Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»

0
EHU

Saria lanbidetik bertatik iritsi zaio. Merco rankinga medikuntzako arlo guztietako profesionalak saritzen dituen sailkapena da. Saritik haratago, emaitzak medikuntza ulertzeko modu bat ikusgarri egiten du, pertsonak erdigunean dituena. Halaber, barne medikuntzako espezialista Standford zerrendaren azken bertsioan 20. postuan dago EHUko irakasleei dagokionez, eta 32. postuan, berriz, senior kategorian. Medikuntzan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin zuen Barne Medikuntzako erresidentzia. Bertan, EHUren doktoretza lortu zuen Aparteko Sariarekin.

Zer ekarri dizu sari honek?

Inoiz ez diet garrantzi handiegirik eman sariei, baina aitortu behar dut ilusio handiz jaso dudala. Ospea kontzeptu zaila da neurtzen; hala ere, ranking horrek espezialitateko lankideen botoak ditu oinarri, eta adierazle objektiboak ere kontuan hartzen ditu, hala nola ekoizpen zientifikoa eta pazienteen elkarteen iritzia, eta horrek balio erantsia ematen dio. Datuak Merco enpresak kudeatzen ditu, eta kanpo auditoretzari esker datuen fidagarritasuna berma daiteke.

Argi daukat sekulako lana egiten duten profesional ugari daudela, euren zeregina askoz ere agerikoagoa ez dena, euren lankideen artean ere. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Unitatearen parte izateak beste batzuek ez duten ikusgarritasuna ematen digu. Beraz, sari banaketan esan nuenez, merezimendu pertsonala tartean ere badagoen arren, saria nire taldearen izenean jaso dut, bai eta gaixotasun autoimmuneen esparruan aritzen diren barne medikuntzako medikuen eta karrera osoa osasun publikoaren esparruan egin duten klinikoen izenean ere.

«Merezimendu pertsonala tartean ere badagoen arren, saria nire taldearen izenean jaso dut»

Dirudienez, asko zoriondu zaituzte.

Saria jaso dudan arte ez naiz horren inpaktuaz jabetu. Oihartzuna sekulakoa izan da. Ez daukat sare sozialik, baina mezu ugari jaso ditut, bereziki Unitatean artatutako pazienteenak, duela urte askokoak ere. Hori izan da, zalantzarik gabe, sariaren alderdi garrantzitsuena. Halaber, lankide medikoen aldetik ere jaso ditut, publikoki zein modu pribatuan; eta, niretzat, horrek saria baino balio handiagoa du. Halaber, ikusgarritasun hori oso positiboa da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearentzat, Osakidetzarentzat eta baita EHUrentzat, eta horri lotuta komunikazio bulegoen zeregina ezinbestekoa da.

Ohituta ez daudenentzat, zein da barne medikuntzako mediku baten zeregina?

Nire bizitza profesional osoan zehar erantzun dudan galdera da hori. Jendeak badaki zer egiten duen kardiologo edo neurozirujau batek, baina “barne medikuntzako mediku” terminoa nahasgarria da. Ospitaletako medikuak gara, ez gara zirujauak eta ez gaude organo jakin batean espezializatuta. Jeneralistak garela esan ohi da, baina ez da lehengo mediku jeneralaren kontzeptuarekin nahastu behar.

Gure ezaugarri nagusia pazientearenganako hurbilketa integrala da. Historikoki, barne medikuntzatik espezialitate ugari sortu ziren. Gaur egun zalantza honako hau da: zertarako balio du mediku jeneralista batek hainbeste espezialista dituen ospitale batean? Erantzuna da bereziki lagungarriak garela paziente konplexuak diagnostikatu eta kudeatzen: gaixotasun ugari dituzten edo sistema desberdinei eragiten dieten prozesuak dituztenak, hala nola gaixotasun autoimmune sistemikoen kasuan. Horren adibidea lupusa da, eta horri lotutako eremuan lan egiten dut nik.

Arlo jakin batzuetan espezializatuago egon gaitezkeen arren, beti pazientearen ikuspegi globala mantentzen dugu. Gure zeregina funtsezkoa da diagnostikatzeko eta tratamendua koordinatzeko, eta ezinbestekoak gara eskualdeetako ospitaletan; izan ere, barne medikuntzako medikuek bere gain hartzen dituzte ingresatutako paziente gehienak, betiere beste espezialista batzuen laguntzarekin.

Zergatik aukeratu zenuen espezialitate hori?

Bada, izaera global horrengatik eta pazientea elkarrekin lotutako osotasun gisa ulertzeko premiarengatik. Gaixotasuna pertsonari bere osotasunean eragiten dion kontzeptu gisa hautemateak erakarri ninduen hasiera-hasieratik. Halaber, espezialitate horrek oinarri oso sendoa eskaintzen du, aurrerago jakintza arlo zehatzagoa garatu ahal izateko, nik egin dudan bezala.

EHUn irakaslea ere bazara duela bi hamarkada baino gehiagotik. Zer ematen dizu irakaskuntzak eta nolako bilakaera izan du ikasleekiko harremanak?

«Unibertsitate gisa dugun zeregina lanbidea erakustea da, oinarri sendoak ematea eta azterketetan ebaluatzen ez diren alderdiak azpimarratzea»

EHUn irakaslea naiz 2004az geroztik, eta, tamalez, uste dut urte hauetan nabarmen narriatu dela irakasle klinikoen eta ikasleen arteko harremana. Aurrez aurreko eskolen eredua krisian dago, jende gutxi bertaratzen da, eta, askotan, gure zeregina azterketak gainditzeko informazioa ematera mugatzen da.

Gradua batez ere BAME azterketa prestatzera bideratzen dela dirudi, eta hein handi batean galdu da ospitaleko irakaslearen papera erreferente edo eredu profesional gisa, eta ni ikaslea nintzenean oso presenten zegoen. Ez naiz joera hori hautematen duen bakarra: ados daude beste irakasle batzuk ere, EHUkoak zein beste unibertsitate batzuetakoak ere, bai eta nire ikasleak izandako mediku gazteak ere.

Adimen artifiziala eta bestelako tresna birtualak txertatzeak, ageriko abantailak dituen arren, arrakala hori handitu egingo du ziurrenik. Nire ustez, serio hausnartu beharko genuke zer mediku mota prestatu nahi dugun. BAME azterketa gakoa da, zalantzarik gabe, baina unibertsitate gisa dugun zeregina lanbidea erakustea da, oinarri sendoak ematea eta azterketetan ebaluatzen ez diren alderdiak azpimarratzea, hala nola pazienteekiko harremana, emozioak kudeatzea, enpatia eta entzumen aktiboa.

Barne medikuntza gaur egun ikasleentzako espezialitate erakargarria al da?

Badirudi gaur egun eskari handieneko espezialitateak beste batzuk direla, etorkizuneko itxaropen ekonomikoek baldintzatzen baitituzte. Unibertsitate publikoek indartu beharko lukete ideia honako hau da: etorkizuneko espezialista gehienek konprometitua egon behar dute osasungintza publikoarekin, sistema aparta baita bere estaldura, berdintasuna eta unibertsalitateagatik.

Herritarren oinarrizko eskubidea da, eta ez dago bermatuta bizirik jarraituko duenik; hortaz, aktiboki defendatzera behartuta gaude.

«Etorkizuneko espezialista gehienek konprometitua egon behar dute osasungintza publikoarekin»

Nola eratu da Gurutzetako Gaixotasun Autoimmuneen Unitateko ekipoa?

Gaur egun sei mediku eta erizain bat gara. Unitate txikia denez, hurbileko harremana eta taldeko lana errazten du. Egunean bitan biltzen gara ingresatutako kasuak eta egoera konplexuak komentatzeko, eta, horri esker adostutako erabakiak har ditzakegu, autonomia profesionala galdu gabe.

Kolektiboki jarduketa homogeneoa bermatzen duten tratamenduen protokoloak garatu ditugu, profesional bakoitzak bere estiloa mantentzen badu ere. 15 urte baino gehiago daramatzagu; egoera konplexuak bizi izan ditugu eta ekipoaren osaera aldatu egin da, baina ez dugu laneko gure filosofia galdu.

Ez da erraza, kontratazio sistema zurruna baita; askotan ez dira kontuan hartzen profil profesional espezifikoak eta hori ezinbestekoa da konplexutasun handiko unitateetan, maila nazionalean erreferente direnetan. Unibertsitate ospitaleen maila klinikoa eta akademikoa mantendu nahi badugu, premiaz jorratu beharreko eztabaida da hori. Aukera berdintasunak ez du esan nahi berdinak garenik, eta ezinbestekoa da pertsona bakoitza etekin gehien ekarriko duen lanpostuan egotea.

Pazienteekiko harremana oso zuzena da telefono eta WhatsApp bidez. Zer dakar arreta eredu horrek?

Kudeaketaz arduratzen da batez ere Unitateko erizaina, berak erantzuten baititu dei eta mezu ugari. Harreman horrek segurtasun eta konfiantza sentsazioa sorrarazten die pazienteei, eta egoera ugari konpondu daitezke larrialdietara edo lehen mailako arretara jo gabe.

Entzuteaz gain, horrek eragin terapeutikoa badu ere, beharrezkoa denean jardutea da gakoa. Gure eguneko ospitalean gaixotasunaren agerraldiei azkar erantzun diezaiekegu; hala ere, eredu horrek karga gero eta handiagoa eragiten du, eta askotan kontsulta hutsalagoak edo gure espezialitatetik kanpokoak artatzera eramaten gaitu. Epe ertainean, gure funtzio espezifikoenak ezin garatzea eragin dezake, eta, hortaz, mugak ezarri eta tresna hori egoki erabiltzen erakutsi behar dugu, baina hori ez da beti erraza izaten.

«Entzuteaz gain, horrek eragin terapeutikoa badu ere, beharrezkoa denean jardutea da gakoa»

Ikuspegi humano hori irakaskuntzan ere aplikatzen da?

Eskola teorikoetan ez du interes berezirik pizten. Hala ere, seigarren mailako practicumean, ikasleak Unitatean integratu eta gure lan egiteko modua ikusten dutenean, feedbacka oso positiboa da, egunerokoan zein amaierako memorietan. Testuinguru horretan, nire ustez ikusgai jartzen dugu askotan prestakuntza medikoan hain ikusgarria ez den arlo hori.

Nola erakusten zaie ikasleei pazienteak tratatzera ikuspegi humanoa kontuan hartuta?

Prestakuntza medikoaren alderdirik ahaztuenetako bat da, eta, aldi berean, garrantzitsuenetako bat. Ez da esplizituki jorratzen irakaskuntza programetan, eta jarduna emaitzetara oso bideratuta dagoenez, ikasleek ez dute eskatzen.

Unibertsitatearen betebeharra da gaitasun teknikoa duten profesionalak prestatzea, baina baita giza harremanetarako gaitasuna ere dutenak; horretarako gaitasunik gabe ezin baitira medikuntzaren arloan behar bezala aritu. «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du» esaldiak indarrean jarraitu beharko luke, baita –edo, hain zuzen ere– gero eta teknologizatuagoa den testuinguru honetan ere.