Ondorio hauek dituzte Gabonetako gehiegikeriek gure mikrobiotan

0
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gabonetan, erlijio edo kultura dimentsioaz harago joanda, gure ohiturak aldatu egiten dira, eta horiek ondorio negatiboak izan ditzakete hesteetako osasunean.

Jai horietan, ohikoak izaten dira elikagaiekin lotutako gehiegikeriak, proteinaz, azukrez eta gantzez beteriko otorduak, askotan ultraprozesatuak, eta edari alkoholiko asko kontsumitzea. Horri guztiari, gainera, desorduetan jatea, normalean bazkari eta afarien ordutegiak atzeratuz, eta otordu batzuk ez egitea eta/edo orduen artean mokadu gehiago jatea gehitu behar zaizkio. Horrek erritmo zirkadianoetan desoreka eragin dezake. Gainera, egun horietan, ohikoa izaten da ohera beranduago joatea, lo gutxiago egitea eta ariketa fisiko gutxiago egitea neurri batean errutina eteten dugulako.

Faktore horiek guztiek eragin negatiboa izan dezakete gure hesteetan bizi den mikroorganismo komunitate konplexuan (batez ere, bakterioetan), eta, ondorioz, disbiosia izeneko egoera sortzen da. Termino horrek honako hauei egiten die erreferentzia: kaltegarriak izan daitezkeen mikroorganismoen ugaritzeari, onuragarritzat jotako mikroorganismoak gutxitzeari, mikrobio barietatea gutxitzeari (heste dibertsitatea deritzona) eta hesteetako barreraren funtzioa alteratzeari. Horren ondorioz, kaltea eragin dezaketen substantziak odolera igaro daitezke.

Mikrobiota alteratuta dagoenean, horrek batez ere metabolito proinflamatorioak sortzeko joera izaten du; hau da, izenak dioen moduan, organismoan hantura eragin dezaketen konposatuak.

Disbiosia osasuneko hainbat ondorio negatiborekin lotuta dago: digestio arazoak (hantura, gasak, idorreria edo beherakoa), hesteetako hantura handitzea, metabolismo aldaketak eta baita gogo aldartearen alterazioak ere, hestea-garuna ardatzaren komunikazioa dela eta.

Gainera, epe luzera begira, disbiosiak denboran irauten badu, prebalentzia handiko gaixotasun metaboliko kronikoak garatzen lagun dezake, hala nola obesitatea edo 2 motako diabetes mellitusa.

“Gabonetako menuek” hesteetako mikrobiota altera dezakete

Elikagai ultraprozesatuen kontsumo handia (azukre eta gantz ugari izaten dituzte: turroiak, polboroiak edo beste hestebete batzuk, adibidez) mikrobio profil ez oso osasuntsuarekin lotzen da, zehazki, hanturarekin, digestio nahasmenduekin eta zenbait gaixotasun kronikorekin lotutako bakterio gehiago izatearekin.

Gantz gehiegi irensteak (lehen aipaturiko elikagaien ezaugarrietako bat da) hesteetako mikrobiotaren osaketa aldatzeaz gainera, metabolito proinflamatorioak sortzea ditu eta horrek hesteetako barreraren funtzioa arriskuan jartzen du. Bestalde, Gabonetako otorduetan, elikagai proteiko gehiegi izaten da (arraina, haragia edo itsaskia, adibidez), eta horrek eragina izan dezake mikrobiotaren osaeran. Izan ere, proteina gehiegi irensten denean, proteinaren zati bat ez da digeritzen, kolonera iristen da eta mikroorganismoek hartzitu egiten dute; horrela, hesteetako mikrobiotan eragin negatiboa izan dezaketen konposatuak sortzen dira.

Nabarmendu beharrekoa da, gainera, Gabon garaian kontsumitu ohi ditugun menuek zuntz eta prebiotiko gutxi izaten dutela. Azken horiek mikrobiotaren “elikagaia” direla kontuan hartuta (bakterioek hartzitzen dituzte, kate motzeko gantz azidoak sortuz, mikrobiota anitza eraginez eta hesteetako barreraren funtzioa indartuz), horien ekarpen eskasak eragin negatiboa izan dezake.

Alkohola edatea eta desordutan jatea ere ez da lagungarria zure hesteetako mikrobiotarako

Era berean, alkoholaren gehiegizko kontsumoa hesteetako disbiosiarekin eta hesteetako mikrobioen gehiegizko hazkundearekin lotzen da. Aldi berean, alkoholak hesteetako zelulen arteko loturak kaltetzen ditu eta mikroorganismoak eta haien ondorioak zirkulazio sistemikora igarotzea ahalbidetzen du. Horrek hantura sistemikoa eragin, immunitate funtzioa alteratu eta gaixotasun metabolikoak agertzea eragin dezake.

Gabonetako eta orduko elikagaien gehiegikerien beste ezaugarri bat ere badago; izan ere, asko jateaz gain, desordutan jaten dugu. Hori, aldi berean, loaren asaldurekin erlazionatuta dago eta, neurri batean, jarduera fisikorik ez egitearekin zerikusia izan dezake. Azpimarratzekoa da dirudienez mikrobio dibertsitatea murrizten dutela eta, besteak beste, obesitatearekin, beste alterazio metaboliko batzuekin eta hantura sistemikoarekin lotutako bakterio mota batzuen proportzioa handitzen dutela.

Baina… larria al da?

Mikrobiota egun gutxian alda daiteke; hori dela eta, hesteetako disbiosia sortu ahal izateko eperik ezarrita ez dagoen arren (izan ere, hainbat faktoreren mende dago), baliteke hamabost eguneko epean nolabaiteko disbiosi maila azaltzea, batez ere gehiegikeria horiek handiak izan badira.

Osasuntsu dauden pertsonetan ez; izan ere, ohituretan egindako aldaketak laburrak badira, ondorioak neurrizkoak izaten dira. Gainera, badago albiste on bat: hesteetako mikrobiota oso moldagarria da. Horrek esan nahi du ondorioak, pertsona osasuntsuengan behintzat, iragankorrak eta itzulgarriak izan ohi direla.

Gainera, aldaketa horiei buelta emateko lagungarriak diren neurri zehatz batzuk ere badaude:

  1. Gehiegikeriarik ez egitea edo, gutxienez, jaiegunetako bazkari eta afarietara mugatzea.
  2. Alkohol kontsumoa gutxitu edo mugatzea.
  3. Zuntz askoko elikagaiak (hesteetako mikrobiotarako ezinbestekoak) irenstea: fruta, barazkiak, egoskariak, zereal integralak eta haziak, adibidez.
  4. Hartzitutako elikagaiak hartzea: jogurtak, kefirra edo choucroute, adibidez.
  5. Egunero egitea ariketa fisikoa.
  6. Gutxienez egunero 7 ordu lo egitea, pantailekiko gehiegizko esposizioa gutxituta (batez ere gauez) eta ordutegiak finkatuz.

Elikadura orekatura bueltatzean, ordutegi erregularretara itzultzean eta atsedena eta jarduera fisikoa berreskuratzean, mikrobiota modu naturalean berrorekatu ohi da.