Igor Enparan alkatea eta Estitxu Urtizberea zinegotzia Gasteizen izan dira, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta EUDELek Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko Lege berriaren formakuntza-jardunaldian. Saioaren helburua Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Premiazko Neurrien Legea (PNL) udalerrietan nola aplikatu aztertzea izan da, tokiko administrazioek etxebizitza-eskuragarritasunaren erronkari erantzun ahal izateko tresna eraginkorrak izan ditzaten.
Jardunaldian Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat alkate eta zinegotzik hartu dute parte, eta PNLk jasotzen dituen berrikuntza nagusiak azaldu dira. Besteak beste, hirigintza-izapideak eta -epeak arintzeko neurriak, etxebizitza babestuetarako lurzoruaren mobilizazioa errazteko formulak eta udal-plangintzan malgutasun handiagoa ematen duten tresnak landu dira, bizitegi-tentsioaren testuinguruan etxebizitza-eskaintza handitzea helburu nagusi izanik.
Halaber, PNLk etxebizitza turistiko berriak mugatzeko edo debekatzeko aukera jasotzen du bizitegi-tentsioa duten eremuetan, bai eta arau-hausteen eta iruzurraren aurkako zehapen-araubide bat ere. Neurri horien helburua da etxebizitza-esparruan erabilera desegokiak saihestea eta bizitegi-erabilera lehenestea.
Etxebizitza-larrialdiari aurre egiteko aurrerantzean esku artean izan daitezkeen tresnak gertutik ezagutzeko eta, etorkizunean, Hondarribian aplikatzeko jardunaldi baliagarria izan da.






