- Txostenak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela komunikazioa eta neutraltasuna osasun-langileen artean, emakumeek bularra berreraiki nahi duten ala ez erabakitzeko orduan
- Nabarmentzekoa da emakumeen edertasun-kanonak betetzeko presioak eragina duela emakume askoren erabakian
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak «Emakume mastektomizatuen kolektiboaren diskriminazio-arriskuaren eta laguntza-baliabideen erabileraren azterketa eta deskribapena» ikerketa aurkeztu du gaur. Garbiñe Lozano, Maialen Araolaza, Maider Lamarain, Olalla Ondarra, Alazne Mujica, Olatz Mercader eta Ane Arbillagak osatzen dute ikerketa taldea.
Ikerketa hau Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei ematen dien bekaren emaitza gisa argitaratu da, eta bularreko minbiziaren ondorioz mastektomia egin behar zaien emakumeen aukera kirurgikoen aurrean erabakiak hartzeko prozesua eta kalitatea aztertzen ditu.
Ikertzaileek mastektomizatutako emakumeei buruzko informazioa bildu dute, bularra berreraikitzeko edo ez berreraikitzeko erabakia hartzeko prozesuan, bai eta osasun-arloko profesionalei buruzkoa ere. Eta pazienteek erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko proposamenak eta gomendioak egin dituzte.
Egileek beren txostenean zehazten dutenez, bularreko minbiziaren tratamendu kirurgikoaren aukeraketa, neurri handi batean, tumorearen ezaugarrien eta pazientearen nahien araberakoa da. Egoera klinikoek ahalbidetzen dutenean, emakumeek ebakuntza-mota aukera dezakete, eta, une horretan, erabakiak hartzeko prozesu bati egin behar diote aurre, pazientearen proba klinikoen eta lehentasunen arabera. «Emakumeen erabakia kalitatezkoa dela bermatu behar da, eta adostasunez, elkarlanean eta osasun-profesionalek gidatuta hartu dela».
Hala ere, presio estetikoak edo informazio faltak eragina dute erabakiak hartzeko prozesu horretan. Zentzu horretan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, «berdintasunaren, autonomiaren eta emakumeen askatasunaren ikuspegitik, garrantzitsua da hartzen duten erabakia autonomoa izatea, inolako presiorik gabea eta informazio guztiarekin, eta aukera guztiak baliozkotzat eta errespetagarritzat ematea. Autonomia ez baita soilik aukeratzeko gaitasuna, baizik eta presio sinbolikorik gabe hautatzeko aukera izatea baita ere».
Txostenaren arabera, bularreko minbiziari eta ondorengo kirurgiari aurre egin behar dieten emakume askok edertasun-kanonak betetzeko presioa sentitzen dute. Horregatik, onarpena, harremana eta autoestimua hobetuko dituzten estrategiak diseinatzea eta ezartzea proposatzen dute ikertzaileek, «bularreko edozein kirurgiari aurre egin behar dioten emakumeen ongizate fisikoa, mentala eta emozionala sustatzeko».
Osasun-profesionalei dagokienez, komunikazio-trebetasunak eta horien neutraltasuna hobetzea proposatzen du ikerketa-taldeak. Asistentzia-prozesuei buruzko alderdi guztiak optimizatu behar dira, besteak beste, kontsulta medikoaren denbora luzatzera eta baliabideak zabaltzera bideratutakoak, asistentzia integrala eta kalitate handiagokoa bermatzeko.






