Zabalik dago Hondarribian Martxoak 8a, Emakumeen Astea, iragarriko duen kartel lehiaketan parte hartzeko epea

0

Hondarribiko Udaleko Berdintasun Sailak, EMEKI elkartearekin elkarlanean, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatzen den Emakumeen Astea iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lan bakarra aurkeztu ahal izango dute, banaka zein taldean, betiere lana jatorrizkoa eta argitaratu gabea bada, eta adimen artifizialaren erabilerarik gabe sortua. Aurkeztutako lanek Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotura zuzena izan beharko dute,  “2026ko Martxoaren 8a – Emakumeen Nazioarteko Eguna” lelopean.

Kartelak aurkezteko epea urtarrilaren 30era arte (barne) egongo da zabalik. Lanak presentzialki entregatu ahal izango dira BAZea (Javier Ugarte kalea, 6), edo telematikoki, posta elektronikoz, berdintasuna@hondarribia.eus helbidera bidalita.

Aurkeztutako lanak epaimahai batek baloratuko ditu eta kartelaren kalitatea, Martxoaren 8aren esanahia irudikatzeko gaitasuna eta sormena hartuko dira kontuan. Lan irabazleak 450 euroko saria jasoko du.

Horrez gain, aurkeztutako kartel guztiak ikusgai egongo dira Arma Plaza Interpretazio Zentroan, martxoaren 2tik 8ra bitartean, herritarrek lanak ezagutzeko aukera izan dezaten.

Lehiaketari buruzko informazio zehatza eta parte-hartzeko baldintza guztiak oinarrietan kontsulta daitezke.