Osasun Departamentuak eta Euskarabideak laugarren gida bat argitaratu dute, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pazienteei arreta ele bitan emateko

0

Osasun Departamentuaren hizkuntza-planaren barnean, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzuak “Gizarte-lana euskaraz” izeneko gida prestatu du, gizarte-laguntzako taldeetako koordinatzaileek lagunduta eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuarekin lankidetzan, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, herritarrei ele bitan (euskaraz nahiz gaztelaniaz) ematen zaien arreta hobetzeko.

Helburua da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei erraztasunak ematea euskaraz lan egiteko; hala, ohiko esaldiak, iradokizunak eta hiztegia biltzen dira material erabilerraz horretan, euskarazko zalantzak argitzeko, telefono bidezko arretan, gizarte-lan sanitarioko balorazioan eta esku-hartzean berean halakoak sortzen direnean, hala oinarrizko osasun-laguntza nola osasun mentalean eta ospitale-eremuan.

152 gizarte-langile ari dira lanean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan

Gaur egun, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan 152 gizarte-langilek egiten dute lan. Arloka, 87 oinarrizko osasun-laguntzan ari dira, 33 ospitale-arretan, 31 osasun mentalean (eta 1 zerbitzu zentraletan).

Osasun Departamentua ohartu zen zenbait egoeratan euskaraz dakiten langileek gaztelaniaz ematen dietela arreta herritar euskaldunei. Arrazoi asko egon daitezke horretarako: hiztegi soziosanitarioa ez ezagutzea, segurtasunik ez izatea ohiko elkarrizketak egiteko, huts egiteko beldurra, ohiturarik ez izatea edo lotsa, esaterako. Horregatik, gida honen helburua da laguntzarako tresna bat izatea, estamentu honetako langileek kalitatezko arreta euskaraz ere eman dezaten, hala nahi badute.

250 ale bidali dira, paperean, osasun-etxeetara, ospitaleetara eta osasun mentaleko sarera. Halaber, Osasun Departamentuko AUZOLAN intranet-sarean argitaratu da, aurretik euskaraz egindako beste gida hauekin batera: oinarrizko osasun-laguntzako langileendako gidaerizainendako gida eta zeladoreendako gida. Gainera, mugikorrerako bertsio bat du, errazago erabiltzeko.