Bizkaiko Foru Aldundiak Belgika, Alemania eta Poloniako Europako lau eskualdetako ordezkari instituzionalen talde bat hartuko du astelehenean. Bisita kokatu behar da Europako Batzordeak sustatutako «EBren ekimen eta funtsen arloan sarbidea eta eskualde-errendimendua hobetzea» proiektuaren barruan.
Bizkaia aukeratu dute erreferentziazko lurralde gisa, Kataluniarekin batera, Europako funtsen kudeaketan duen ikuspegi berritzaile eta estrategikoagatik; izan ere kohesio-tresna tradizionaletatik -hala nola Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) edo Europako Gizarte Funtsa (EGIF)-harago doa ikuspegi hori. Parte hartzen duten eskualdeen interesa bereziki oinarrituta dago tokiko administrazio publikoei Europako finantzaketa-bide berriak eskuratzen eta proiektu lehiakorrak diseinatzen laguntzeko Bizkaian garatu diren tresna eta mekanismoetan.
Parte hartuko duten lau eskualdeek — Valonia-Brusela Nazioartekoa eta Brusela Nazioartekoa (Belgika), Turingiako Estatu Kantzilertza (Alemania) eta Silesiako Voivodatoko Mariskalaren Bulegoa (Polonia) — interes berezia erakutsi dute Bizkaiko Tokiko Agintarientzako Orientaziorako Europako Bulegoaren esperientziaren aurrean, zeina Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) aitortu baitu lurraldeko eragileei laguntzeko eredu gisa.
Hogei bat ordezkari publikok osatutako ordezkaritza-taldeak hainbat egunetan parte hartuko du zuzendaritza-mailako lan-saioetan eta berdinen arteko eztabaidetan. Aurreikusita daude Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko beste udalerri batzuetako arduradunekin biltzea, gai estrategikoak aztertzeko, hala nola finantza-tresna berritzaileak eta Europako proiektuen jarraipen- eta ebaluazio-sistemak, eta Europar Batasunaren hurrengo urte anitzeko finantza-esparruaaren aurrean prestatzeko. Horri esker, partekatu ahal izango dira Europako finantzaketak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko Bizkaia erreferentziazko lurralde gisa finkatu duten gobernantza- eta plangintza-ereduak. Bestalde, bisita Laguntza Teknikoko Tresnaren bidez finantzatuta dago, zeina ELGArekin batera garatu baita.
Elixabete Etxanobek Europako ordezkari-taldea hartuko du.
Bisita urtarrilaren 19an hasiko da, astelehenean; orduan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak harrera instituzionala egingo die ordezkariei, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzen foru diputatuarekin batera, Foru Jauregian.
Bi lan-egunetan zehar, Europako ordezkariek bilerak izango dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunekin, modu praktikoan ezagut dezaten lurraldean zertan diren Europako funtsak kudeatzeko estrategia eta mekanismoak.
Programaren eduki nagusien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:
- Bilera teknikoak egingo dira Bizkaiko Tokiko Agintarientzako Orientaziorako Europako Bulegoko langileekin, tokiko erakundeei laguntzeko zerbitzuei eta Europar Batasunaren funtsak hobeto bereganatzeko tresnei buruzkoak.
- Orobat, lan-saioak egingo dira Europar Batasunaren funtsak Euskadin erabiltzeko estrategiari eta gobernantzari buruz, 2028-2034 Urte Anitzeko Finantza Esparru berriaren aurreko prestakuntza barne.
- Bestalde, bilera bat izango da Bilboko Udaleko arduradunekin, Europako lankidetza- eta finantzaketa-aukerak aprobetxatzeko udal-antolaketari heltzeko.
- Azkenik, mahai-inguru bat antolatu da Bizkaiko udalerri batzuetako (Sestao, Abanto-Zierbena eta Ispaster) alkateekin, Europako funtsak erakartzeko esperientzia praktikoa parteka dezaten.
Programa honek aukera emango die ordezkariei bertatik bertara ezagutzeko Bizkaia Europako finantzaketaren esparruan erreferentziazko lurralde gisa kokatu duten lankidetza instituzionalaren eredua eta ikuspegi estrategikoa.






