Merkatari eta ostalarientzako euskara ikastaro bereziak

0

Izen ematea zabalik urtarrilaren 21etik 30era

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtean bitan antolatzen ditu hiriko merkatariei eta ostalariei zuzendutako euskara ikastaro bereziak: otsailetik ekainera eta urritik abendura. Otsailaren bigarren astean hasiko den ikastaroan izena emateko epea, hain justu, zabalik izango da urtarrilaren 30a bitartean.

Ikastaroak 60 ordukoak izango dira eta ikasle bakoitzak 60 € ordaindu beharko ditu. Interesdunek online eman ahal izango dute izena Euskara Zerbitzuaren web orrian edota aurrez aurre Euskara Zerbitzuaren bulegoan bertan (Konstituzio plaza 2).

Ikastaroa hiriko euskaltegietan emango da: AEK, Ilazki, Hitzez, Legazpi 6, Urrats eta Urumea.

2025ean, guztira, 128 merkatari/ostalarik egin zuten Udalak antolatutako ikastaroa. Horietatik 67 lagun aritu ziren otsaila-ekaina bitarteko ikastaroan eta 61 lagun, berriz, urritik abendura bitartekoan. Eta, 128 lagun horiekin, guztira, 13 talde osatu ziren: 7 otsailean eta 6 urrian.

Hasiera maila eta jarraipenekoa

Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin, San Sebastian Shops-ekin eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioarekin lankidetzan antolatzen ditu Udalak merkataritza eta ostalaritza sektoreetako profesionalei zuzendutako euskara-ikastaroak.

Ikastaro horien azken helburua da jendaurreko zerbitzua euskaraz emateko ulermena nahiz gaitasuna lortzea eta, horrenbestez, bezero euskaldunei arreta hobea eskaintzea. Horretarako, batetik, hasiera mailako ikastaroak eskainiko dira eta horietan zerbitzua euskaraz ematen hasteko oinarrizko komunikazio-gaitasuna landuko da. Eta, bestetik, jarraipen mailako ikastaroak ere izango dira, bezeroekiko harremanetan nahiz, oro har, laneko harremanetan euskara erabili ahal izateko.