Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2025eko zuzeneko laguntza ekonomikoen deialdien bidez 1.341 enpresa-proiekturi eman zaie laguntza, guztira 27,9 milioi euro esleituta. Programa-multzo horrek sendotu egin du eredu ekonomiko berritzaile, jasangarri, digital eta lehiakor baten aldeko lurraldearen apustua. Era berean berretsi egiten da emakumeen lidergoak gero eta pisu handiagoa duela ekintzailetza berritzailean, sormen-industrietan eta trantsizio berdean, nahiz eta oraindik parte-hartzea txikiagoa den industria-berrikuntza aurreratuan, digitalizazio konplexuan eta eskala handiagoko inbertsioan.
Laguntzen barruan sartzen dira lau bloke estrategiko handiak —ekintzailetza, talentua, berrikuntza eta nazioartekotzea—, eta neurri eta sektore guztietako enpresei ematen diete babesa Bizkaiko eskualde guztietan. Horren bidez, erakundeak indartu egin du enpresei ibilbide osoan laguntzen dien eredua: hasierako ideiatik eta proiektu berrien baliozkotzetik hasi eta nazioarteko hedapenera, eraldaketa teknologikora edo produktu, zerbitzu edo prozesu bihurtzeko berrikuntzara arte.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu duenez, «balantze horrek erakusten du nazioarteko ezegonkortasunak markatutako 2025eko ekitaldian gure enpresek zer-nolako indarra eta dinamismoa izan duten, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiak lehiakortasuna bultzatzeko duen konpromisoa ere. Gure ETEei funtsezko prozesuetan laguntzen diegu, hala nola berrikuntzan, digitalizazioan, trantsizio berdean edo talentua erakartzen, enpresa bideragarri bat ere atzean geratuko ez dela bermatzeko».
2016tik hona, programa horien zuzkidura 13,24 milioi eurotik 27,9 milioi eurora igo da, eta horrek esan nahi du hamar urtean Bizkaiko Foru Aldundiak % 111 handitu duela enpresentzako zuzeneko laguntzetara bideratutako diru-kopurua.
Berrikuntza: 1.075 proiektu eta 22 milioi eurotik gora
Berrikuntza-blokea da zabalena; guztira 1.075 proiektu lagundu dira, 22.110.548 eurorekin. Berrikuntzaren, digitalizazioaren, jasangarritasunaren, kudeaketaren hobekuntzaren eta enpresen modernizazioaren ildo guztiak biltzen ditu.
Programa hauek hartzen ditu barnean:
– 3i Berrikuntza, nazioartekotzea eta inbertsioa: 12 proiektu – 4.700.000 c
– 2i Berrikuntza eta inbertsioa: 157 proiektu – 6.034.463 euro
– Transferentzia teknologikoa: 16 proiektu – 2.600.000 euro
– Bitarteko eragileak eta nazioarteko partzuergoak: 18 proiektu – 584.795 euro
– Digitalizazioa (oinarrizkoa eta aurreratua): 235 proiektu – 4.423.954 euro
– Trantsizio berdea: 63 proiektu – 1.717.335 euro
– Garraioa modernizatzea: 511 proiektu – 1.500.000 euro
– Kudeabide kudeaketa hobetzea: 63 proiektu – 550.000 euro
Bloke honek Bizkaiko enpresek eskatzen dituzten eraldaketa teknologikoa, industria-jasangarritasuna, energia-eraginkortasuna eta prozesuen modernizazioa indartzen ditu.
Ekintzailetza: 99 proiektu eta 3 milioi eurotik gora
Ekintzailetza-blokean 99 proiekturi eman zaie laguntza, 3.087.218 euro esleituta. Horren bidez, sendotu egin da ideiaren bideragarritasunetik enpresen azeleraziora bitarteko ibilbide integrala.
Programa hauek dira nabarmentzekoak:
– Proiektu berritzaileak garatzea: 67 proiektu – 2.170.423 euro
– Enpresa berritzaile berriak sortzea: 14 proiektu – 357.244 euro
– Ekintzailetzaren ekosistema dinamizatzea: 2 proiektu – 63.000 euro
– Enpresen azelerazioa: 1 proiektu – 20.000 euro
– Bizkaia Sortzailea: 15 proiektu – 476.551 euro
Talentua: 77 proiektu eta milioi erdi eurotik gora
Talentuaren blokeak 77 proiektu mobilizatu ditu, eta 518.239 euro esleitu ditu Bizkaia with the Talent estrategiaren barruan. Estrategia horren helburua da kualifikazio handiko profilak erakartzea, garatzea eta fidelizatzea, lurraldeko enpresa-sarean profesional horien eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen arrakala murrizteko.
Programa hauek gauzatu dira, besteak beste:
– Talentua erakartzea: 9 proiektu – 181.230 euro
– Bekak nazioarteko zentroetan: 41 proiektu – 296.234 euro
– Bekak tokiko unibertsitateetan: 27 proiektu – 40.774 euro
Nazioartekotzea: 90 proiektu eta 2,2 milioi euro
Nazioartekotzeak funtsezkoa izaten jarraitzen du enpresen lehiakortasunerako. 2025ean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2.200.000 euro eman ditu 90 proiektutarako, merkatu berrietan sartzea errazteko, bazkideak bilatzeko, azoketan parte hartzeko eta atzerrian merkataritza-jarduera garatzeko.
Emakumeen lidergoa
2025eko laguntzen gauzatze-datuek erakusten dute emakumeen lidergoaren presentzia nabarmena dagoela Ekonomia Sustatzeko Sailaren hainbat programa estrategikotan, bereziki ekintzailetza berritzaileari, sormen-industriei eta trantsizio berdeari lotutakoetan. Hala emakumeek gidatutako proiektuak % 60 dira Bizkaia Sortzailean, eta % 26,9 Enpresa Berritzaileak Sortzeko Programako enpresa-proiektu berritzaileen arloan; horrek agerian uzten du emakumeen lidergoak pisu nabarmena duela fase goiztiarretan eta sormeneko eta gorabideko sektoreetan.
Era berean, jasangarritasunarekin eta ingurumen-eraldaketarekin lotutako ildoei dagokienez, emakumeen partaidetzak ehuneko garrantzitsuak lortu ditu, hala nola % 27,58 inbertsio berdeetan eta % 28,57 ingurumen-berrikuntzako eta ekonomia zirkularreko proiektuetan, eta horrek esan nahi du emakumeen presentzia handiagoa dela trantsizio berdeari lotutako enpresa-proiektuen burutzan.
Teknologia-konplexutasun handiagoko berrikuntza- eta inbertsio-programetan emakumeen parte-hartzea txikiagoa da, nahiz eta dagoeneko esanguratsua izan, 3i programan proiektuen % 25 eta teknologia- eta inbertsio-intentsitate handiagoko proiektuak biltzen dituen 2i programan % 13,37 emakumeek burutzen dituztelako. Antzera gertatzen da digitalizazio aurreratuaren esparruan, non emakumeen presentzia proiektuen burutzan % 17,65ekoa den, teknologia- eta industria-eduki handiagoko ildoetan generoen arteko aldea nabarmenagoa dela frogatuz.
Nazioartekotzeari dagokionez emakumeen lidergoa lagundutako proiektuen % 21,11ra iristen da, eta horrek presentzia garrantzitsua erakusten du, nahiz eta ekintzailetzako eta trantsizio berdeko programetan erregistratutakoa baino txikiagoa izan.
Oro har datu hauek erakusten dute enpresa-ekosistema gero eta anitzagoa dela, baina agerian uzten dute, halaber, alde nabarmenak daudela programa motaren arabera, eta emakumeen presentzia txikiagoa dela industria-berrikuntza aurreratuaren, digitalizazio konplexuaren eta eskala handiagoko inbertsioaren eremuetan. Horrek guztiak lanean jarraitzeko beharra indartzen du, emakumeek Bizkaiko lehiakortasunerako eta eraldaketa ekonomikorako gune estrategiko horietarako sarbidea izan dezaten.
Eskaintza integrala: dirulaguntzak, zerbitzuak, proiektu estrategikoak eta inbertsio-funtsak
Laguntza ekonomiko hauek Bizkaiak enpresa-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko haren esku jartzen duen estrategia oso baten parte dira; honako hauek hartzen dituzte barnean:
– 16 dirulaguntza-programa
– 24 laguntza aurreratuko zerbitzu
– 8 proiektu estrategiko beste eragileekin batera: BAT B Accelerator Tower, AIC-Automotive Intelligence Cener, EIC-Energy Intelligence Center, CFAA-Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, Biqain-Bizkaia Quantum Advanced Industries, Global Smart Grids Innovation Hub, Bizkaia with the Talent eta 42 Urduliz Bizkaia
– Seed Capital Bizkaiak kudeatutako 7 inbertsio-funts, hauek finantzatzeko: startupak, ETE berritzaileak, gizarte-eragineko proiektuak eta hazkundean dauden kooperatibak.
Beraz, 1.341 proiektu diruz lagunduta eta 27,9 milioi euro esleituta, Bizkaiaren 2025aren itxierako balantzeak berretsi egiten du enpresa-sarearen dinamismoa, bai eta lurralde berritzaileagoa, jasangarriagoa, nazioartekoagoa eta lehiakorragoa bultzatzeko konpromiso instituzionala ere.






