Eusko Jaurlaritzak ardo sektorearen batasuna eta Arabako Errioxaren bereizketa indartzeko apustua egin du etorkizuneko ardatz gisa

0
  • Arabako Errioxako II. Ardoaren Topaketak lankidetza, nortasun propioa eta lurraldearen balioa estrategia-erdigunean kokatu ditu
  • Berrikuntza, ezagutza, posizionamendu segmentatua eta pertsonen gaitasuna sektore lehiakorrago eta jasangarriago baterako ibilbide-orria osatzen dute

Gaur Arabako Errioxako II. Ardoaren Topaketa egin da Guardian. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatutako azterketa, entzute eta elkarrizketarako gune honek helburu argia izan du: sektorearen batasuna indartzea eta Arabako Errioxaren berezitasuna eta bereizketa balioan jarriko dituen estrategia partekatu batean aurrera egitea.

Jardunaldian zehar, erakundeetako ordezkariek, upategiek eta mahastizainek bat egin dute egungo erronkei lankidetzatik eta ikuspegi bateratutik heldu beharraren inguruan, gero eta zorrotzagoa den merkatu-testuinguruan lurraldearen lehiakortasuna indartzeko gai izango den proiektu kolektibo bat sendotzeko.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok azpimarratu duenez, “Arabako Errioxak gaur dituen erronkak ezin dira zatiketatik landu: batasun handiagoa, konfiantza handiagoa eta gure ardoak kalitatetik, lurraldetik eta pertsonetatik bereizteko aukera emango digun estrategia partekatua behar ditugu”. Ildo horretan, adierazi du sektorearen lehiakortasuna “balioa antolatzean, nortasun propioaren kontakizuna eraikitzean eta hori merkatuetan koherentziaz proiektatzean” dagoela.

Topaketak Arabako Errioxaren berezitasuna jarri du bereizketa-elementu nagusi gisa: nortasun propioa duen lurraldea, ardo ondarea, kalitatezko mahastiak eta euskal gastronomiarekin eta kulturarekin lotura estua dituena. Nortasun bereizi hori da posizionamendu segmentatu baterantz aurrera egiteko oinarria, jatorria, kalitatea eta benetakotasuna baloratzen dituzten merkatu eta kontsumitzaileei zuzendua.

Batasunarekin eta bereizketarekin batera, jardunaldian berrikuntzaren eta ezagutzaren garrantzia ere aztertu da palanka estrategiko gisa. I+G+b-ren transferentzia mahastira eta upategira, jasangarritasuna eta klima-aldaketara egokitzea sektorearen erresilientzia bermatzeko funtsezko faktoretzat jo dira epe ertain eta luzera begira.

Era berean, pertsonen gaitasuna nabarmendu da Arabako Errioxako ardo sektorearen etorkizuneko oinarrietako bat gisa. Prestakuntza, talentu espezializatuaren garapena eta belaunaldi berriak erakartzea ezinbestekoak dira belaunaldi-erreleboa bermatzeko, enpresa-kudeaketa hobetzeko eta nazioarteko merkatuetan presentzia sendotzeko.

Horrela, Eusko Jaurlaritzak Arabako Errioxako ardo sektorearekin duen konpromisoa berretsi du, lurralde eta sektore-estrategiekin lerrokatutako ekintza publiko sendo baten bidez, lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta. Apustu irmo eta iraunkorra da, lan-plan sendo baten eta etengabeko ahaleginaren bidez egituratua, sektoreari balio erantsi handiagoko, jasangarriago eta lehiakorrago den eredu baterantz egiten laguntzeko, erakundeen inplikazio osoarekin. Bide partekatu honetan, batasuna, bereizketa eta babes publiko erabakigarria bihurtzen dira sektorearen etorkizunaren oinarri.