- Eusko Jaurlaritzak ibilbide-orri bat ezarri du Lanbide Heziketa inklusiboagoa, malguagoa, berritzaileagoa eta enpresarekin konektatuagoa finkatzeko.
- Ekitaldia Bilboko Iberdrola Dorrean egin da, eta formazio, ekoizpen eta gizarte arloko 300 ordezkari baino gehiago bildu ditu.
- Imanol Pradales: “Euskal Lanbide Heziketa funtsezko palanka da eraldatzen ari den munduari arrakastaz aurre egiteko eta Euskaditik Europako berrindustrializazioari laguntzeko”.
Imanol Pradales Lehendakaria Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategiaren aurkezpen burua izan da gaur. Euskadiko Lanbide Heziketaren etorkizuna gidatuko duen ibilbide-orri berria da Euskadi 2030 Estrategia, eta gizarte-aurrerapenaren, aukera sorkuntzaren eta ekoizpen-sarearen lehiakortasunaren eragile gisa duen zeregina indartuko du.
Imanol Pradales Lehendakariak azpimarratu du arrazoi askok bihurtu dutela euskal Lanbide Heziketa abangoardiako aukera eta nazioarteko erreferente, baina badira hiru arrazoi argi definitzen dutenak: gertutasuna, ekoizpen-sarearen inplikazioa eta egokitzeko gaitasuna. Azken hamarkadan, matrikulazioa % 33 hazi da, eta gaur egun 51.600 ikaslek baino gehiagok —askotariko profilak dituzte adinean, prestakuntzan eta jatorrian— beren itxaropenen erantzuna aurkitu dute Lanbide Heziketan. Izan ere, pertsona erdigunean kokatzen duen prestakuntza, bere abiapuntua ulertzen duena eta ibilbide malguak eskaintzen dituena, ia neurrira, etorkizuneko proiektu bat eraikitzeko aukerak ematen dituen eskaintza du. Eredu hori ez litzateke posible izango 20.000 enpresa baino gehiagoren lankidetzarik gabe; talentuaren prestakuntzarekin eta herrialdearen garapenarekin konprometituta dauden enpresak, hain zuzen. Horrez gain, gure garaiko sektore estrategikoekin eta erronka handiekin lerrokatutako eskaintzarik eduki gabe ere ez. Pradalesek azpimarratu duenez, “Euskadiko Lanbide Heziketa funtsezko palanka da eraldatzen ari den munduari arrakastaz aurre egiteko eta Euskaditik Europako berrindustrializazioari laguntzeko”.
Jardunaldian zehar, Begoña Pedrosa sailburuak Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategiaren helburu, konpromiso eta ildo estrategikoak aurkeztu eta aletu ditu, ‘Pertsonen eta gizartearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketa’ lelopean. Bere hitzaldian, Pedrosa sailburuak adierazi du Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategia uste sendo batetik abiatzen dela: Lanbide Heziketa herri kohesionatuago bat, aurreratuago bat eta pertsona guztientzako aukera gehiago dituen herri bat eraikitzeko motor handietako bat dela. Zentzu horretan, Euskadiko Lanbide Heziketa ez da soilik prestakuntza sistema bat, baizik eta ikaskuntza, berrikuntza eta eraldaketarako benetako ekosistema bat da, gizartearen zerbitzura dagoena.
Pertsonen eta ekoizpen-sarearen zerbitzura dagoen Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia dokumentu estrategikoa da, eta bere helburua da Euskadik Lanbide Heziketan erreferente izaten jarraitzea eta joerak aurreratzea, aldaketa ekonomiko eta sozialetara egokitzea eta pertsonei lan-bizitza osoan laguntzeko duen anbizioa sendotzea.
“Inor atzean utziko ez duen Lanbide Heziketa bat nahi dugu: lagunduko duena, orientatuko duena eta bideak irekiko dituena. Pertsona bakoitzaren talentua bultzatuko duen Lanbide Heziketa bat, herri proiektu partekatu batekin lotuko duena”, nabarmendu du sailburuak.
Estrategiak egungo erronka handietan jartzen du fokua: eraldaketa teknologikoa, trantsizio iraunkorra, belaunaldi- eta demografia-erreleboa, nazioartekotzea, lan-merkatuaren behar berriak eta gizarte-kohesioa. Pedrosaren hitzetan, “estrategia erabilgarria eta praktikoa da, Lanbide Heziketa posible egiten dutenen egunerokotasunari laguntzeko pentsatua”.
Bost ardatz estrategiko Lanbide Heziketa aurreratuago, jasangarriago eta globalago baterako
Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia bost ardatzen inguruan egituratzen da; 20 helburu estrategiko eta 37 ekintza ditu, segimendu- eta ebaluazio-sistema bat du, eta bere indarraldiaren erdian berrikustea aurreikusten da.
Hauek dira bost ardatzak:
- Euskadirako talentua (pertsonak, enpresak eta gizartea): ikasleen garapen profesionala eta pertsonala bultzatzea, orientazioa eta laguntza indartzea, bizitza osoko ikaskuntza eta Lanbide Heziketarako sarbidea hobetzea.
- Euskadi aurreratua (berrikuntza eta ekintzailetza): berrikuntza aplikatua, ekintzailetza eta zentroen gaitasuna sustatzea ingurunearen dinamizatzaile gisa.
- Euskadi jasangarria (Iraunkortasuna eta kultura demokratikoa): trantsizio berde eta justu batera bideratutako prestakuntza, bizikidetzaren, herritartasunaren eta gizarte-kohesioaren balioekin.
- Euskadi digitala (eraldaketa digitala): gaitasun digitalak indartzea, teknologia berriak sartzea eta sortzen ari diren produkzio-inguruneetara egokitzea.
- Euskadi globala (nazioartekotzea eta globalizazioa): nazioarteko proiekzioa, mugikortasuna, aliantzak eta talentua erakartzea, merkatu globalaren erronkei erantzuteko.
Pedrosak azpimarratu du Estrategiak “anbizioa eta errealismoa uztartzen dituela”, eta lehentasun argiak ezartzen dituela: Lanbide Heziketa inklusiboagoa eta malguagoa, enpresarekin lotuagoa, eta berrikuntzara eta etengabeko hobekuntzara bideratuagoa.
Hedapena laguntzeko, 2026-2030 epeari lotutako aurreikuspen ekonomiko bat jasotzen da: 339,4 milioi euro. Berrikuntzarekin, eraldaketa digitalarekin, nazioartekotzearekin, orientazioarekin eta enpresekiko lankidetzarekin lotutako jarduerak sustatzera bideratuta egongo da aurrekontu hau.
Ikastetxeen eta enpresen arteko elkarrizketa sustatu duen ekitaldia
Ekitaldia Bilboko Iberdrola Dorrean egin da, eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak parte hartu du, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak lagunduta. Ekitaldian, Lanbide Heziketako ekosistemari lotutako 300 pertsona baino gehiago bildu dira: ikastetxeetako ordezkariak, enpresak, gizarte-eragileak, erakundeak eta sektoreko profesionalak, baita Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluko kideak ere.
Topaketan, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak gidatutako mahai-inguru bat egin da. Bertan, hezkuntza eta enpresa arloko ordezkariek egungo testuingurua eta estrategiaren gakoak aztertu dituzte, eta inguruaren benetako beharrei erantzungo dien Lanbide Heziketa bat bultzatzeko ikastetxeen nahiz enpresen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute.
Jardunaldian, besteak beste, Lanbide Heziketako, berrikuntzako eta enpleguko euskal ekosistemaren ordezkari diren eragile eta erakundeek parte hartu dute, baita herrialdearen garapen ekonomiko eta industrialari lotutako enpresa- eta gizarte-erakundeek ere.






