Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak harrera egin dio gaur goizean Foru Jauregian Europako lau eskualdetako ordezkari instituzionalen talde bati: Valonia-Brusela Nazioartekoa eta Brusela Nazioartekoa (Belgika), Turingiako Estatu Kantzilertza (Alemania) eta Silesiako Voivodato (Polonia).
Europako Batzordeak sustatutako «EBren ekimenetan eta funtsetan eskualde-mailako sarbidea eta errendimendua hobetzea» proiektuaren barruan, bisitak Bizkaia erreferentziazko lurralde gisa kokatzen du, Europako funtsak kudeatzeko duen ikuspegi berritzaile eta estrategikoagatik. Parte hartzen duten eskualdeen helburu nagusia da tokiko administrazio publikoei Europako finantzaketa-bide berriak eskuratzen eta proiektu lehiakorrak diseinatzen laguntzeko Bizkaiko Foru Aldundiak garatutako mekanismoak ezagutzea.
Europako ordezkaritzako kideek interes berezia erakutsi dute Bizkaiko Tokiko Agintarientzako Orientaziorako Europako Bulegoaren esperientziaren aurrean, zeina Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGA) aitortu baitu lurraldeko eragileei laguntzeko eredu gisa.
Europako proiektuak hiru hamarkada baino gehiagoz egon dira Bizkaian
Laurogeiko hamarkadaren amaieratik, Europar Batasunak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako proiektuei emandako laguntzari esker, 459 milioi euro baino gehiago lortu dira Batasuneko funtsetan, Next Generation funtsak kontuan hartu gabe —horietatik 69 milioi euro onartu dira, eta 65,5 milioi jaso dira dagoeneko—. Zenbateko horiei, gutxienez, Bizkaiko udalerriek eta toki-erakundeek jaso dituzten Next Generation funtsetako 280 milioi euro gehitu beharko litzaizkieke.
Programazio-aldiak kontuan izanda, honako une hauek nabarmentzen dira, besteak beste:
- 1989-1993: enpresa-zentroak (elkartegiak) sortzea, hala nola Abanto-Zierbenakoa eta Zamudioko Parke Teknologikoa.
- 1994-1999: Behe Nerbioia Garbitzeko Plan Integrala; garraio-korridoreak garatzea (Kadagua, Durango-Arrasate, Uribe Kosta), baita metro-linea eta Euskalduna Jauregia ere.
- 2000-2006: lehiakortasunari eta enpleguari laguntzeko programak, Nerbioi-Ibaizabal arroko ingurumen-proiektuak eta garraio-azpiegitura berriak.
- 2007-2013: berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzea, adibidez, Automotive Intelligence Center (AIC) proiektuaren bidez.
- 2014-2020: Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa (FAAZ), enpresen I+Grako laguntzak eta mugikortasun jasangarrirako bidegorriak, bigarren belaunaldiko inkubagailuak sortzea start-up eta ETEen datuen tratamendurako, adinekoen osasunarekin adeitsuak diren inguruneak garatzea eta baso-ekosistemaren zerbitzuak berritzea.
- 2021-2027: zerbitzu publikoak digitalizatzea (Batuz, Errenta), suteak prebenitzea, biodibertsitatea sustatzea, hiriarteko bizikleta bideak eraikitzea, Bilboko porturako irisgarritasuna hobetzea, errepide bidezko garraio-zerbitzu adimendunak sortzea eta etxeko zainketa aringarrien arreta soziosanitarioa indartzea.
BFAk Europako funtsak kudeatzeko eta bideratzeko eskaintzen dituen zerbitzuak
Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiak bi zerbitzu espezializatu ditu Europako funtsak kudeatzeko eta bideratzeko:
- Funtsak Kudeatzeko Zerbitzua: EGEF funtsak modu integralean kudeatzen ditu, proiektuak hautatzetik hasita administrazioen aurrean egiaztatze- eta justifikatze-faseraino.
•Europari buruzko Orientazioa Bideratzeko Zerbitzua: informazioa eta aholkuak ematen dizkie udalerriei, toki-erakundeei eta foru-sailei, Europako deialdietan parte har dezaten bultzatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an Bizkaiko Udalerrientzako Orientaziorako Europako Bulegoa sortu zuen, udalei tokiko proiektuak Europako deialdietara aurkezten laguntzeko bulego «birtuala». Haren helburua da finantzaketa lortzea erraztea, ikaskuntza sortzea eta inbertsioak Europar Batasunaren helburuekin bat etortzea. Bulego hori funtsezkoa da oztopo burokratikoak gainditzeko eta funtsak kudeatzeko eta justifikatzeko zailtasunei aurre egiteko; izan ere, horiek askotan eragozten dute Batasunaren finantzaketaren zati bat esleitzea.
Lan horri gehitu behar zaio Aldundiak laurogeiko hamarkadaren amaieratik Europako funtsak zuzenean kudeatzeko izan duen esperientzia. Izan ere, oso zorrotz egin du lan, eta Europako erakundeei baliabideak itzultzea saihestu du, Europar Batasunean oso ohikoa ez dena. Horregatik, Europako Batzordeak bereziki baloratzen ditu aktiboki parte hartzen eta proiektuak erakartzen saiatzen diren lurraldeak.
Bulego horren bidez, Aldundiak lau zerbitzu eskaintzen ditu:
- Udalerri bakoitzerako laguntza-deialdiei buruzko informazio pertsonalizatua.
- Proiektuak diseinatzeko eta egokitzeko banakako aholkularitza.
- Etengabeko prestakuntza, jardunaldi eta webinarren bidez.
- Proposamenak prestatzeko aholkularitza-gastuei aurre egiteko finantza-laguntza, udalerri txikien kostuaren % 100 hartzen duten laguntzekin.
Zerbitzu horiek Bizkaiko udal eta mankomunitateei eskaintzen zaizkie, baita lurraldeko gero eta erakunde multzo zabalago bati ere, besteak beste, udal-erakunde publikoei, behargintzei, turismoa kudeatzeko erakundeei eta landa garatzeko elkarteei.
Aldi honetan, Bizkaiko 113 udalerrietatik 100 inguruk jaso dituzte Europako funtsak.






