Gobernu Kontseiluak Lanbideren jarduera eta finantzaketa arautzen duen programa-kontratua onartu du

0

Gobernu Kontseilu ondorengo prentsaurrekoan, Maria Ubarretxena bozeramaileak jakinarazi du argi berdea eman zaiola Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko harremana arautuko duen programa-kontratua, 2026-2029 aldirako. Akordioa Enpleguaren Euskal Legean aurreikusita dago, eta Lanbideri esparru egonkor eta urte anitzekoa emango dio, bere jarduera planifikatu, finantzaketa bermatu eta Euskadiko enplegua eta inklusioa indartzeko.

Lanbideri 2026ko ekitaldirako esleitutako aurrekontua, guztira, 1.200 milioi eurotik gorakoa da. Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak aukera izango du Enpleguaren Euskal Lege berria hedatzeko, orientazio- eta prestakuntza-zerbitzuak hobetzeko, prestazio ekonomikoak eraginkortasunez kudeatzeko eta pertsona zaurgarrienen enplegagarritasuna eta inklusioa bultzatzeko.

Segurtasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena

Gobernu Kontseiluak onartutako beste puntu bat Segurtasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena berritzea izan da. Segurtasunaren arloan bi erakundeen arteko komunikazioa optimizatzeko, Interbiak-ek kudeatzen dituen tunelen barruan sor daitezkeen segurtasun- eta larrialdi-jarduketen koordinazioarekin.

Hitzarmen honen bidez, Segurtasun Sailak ahalbidetuko du Interbiak ENBOR sarera sartzea, segurtasun publikoaren eta larrialdien euskal sistemako zerbitzuekin interkomunikatzeko eta, horrela, sozietate publiko horrek kudeatzen dituen azpiegituretako tuneletan sor daitezkeen larrialdi-jarduketak koordinatzeko.

Bizkaiko aldiriko trenbideen C-3 linearen irisgarritasuna

Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskal Trenbide Sareari agintzea Bizkaiko aldiriko trenbideetako Bilbo-Urduña C3 linearen irisgarritasun-beharrak aztertzeko eta egokitzat jotzen diren konponbideak ezartzeko.

Euskal Trenbide Sareak irisgarritasuna hobetzeari buruzko azterlanak eta proiektuak egingo ditu, bai eta soluzio posibleak homologatzeko behar diren probak ere. Egin beharreko lanen artean, aurrez Adifek baimendutako proiektu pilotua dago, hain zuzen ere, nasen zati bat handitzeko, nasen eta trenen plataformaren artean dagoen altuera-diferentzia ezabatzeko. Proba hori Urduñako eta Bilboko Abandoko geltokietan egingo da, zeinak linearen buruan baitaude.

Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena

Era berean, Hezkuntza Sailaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmen berria sinatzea izan da Gobernu Kontseiluan onartu den beste gai bat. Hitzarmen berri honen bidez, erantzun koordinatua emango zaie hezkuntza-ekosistemak dituen beharrei, bai euskararen ezagutzaren arloan, bai hezkuntza-eremuan erabiliko diren hizkuntza-oinarri eta -baliabideen corpusa egitearen arloan.

Aurreikusitako lankidetza-ildoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: EIMA (euskarazko material didaktikoak), IRALE (irakasleen euskalduntzea) edo LANEKI (lanbide-heziketa sustatu eta hobetzeko elkartea) bezalako proiektuen hizkuntza-premiei buruzko azterlan eta ekarpen berriak; EIMA Dokumentazio Zentroaren aprobetxamendua; materialen elkartrukea, eta hizkuntzari buruzko zalantzak argitzen laguntzea, JAGONET bezalako zerbitzuekin batera egindako lanaren bidez.

Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien Kongresua

Azkenik, Gobernu Kontseiluak erakundeen arteko lankidetza-protokolo honen berri izan du: Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien III. Kongresua, zeina Donostian egingo baita ekainaren 16an, 17an eta 18an.

Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako kongresua da, eta “mundu osoko ordezkariak bilduko ditu, adinekoentzako ingurune inklusiboagoak eraikitzeko jardunbide egokiak, politika publikoak eta esperientziak partekatzeko, adinekoentzako ingurune inklusiboagoak eraikitzeari begira”, azaldu du Ubarretxena sailburuak.

Lankidetza-hitzarmena IMSERSOk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatu dute.

 

Prentsa-txostena

Gai zerrenda