Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak programa-kontratu berria onartu du Lanbiderekin, Euskadin enplegua eta inklusioa indartzeko

0
  • Akordioak 1.200 milioi eurotik gorako finantzaketa egonkorra bermatzen du 2026an, pertsona zaurgarrienen enplegagarritasuna, enpresen lehiakortasuna eta gizarte kohesioa hobetzeko hurrengo lau urteetan

Gobernu Kontseiluak, Mikel Torres Lehendakariordearen eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren proposamenez, 2026-2029 aldirako Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko harremana arautuko duen programa-kontratua onartu du astearte honetako bileran. Akordio hori Enpleguaren Euskal Legean dago aurreikusita, eta Lanbideri esparru egonkorra eta urte anitzekoa ematen dio, haren jarduera planifikatzeko, finantzaketa bermatzeko eta Euskadin enplegua eta inklusioa indartzeko.

2026ko ekitaldirako Lanbideri esleitutako guztizko aurrekontua 1.200 milioi eurotik gorakoa da, eta horietatik 1.170 milioi baino gehiago Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik datoz. Finantzaketa horri esker, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aukera izango du Enpleguaren Euskal Lege berria hedatzeko, orientazio eta prestakuntza zerbitzuak hobetzeko, prestazio ekonomikoak eraginkortasunez kudeatzeko eta pertsona zaurgarrienen enplegagarritasuna eta inklusioa errazteko.

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak sinatuko duten programa-kontratuak honako hauek jasotzen ditu: Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren helburu estrategikoak, helburu horiek lortzeko jardín ildoak, finantzaketa sistema eta emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak.

“Akordio horrek indartu egiten du Lanbidek enpresen zerbitzura dagoen funtsezko eragile gisa duen zeregina, bitartekaritzako, prestakuntzako, kontrataziorako laguntzetako eta ekintzailetzarako eredu pertsonalizatuagoa sustatuta. Gainera, berrikuntzaren, eraldaketa digitalaren eta emaitzen ebaluazio jarraituaren arloko konpromisoak jasotzen ditu”, nabarmendu du Mikel Torresek.

 

Batzorde paritarioa

Programa-kontratuaren jarraipena Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren arteko batzorde paritario batek bermatuko du, eta urtero ebaluatuko du helburuen betetze maila. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak auditoretzako eta ikuskaritzako eskumenak mantenduko ditu, baliabide publikoen erabilera egokia ziurtatzeko.

Programa-kontratu horrekin, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbidek kalitatezko enpleguarekiko, inklusioarekiko eta enpresen lehiakortasunarekiko konpromisoa sendotuko dute, datozen lau urteetarako jarduera esparru gardena eta eraginkorra bermatuz.