Eusko Jaurlaritzak finantza jasangarrien aldeko apustua indartu du, Euskadin trantsizio ekologikoa eta aurrerapen soziala bizkortu dadin

0

Eusko Jaurlaritzak finantza jasangarrien eta inpaktu-inbertsioaren aldeko apustua indartu du, Euskadin trantsizio ekologikoa eta aurrerapen soziala bizkortzeko funtsezko tresna diren heinean. Hala adierazi du Arantza Larrauri Finantza Politikako eta Gizarte Aurreikuspeneko zuzendariak BBVA CIPek Madrilen antolatutako Espainiako Sektore Publikoaren 2026ko Konferentzietan.

Finantzaketa jasangarriari buruzko panelean esku hartu duenean, Larraurik Ogasun eta Finantza Saila proiektu berde eta sozialekin lotzen diren finantza-tresnen diseinuan egiten ari den lanaren balioa nabarmendu du. Finantza-tresna horien diru-sarrerak inpaktu neurgarria duten ingurumen- eta gizarte-ekimenen konbinazio orekatura bideratuko dira. “Helburua da finantzaketa jasangarria etiketa hutsa ez izatea, ekonomia eraldatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko mekanismo eraginkorra ere izatea”, eman du aditzera.

Estrategia hori Euskadi 2030 Agendan oinarritzen da, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) lurralde-esparrura eramaten dituen bide-orrian hain zuzen. 2024–2028 aldirako programak 32 ekintza-arlotan, 154 konpromisotan eta 844 ekimenetan zehazten du konpromiso hori, eta zuzenean Lehendakariaren mende dagoen Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren Idazkaritza Nagusiak koordinatutako zeharkako gobernantza ezartzen du.

Euskadik, gainera, ibilbide sendoa du kapital jasangarrien merkatuetan. 2018 eta 2025 bitartean, Eusko Jaurlaritzak bonu jasangarrien bederatzi jaulkipen egin ditu, guztira 5.700 milioi euroko zenbateko metatuarekin, eta jaulkipen horien bidez mugikortasun jasangarriarekin, energia-efizientziarekin, gizarteratzearekin, etxebizitzarekin edo lurralde-kohesioarekin lotzen diren proiektuak finantzatu ditu. Emisio horiek nazioarteko estandarrekin eta inpaktuari buruzko aldizkako txostenekin bat datozen hautaketa- eta ebaluazio-irizpideak barne hartu dituzte.

Foro horretan, Larraurik aditzera eman du elkarlan publiko-pribatua garrantzi handikoa dela horrelako ekimenak eskalatzeko eta ekonomia osoan duten trakzio-efektua maximizatzeko. Ildo horretan, administrazio publikoek inbertsio jasangarriko aukera berrien emisore eta katalizatzaile gisa betetzen duten zeregina azpimarratu du.

Hurrengo urratsa da horrekin lotzen diren finantzaketa-tresnen sorta handitzea, kapital pribatua Euskadi 2030 Agendarekin bat datozen proiektuetan jar dadin, inbertitzaileen konfiantza gardentasunaren bidez indar dadin eta Euskadiko “zigilu jasangarria” sendotu dadin. Apustu estrategiko horren helburua da Euskadi finantza arduratsuetan erreferentziazko lurralde gisa eta Europako trantsizio berde eta sozialaren eragile aktibo gisa kokatzea.