Nafarroako Gobernuak 3,2 milioi bideratuko ditu Errenta Bermatua edo Gutxieneko Errenta jasotzen dutenen zein langabetuen enplegagarritasuna eta gizarteratzea hobetzeko

0

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuak 3.224.291 euroko laguntzen bi deialdi argitaratu berri ditu NAOn, talde kalteberak eta langabetuak gizarteratzeko proiektuak finantzatzeko.

Deialdi horien asmoa da Errenta Bermatua (EB) eta/edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera (BGS) jasotzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea eta horien enplegurako sarbidea bultzatzea, pobreziaren aurkako borrokan eta pertsona horien sustapen, ahalduntze eta autonomian laguntzeaz gain, desberdintasun  sozialen kausak murriztearekin batera. Irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutako diru-laguntzak otsailaren 24ra arte eskatu ahal izango dira, izapideen katalogoaren bidez.

Langabeentzat bideratutako diru-laguntzak 2.078.812 euroko partida du, eta gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideetan laguntza emateko proiektuak eta EB edo BGS jasotzen duten pertsonak kontratatzeko proiektuak sartzen dira bertan. Era horretan, lan eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak, laneratu aurreko lan-ekintzak, trebakuntza pertsonalerako ekintzak eta lanerako prestakuntza finantzatuko dira. Lan-kontratuei dagokienean, gutxienez sei hilabetekoak izango dira, eta lanaldi osokoak, lanaldi erdikoak edo hiru laurdenekoak izan ahal izango dira. Ekintza horiek guztiak 2026an gauzatu beharko dira.

Baztertze-egoeran eta talde kalteberenen sustapen sozialean dauden pertsonak gizarteratzeko deialdiari dagokionean, Departamentuak guztira 1.255.479 euro jarriko ditu ekintzak sei modalitatetan finantzatzeko: gizarte-bazterkeriako eta/edo gizarte-etxegabetasuneko egoeran dauden pertsonek okupazio-proiektuak dituzten espazioetan parte hartzea; egoitza-plazak; elikadura-beharrak estaltzea jantoki sozialen bidez edo elikagaiak banatuz; prostituzioan aritzen diren pertsonei zuzendutako gizarte-laguntza espezializatua; ijitoen sustapen sozialerako jarduerak, tartean, adingabeei eskolaz kanpoko hezkuntza-errefortzua ematea, gazte eta emakume ijitoak sustatzea eta sentsibilizazioa, bitartekaritza eta sare-lana baliabide publikoekin; azkenik, gizarteratzeko proiektuak osasun mentaleko nahasmenduak direla-eta tratamenduan dauden pertsonentzat, tartean gizarte-bazterketako beste faktore batzuk izanik.