Agenda Nagusia programak belaunaldien arteko balioen eta ezagutzaren transferentzia sendotzeko zazpi proposamen egin ditu

0

Ongizate Sailburuordetzak, urtero, partaidetzan oinarrituta eta herritarrei irekia dagoen Agenda Nagusia programa sustatzen du. Azken urtean (2025), belaunaldien arteko balioen eta ezagutzaren transferentziari buruzko iritzia jasotzea izan du helburu. Iaz Euskadiko hainbat lekutan egin ziren 6 foroetan 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu izan dute; horietatik % 56,3 emakumeak ziren eta % 46,3 gizonak. Gainera, parte-hartzaileen % 63,4 gazteak ziren eta % 36,6 adinekoak.

Topaketetan, egungo gizartea antolatzeko adinaren aldagaia irizpide bezala erabiltzeaz hausnartu da. Era berean, egungo testuingurua belaunaldien arteko topaketarako eta belaunaldien arteko komunikazio-arrakalerako egokia den edo ez aztertu da.

Agenda Nagusiko foroetan gazteak suminduratik etsipenera igaro diren hipotesiari buruz ere hitz egin da. Bestalde, adineko pertsonek inoiz bizi izan ez dituzten erronkak dituen mundu bati aurre egiteko duten gaitasunean sakondu da.

Agenda Nagusitik urtebeteko lanaren ondoren, 7 ondorio eta 7 proposamen azpimarratu dira.

Zazpi ondorio

1.- Adinaren irizpidea esklusibotzat erabiltzen bada egiturazko adinkerian erortzeko arriskua dago.

2.- Pertsona askok sentitzen dute gaur egun belaunaldien arteko elkarbizitzarako gune natural gutxiago daudela. Lehen elkargune hauek berez ematen ziren, gaur egun, horrelakoek erabaki kontzienteak eta diseinu intentzionala eskatzen dute.

3.- Ez da berdin komunikatzen belaunaldien artean, ez erritmoetan, ez kodeetan, ez hizkuntzetan.

4.- Gero eta nabarmenagoa da adinak ez duela bereizkeriarik eragiten, bizi-baldintzek baizik.

5.- Gazte batzuen artean etsipena emozio sozial gisa ikusten da, ez porrot pertsonal gisa. Konpromiso-modu berriak ere sortu dira: kontsumo arduratsua, aktibismo klimatikoa, tokiko boluntariotza, osasun mentalari buruzko ekimenak…

6.- Europako Ongizate Estatua oso sistema baliotsua da eta gutxi azaltzen dena.

7.- Gazteen ahotsa entzutea ez da beti erraza: batzuetan adinekoek leku gehiago hartzen dute eta beste batzuetan gazteek atzera egiten dute.

Zazpi proposamen

1.- Adina iragazki automatiko gisa erabiltzen duten neurriak berrikustea.

2.- Belaunaldiak nahasten dituzten sare komunitarioak indartzea eta belaunaldien arteko irizpidea nahi ez den bakardadearen aurkako estrategietan txertatzea.

3.- Belaunaldi bakoitzaren komunikazio-gramatika partekatzea, ulergarriagoa eginez, adibidez, memeak klabe tradizionalean azalduz eta alderantziz; diskurtso luzeak pilula bihurtuz.

4.- Gazteei benetako protagonismoa ematea erabakietan, eta emantzipatzea posible dela modu nabarian erakusten duten programak bultzatzea.

5.- Gazteen eta helduen prestakuntza-prozesuetan sistema (zergak, kotizazioak, prestazioak, zerbitzuak…) nola finantzatzen eta antolatzen den argi eta garbi azaltzea.

6.- Esperientzia handiko pertsonek gazteekin batera erantzun berriak diseinatzeko lan-espazioak sortzea.

7.- Hitza orekatzeko espazioak diseinatzea, eztabaida monopolizatzea saihestuko duten metodologiak erabiliz.

«2025eko Agenda Nagusiaren ondorioek datozen urteetarako ibilbide-orri argia markatzen dute, konpromiso kolektiboan, eraldaketa sozialean eta jasangarritasunean oinarritua. Gazteei zein adinekoei elkarrizketa irekia eta eraikitzailea gonbidatzen diet. Bere iritziak jasotzen ditugu eta bere mailan jartzen gara guztion artean belaunaldi ezberdinen arteko arrakala murriztuko duen Euskadi bat diseinatzeko» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.