Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak tuneletako segurtasuna areagotzeko hitzarmena berritu dute

0
  • Akordioak komunikazioa optimizatzen du, Interbiak-ek kudeatzen dituen tunelen barruan sor daitezkeen segurtasun- eta larrialdi-jarduerak koordinatzeko
  • Interbiak Segurtasun Sailaren ENBOR SAREA komunikazio-sarean sartuko da, segurtasun publikoaren euskal sistemaren zerbitzuekin komunikatzeko

Gobernu Kontseiluak Segurtasuneko sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena berritzea onartu du, bi erakundeen arteko komunikazioa optimizatzeko segurtasunaren arloan, Interbiak-ek kudeatzen dituen tunelen barruan sor daitezkeen segurtasun- eta larrialdi-jarduerak koordinatzeko.

Interbiak sozietateak AP-8 autobidearen Bizkaiko tartea (Basauri eta Ermua artekoa) eta Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea zaindu eta ustiatzeko ardura du tarte guztietan – Gallarta Larraskitu eta Peñascaleraino, Venta-Alta lotuneraino, Arrigorriaga-, eta Artxandako tunelak. Gainera, Gerediaga – Elorrio ardatzaren ustiapena gainbegiratzen du. Azpiegitura horien trazaduraren zati bat lurpetik igarotzen da, eta tuneletan gutxieneko segurtasun-maila bermatu behar da.

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen trazadura osatzen duten tunelek (Argalario, Mesperuza, Santa Águeda, Arraiz, Larraskitu, Arnotegi eta Seberetxe), Zaldibarko tunelek (AP8n), Gazteluak (Gerediaga – Elorrio ardatzean) eta Artxandako tunelek) 200 metrotik gorako luzera dute, eta, beraz, azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuan aurreikusitako nahitaezko autobabes-neurriak hartu behar dituzte.

Hitzarmen honen arabera, Segurtasun Sailak Interbiaki ENBOR SARErako sarbidea emango dio, segurtasun publikoaren eta larrialdien euskal sistemako zerbitzuekin komunikatzeko eta sozietate publiko honek kudeatutako azpiegituretako tuneletan sor daitezkeen larrialdi-jarduketak koordinatzeko.

ENBOR SAREAk estaldura globala ematen du Euskal Autonomia Erkidegoan, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuetarako azpiegitura propioarekin. Hondamendietan edo antzeko egoeretan funtzionatzeko gaitasuna erakutsi du, eta ohiko telefonia kolapsatzen den komunikazio kritikoak ahalbidetu ditu. Sarbide mugatuko sarea da, eta, bertan, baimendutako pertsonak eta gailuak baino ezin dira komunikatu, eta komunikazioen pribatutasuna ziurtatuta dago.

Komunikazio-sare hau larrialdi-egoeretan erabiliko da, eta Interbiak sozietatea larrialdian inplikatutako segurtasun publikoaren arloko gainerako agenteekin koordinatzea ahalbidetuko du: suhiltzaileak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Trafiko Zuzendaritza, Ertzaintza, Udaltzaingoak, Larrialdiak-Osakidetza, DYA eta Gurutze Gorria.