Hezkuntza Sailak eta Euskaltzaindiak lankidetza berritu dute, hezkuntzaren esparruan euskara sustatzen jarraitzeko

0

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Hezkuntza Sailaren bitartez) eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmen berria sinatzea onartu du.

Euskararen eta euskal kulturaren sorkuntza, sustapen, garapen eta zabalkunderako ekimenetan bi erakundeen arteko lankidetzari jarraipena emango zaio, eta halaber, indartu egingo da hezkuntza arloan hizkuntza normalizazioa indartzearen esparrua.

Hitzarmen berritu honen bitartez, hezkuntza ekosistemak euskararen ezagutzan eta corpusgintzan dituen beharrizanei modu koordinatuan erantzuteko bidea erraztuko da. Hau da, hezkuntza arloan erabiltzeko oinarri eta baliabide linguistikoetan sakonduko da. Lankidetza honi esker, euskarazko baliabideak zabaltzen jarraituko da, eta terminologiaren zein hizkuntza-irizpideen ikerketan nahiz zabalkundean aurrera egingo da. Horrela, hezkuntza arautuaren zein Lanbide Heziketaren beharrei ematen zaien erantzuna sendotuko da, eta horrez gain, ikasleei eta irakasleei laguntzeko baliabide berriak sortuko dira.

Zehazkiago, aurreikusitako lankidetza ildoen artean, azpimarragarriak dira honakoak: EIMA (euskarazko irakas materialak), IRALE (irakasleen euskalduntzea) edo LANEKI (Lanbide heziketa sustatzeko eta hobetzeko elkartea) bezalako proiektuen hizkuntza beharrizanen azterketa eta ekarpen berriak, EIMA Dokumentazio Zentroaren aprobetxamendua, materialen trukea eta JAGONET bezalako zerbitzuekin batera egindako lanaren bidez hizkuntza zalantzak argitzeko laguntza. Horrez gainera, Euskaltzaindiaren ekimenetan ere parte hartzea, hala nola, Euskara Batuaren Eskuliburua proiektuan.

Hitzarmen hau kokatzen da 2024-2028 Gobernu Programaren konpromisoen barruan, euskara eta hezkuntza-eredu eleanitza eta kulturartekoa indartzeari buruzkoan, hain zuzen.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egongo da, bi aldeek aho batez hala erabakitzen badute.

Hitzarmenak ez dakar diru ekarpenik.