Eusko Jaurlaritza betetzen ari da 2021-2027 aldiko Europako egitura-funtsen programen finantza-bidea

0

Eusko Jaurlaritzak aditzera eman du 2021-2027 aldiko finantza-esparruari dagozkion Europar Batasuneko Kohesio Politikaren programetarako (EGEF eta EGF+) ezarritako finantza-bidea 2025ean bete duela. Mugarri hori lortu da N+3 arau zorrotza eraginkortasunez aplikatzea eska daitekeen lehen ekitaldian, eta erakusten du Europar Batasuneko funtsen kudeaketa efizientea, arina eta aurrehartzailea egin duela.

Arau horrek Europar Batasuneko estatuak eta eskualdeak behartzen ditu hitzartutako gastua Europako Batzordearen aurrean egiaztatzera, finantzaketa esleitu eta gehienez ere hiru urteko epean —hala egin ezean, finantzaketa hori galtzeko arriskua izango dute—.Helburu hori aise gainditzeak, baliabideak ziurtatzeaz gain, islatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak proiektu estrategikoak egikaritzeko duen sendotasuna.

Kudeaketa bi programa nagusiren bidez antolatzen da. Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 aldirako Europako Gizarte Funts Plus (EGEF +) Programak 197 milioi eurotik gorako jarduketak aurreikusten ditu (horietatik 79 itzuliko ditu Europako Batzordeak), eta dagoeneko 49,5M €-ko gastua egiaztatu du. Gastu horrek gainditu egiten du n+3 erregela izeneko 2021/1060 Erregelamenduan jasotako betebeharra, kasu honetan 2025eko abenduan gutxienez 33,75M €egiaztatu behar baitziren.

Programa hori gizarte- eta enplegu-politikaren funtsezko zutabea da, eta 90.000 pertsonari baino gehiagori arreta ematea kalkulatzen du. Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdiak barne hartzen ditu, langabetuentzako ohiko prestakuntzatik hasi eta kualifikazio txikiko gazteentzako programa espezializatuetaraino eta trantsizio bikoitz, berde eta digitalarekin lotuta garatzen ari diren enplegu-nitxoetan pertsonak gaitzeko programetaraino. Era berean, tokiko enpresa eta entitateetan gazteak lehen aldiz kontratatzeko laguntzak finantzatzen ditu.

EGF+ funtsaren oinarrizko osagaietako bat hirugarren sektoreari ematen dion babesa da. Zenbait entitate sozial dira onuradun, bai egoera zaurgarrian dauden kolektiboentzako gizarteratze-ibilbide integratuak garatzeagatik, bai autoenplegurako ekimenak, mikroenpresen sorrera eta lurraldean talentua atxikitzeko programak bultzatzeagatik. Ikuspegi integral horrek ziurtatuko du hazkunde ekonomikoa inklusiboa izatea eta inor atzean ez uztea.

Bestalde, Euskadirako 2021-2027 aldiko Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) Programa egikaritzeko lanak aurreikusi den moduan ari dira aurrera egiten, eta inbertsio zehatzetan 58,4 milioi euro egiaztatu dira. Programa horrek 352 milioi euro mobilizatuko ditu guztira (165,7 milioi Eskualde Garapeneko Europako Funtsen laguntzarekin), Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien proiektuen baterako finantzaketara begira, betiere gobernantza kolaboratiboko ereduaren barruan.

Egungo ziurtagiriek inbertsio ukigarriak gauzatzen dituzte funtsezko bost esparrutan: I+G (18,5 M€ ikerkuntza- eta berrikuntza-proiektuetan), zerbitzu publikoen digitalizazioa (17,7 M€ administrazioa modernizatzeko), zentro publikoetako energia-efizientzia hobetzea (3,1 M€), uholdeen aurkako defentsak (10,5 M€ bideratzeko eta babesteko obretan) eta ingurumena lehengoratzea (8,4 M€ ekosistemak eta biodibertsitatea hobetzeko).

Ordainketa horien atzean dagoen estrategia ez da koiunturala, epe luzerako plangintza estrategiko baten barruan kokatzen baita. Euskadiren aurrerapenerako zehaztutako Plan Estrategikoetan oinarrituta diseinatu dira programak, ‘2021-2027 aldian Kohesio Funtsak Kudeatzeko Euskal Esparru Estrategikoan’ laburbilduta. Esparru horrek bermatzen du inbertsioak koherenteak izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren lehentasunekin eta Espainiaren eta Europako Batzordearen arteko 2021-2027 Elkartze Akordioarekin, eta, hala, bat dator Europa adimentsuagoa, berdeagoa, konektatuagoa eta sozialagoa lortzeko helburuarekin.

2025ean N+3 araua betetzea —25,2 milioi euroko gutxieneko ziurtapen-atalasea nabarmen gaindituta— ez da administrazio-tramite hutsa. Osasun instituzionalaren eta xurgatze-gaitasunaren adierazle argia da. Horrek esanahi du proiektuak paperean onartzeaz gain, abian ere jarri direla, jarduera ekonomikoa sortu dutela, enplegua sortu edo mantendu dutela eta Euskadiko herritarrentzat emaitza ukigarriak lortzen hasi direla. Egikaritze sendo horrek sinesgarritasuna eta konfiantza ematen du, Europako finantzaketaren arloko etorkizuneko negoziazioetara begira.

Balorazio instituzionala

Juan Alberdi Politika Ekonomikoaren eta Europako Kohesioaren zuzendariak lorpen kolektibo horren garrantzia nabarmendu du: “Datu horiek babesten eta balioesten dute Zuzendaritzako talde osoak 2025eko finantza-bidea lortzeko eta, beraz, N+3 araua betetzeko egindako lana. Erakusten dute Euskadik Europako funtsak eraginkortasunez, zorroztasunez eta gardentasunez kudeatzeko duen gaitasuna, eta bermatzen dute gure lurraldearen kohesio soziala, berrikuntza eta trantsizio berde eta digitala bultzatuko duten benetako proiektu bihurtzen direla. Ziurtatutako euro bakoitza etorkizunerako inbertsioa da: pertsona baten prestakuntzarako inbertsioa, enpresa txiki eta ertain baten lehiakortasunerako inbertsioa, gure ingurumenaren babeserako inbertsioa edo gure zerbitzu publikoen modernizaziorako inbertsioa. Euskal erakunde guztien eta eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza estuaren emaitza da”.

Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Europako kohesio-politikaren funtsen kudeaketa arduratsuarekin duen konpromisoa berresten du, funtsezko tresna baita datorren hamarkadako erronka estrategikoei aurre egiteko eta garapen ekonomiko jasangarriko eta sozialki inklusiboko eredua indartzeko.