fisikoa egitea, sozialki aktibo mantentzea, ikaskuntza-jardueretan parte hartzea, atseden hartzea, edo, ahal den neurrian, alkoholaren eta beste substantzia adiktibo batzuen kontsumoa murriztea.

 

Depresioari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Osasun Eskolan: https://osasuneskola.osakidetza.eus/eu/medialib/html/depresioa