Manuel Leon Gomezen familiak haren gorpuzkiak jaso ditu Valenzuela de Calatravako udaletxean (Ciudad Real). Ekitaldian parte hartu dute Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Honorio Cañizares Valenzuela de Calatravako alkateak. Udaletxean ekitaldia amaitu ondoren, familiak Manuelen gorpuzkiak herriko hilerrian lurperatu ditu.
Urduñako hilerrian egindako lehen desobiratzean berreskuratu ziren bere gorpuzkiak, 2014an, beste batzuenekin batera, guztira 14. Haren gorputz-hondarrak Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu ziren 2022an, inauguratu zutenean, ‘identifikatu gabeko’ gisa . Joan den udan, Manuelen birbiloba bat Gogora Institutuarekin jarri zen harremanetan, eta lagin genetikoak hartzeko eta erkatzeko prozesuari ekin zitzaion, azkenean identifikatu den arte.
Gogora Institutuak gerran eta diktadura frankistaren lehen urteetan hildakoak bilatzeko, berreskuratzeko eta identifikatzeko aurrera eramaten duen ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programa’ren emaitza positibo berri bat da. Identifikaziora iritsi arteko prozesuaren etapa ezberdinetan parte hartzen dute Euskal Prospekzio Taldeak, Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen denak; Aranzadi Zientzia Elkarteak, gorpuzkiak lurpetik atera eta auzitegi-azterketa egiten duenak; eta EHUko Biomics laborategiak, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen denak.
Ekimen honek desagertutako pertsonen senideen sufrimendua orbaintzen laguntzen du, identifikatuz eta gorpuzkiak familiei itzuliz, eta gizarte osoa duintzen duen prozesua da, biktima horiei egungo gizartearen memoria kolektiboan merezi duten lekua ematen baitie.
Manuel León Gómez, jaiotzez Valenzuela de Calatravakoa (Ciudad Real), ezkonduta zegoen eta senar-emazteek bi seme-alaba izan zituzten. 1939ko maiatzaren 1ean espetxeratu zuten Almagroko Espetxe Probintzialean, matxinadarekin bat egitea egotzita, eta 30 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten.
1939ko abenduaren 7an Urduñako Espetxe Zentralera eraman eta bertan hil zen 1941eko apirilaren 19an, 57 urte zituela, garuneko odoljarioaren ondorioz, heriotza-ziurtagiriaren arabera.
24 pertsonaren gorpuzkiak identifikatu dira dagoeneko
Behin desobiratze lanak amaituta, 93 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dira guztira, denak Urduñako espetxe frankistaren biktimak. Lortu diren identifikazioen arabera, 24 orain arte, identifikatzeko dauden 72 gorpuzkiak 1941eko martxoa eta ekaina bitartean hildako presoenak dira.
Kasu honetan, jakina da gutxienez 225 pertsona hil zirela espetxe horretan, guztiak gizonezkoak eta beste autonomia-erkidego batzuetatik Urduñara eramandakoak. Erdiak baino gehiago, 127 Extremadurakoak ziren, eta beste 41 Gaztela La Manchakoak (Ciudad Realekoak, 4 Toledokoak eta 3 Albacetekoak), 22 Malagako espetxetik eramanak, 7 Tarragonakoak eta gainerako 28ak Estatuko beste probintzia batzuetakoak.
Hildakoei eta aldez aurreko identifikazioei buruzko informazio gehiago: https://labur.eus/orduna
Gogora Institutuarekin harremanetan jartzeko:
gogora.prentsa@euskadi.eus | 944032850






