Bingen Zupiria: “segurtasuna helburu nagusia da lehendakariaren agenda estrategikoan”

0
  • “Segurtasun, ziurtasun, testuinguru bat sortzen saiatu gara, bizi ditugun garai nahasi hauetan euskal gizarteari lagun egiteko”, adierazi du sailburuak.
  • Zupiriak Euskal Poliziaren 2025eko delinkuentzia-datuak aipatu ditu bata bestearen atzetik, eta ziberdelituen gorakada nabarmendu du. Homizidioen gorakadari dagokionez, Ertzaintzak kasu guztiak argitu dituela balioetsi du.
  • Segurtasuneko sailburuak Poliziaren eta Justiziaren arteko lankidetza ere eskatu du, epaiketa azkarrei modu eraginkorragoan heltzeko. Hori dela eta, Estatuko Gobernuari eskatu dio Eusko Jaurlaritzak eta epaileek Euskadin epaile gehiago izateko egindako eskaerak kontuan izateko.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Forum Europa: Tribuna Euskadik antolatutako solasaldian parte hartu du gaur goizean. Juan Mari Atutxa sailburu ohi eta Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiak aurkeztu duen topaketan, Zupiriak Euskadiko segurtasun integralaren ereduari buruz hitz egin du. “Segurtasuna helburu nagusia da Imanol Pradales lehendakariaren agenda estrategikoan”, adierazi du Bingen Zupiriak, eta, gaineratu duenez, Gobernu berria eratu zenetik “segurtasun, ziurtasun, testuinguru bat sortzen saiatu gara, bizi ditugun garai zail hauetan euskal gizarteari lagun egiteko. Eusko Jaurlaritzako kide garen aldetik, gure helburu bakarra da erreferentzia izango diren egonkortasun-ingurune bat eta konfiantza-giro bat sortzea, herri honetan bizi garenok Euskadi babesleku, gure aterpe, dugula, babes hartzeko eta babes- eta laguntasun-erreferenteak aurkitzeko lekua dela, ikusi eta sentitu dezagun”. Zupiriak azpimarratu du segurtasun-testuinguru bat sortzea Eusko Jaurlaritzaren funtsezko helburua dela: “Imanol Pradales lehendakari izendatu zutenetik igaro den urte eta erdian, egonkortasun politikoko eta erakundeok elkar ulertzeko giroa ziurtatzen ahalegindu gara”.

Forum Europan egin duen esku-hartzean, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak azaldu duenez, “segurtasun-sentipena, oro har, erabakiekin eta datuekin lotuta dago, eta segurtasunik ezaren sentipena pertzepzioekin eta emozioekin. Eta guztiok interpelatzen gaituzte biek: bereziki, Euskadin erantzukizun instituzionalen bat dugunok; baina baita gizarte osoa ere. Eusko Jaurlaritzan Segurtasun sailaren buru garenoi dagokigu kalitatezko zerbitzu publikoa ematea herritarren eta lurraldearen segurtasunarekin zerikusia duten arloetan”.

Euskadiko Larrialdietako Sistema

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak gogorarazi du Euskadin babes-sistema on bat izatea helburu politiko eta soziala izan dela 1980an Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, eta Segurtasun Sailaren lehentasunetako bat dela. SOS Deiak, Euskadiko 112, Euskadiko segurtasun-sistemako “sarrerako atea” da, eta urtean milioi bat dei baino gehiago jasotzen ditu. Herritarrei arreta emateko, Ertzaintza eta udaltzaingoak, larrialdietako teknikariak, suteak itzaltzeko zerbitzuak eta babes zibileko boluntarioak, edo osasun-larrialdiak barne hartzen dituen sistema da. “Sistema horri eusteko, euskal erakunde publiko guztien, Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta udalen, konpromisoa, lankidetza eta koordinazioa dauzkagu. Sistema integratu eta bakar horretan Euskadiko eragile guztiek parte hartzen dute”, adierazi du Zupiriak.

Delinkuentziari buruzko 2025eko datuak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur argitaratu du 2025eko delituen balantzea, Euskal Poliziaren, hau da, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen, datuak jasotzen dituena (datu horiek sailaren urteko memorian argitaratuko dira behin betiko orraztuta). Orokorrean, arau-hauste presentzialen kopurua gutxi gorabehera egonkor mantendu da 2024tik, % 0,8ko igoera baino ez du izan, eta proportzio handiagoan igo dira, % 4,83, alegia, delitu informatikoak, batez ere ziberiruzurrak.

Delitu larrienei, homizidioei, dagokienez, Euskadin 14 homizidio zenbatu ziren 2025ean, aurreko urtean baino 8 gehiago. Ertzaintzak kasu guztiak ikertu eta argitu ditu. 14 homizidio horien artean genero-indarkeria, familia barruko indarkeria, kontu-garbitzeak, zorotasunak, droga-trafikoa edo larritasun ezberdineko eraso fisikoak daude.

Homizidioen artean, Euskadin egiten diren deliturik larrienak genero-indarkeriarekin lotutakoak dira.  5.635 emakumek (iaz baino bat gehiagok) salatu dituzte biktima izan dituzten indarkeria-kasuak, horietako gehienak bikotekidearekin edo bikotekide ohiarekin izandako harremanean, edo familia barruko indarkeria-kasuak. “Genero-indarkeria gaitz sozial bat da, eta konpromiso, salaketa eta prestakuntza handiagoa eskatzen ditu”, adierazi du Zupiriak.

Segurtasuneko sailburuak adierazi duenez, “homizidioak eta genero-delituak dira delitu larrienak ikuspegi penaletik edo giza eskubideen ikuspegitik, baina ez dira alarma gehien sortzen duten arau-hausteak. Pertsonen aurka indarkeria erabiliz egindako lapurretak, lesioak edo etxeetako lapurretak dira jende gehien kezkatzen duten delituak”. Indarkeria erabiliz egindako lapurretek % 3,3 egin dute behera 2024tik, eta lesio-delituek zertxobait gora egin dute, 6.640tik 6.884ra, alegia.

Sexu-askatasunaren aurkako delituak % 0,9 jaitsi dira, baina sailburuak azaldu duen bezala “kezka sortzen duen delitu-mota bat da, delitu globalen taulan duen pisu espezifikoaz harago: delitu presentzialen % 1 dira. Gure lana egiten diren ahalik eta sexu-eraso gehien detektatzea da. Ezagutu eta salatu beharreko gertaerak dira; eta biktimei estigmatizazioaren mugak gainditzen lagundu behar diegu; ez lukete erasoak eragindako trauma intimitatean jasan behar. Lanean jarraitu behar dugu ezkutuan egon litekeen zifra azaleratzeko”.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek iaz 10.559 atxiloketa egin zituzten delitu presentzialengatik, eta 2024ko zifraren oso antzekoa da. Eta 41.683 kasu baino gehiago ikertu dituzte, iaz baino % 4,5 gehiago. Atxilotu eta ikertutako pertsona horietako batzuek ustez delitu bat baino gehiago egin dute, eta Segurtasuneko sailburuak epaiketa azkarren eraginkortasuna nabarmendu du, beraz: “epaiketa azkarrak egitea da delinkuentziari aurre egiteko daukagun neurri eraginkorrenetako bat. Horien kopuruak nabarmen egin zuen gora iaz, eta epaileek, fiskalek, Ertzaintzak eta udaltzaingoek konpromisoa hartu dute baliabide hori erabiltzeko; izan ere, justiziaren ustez delitu baten errudun diren pertsonek dagokien zigorra lehenbailehen jasotzeko aukera ematen du. Neurri garrantzitsua da gizartean kezka handiena sortzen duten delitu-motei aurre egiteko, eta, batez ere, delituak behin eta berriz egiten dituzten eta zigorrik ez dutela jasoko senti dezaketen pertsonen aurrean jarduteko”. Zupiriak adierazi du Poliziaren eta Justiziaren erantzun azkarrak arazoari eta horrek sortzen duen segurtasunik ezaren sentipenari modu eraginkorragoan heltzen lagunduko lukeela, eta azpimarratu du garrantzitsua litzatekeela Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzatik eta eremu judizialetik kasu horiei aurre egiteko epaile-kopurua handitzeko edo beldur handiena sortzen duten delituei dagozkien zigorrak gogortzeko planteatzen ari diren eskaerak kontuan hartzea.

Euskal Polizia

Gaurko topaketan egin duen esku-hartzean, Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak gogorarazi du Ertzaintza polizia demokratikoa dela, eta euskal gizarteak 1979an bere autogobernua berreskuratzeko eta erakunde autonomoak eta demokratikoak, tartean Ertzaintza, sortzeko demokratikoki egin zuen aukerarekin lotuta dagoela. “Euskal gizartearen babesa eta konfiantza ditu, gure herrian egiten diren azterketa sozialek erakusten duten bezala. Bizikidetza- eta segurtasun-eredu bat daukagu, eta Ertzaintza eredu horren funtsezko elementua da. Gobernu honek bere profesionaltasuna eta modernizazioa bultzatzen jarraituko du, herritarrekiko gertutasuna indartuko du eta gizarteak harengan duen konfiantzari eusteko baldintzak sortuko ditu. 2030erako 8.000 agentetara iristeko akordioa, egitura eta baliabideak modernizatzeko proposamenak eta prestakuntza indartzea dira Gobernu honen helburuak”, adierazi du Zupiriak.

Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza ere nabarmendu du, eta Euskal Polizia “Euskadin segurtasuna hobetzeko dugun funtsezko tresna da”, esan du. Segurtasun Sailak eta udaltzaingoak dituzten udalek lankidetza-eredu hori, Euskadiko udalerri gehienetan dagoeneko hedatuta dagoena, oraindik ere gehiago indartzeko hitzarmen-eredua berritu dute. “Berezitasun hori indargune bat dela uste dugu, eta tokikotik sarean eta koordinatuta lan egiteko aukera ematen digu herritarrei eskaintzen diegun zerbitzu publikoa hobetzeko. Herri-erronka bat da eta eragile politiko guztiok interpelatzen gaitu, bereziki Segurtasun Saila baina baita Euskadiko udalak, alderdi politiko desberdinek gobernatzen dituztenak, ere, eta gure herritarrei, modu frogagarrian eta hausturarik gabe, gure erakundeentzat haien segurtasunak eta lasaitasunak lehentasuna duela erakusteko aukera eman behar digu”, nabarmendu du Zupiriak.

Basque Segurtasun Foroa  

Segurtasun Sailak 2025eko uztailean hasi zuen Basque Segurtasun Foroa, eta 30 topaketa izango ditu guztira, herrialdeko eragile instituzionalek eta sozialek segurtasunari buruz duten iritzia aztertzeko eta proposamenak jasotzeko. Foru-aldundien eta Ertzaintzaren eskutik eskualdez eskualde egiten diren topaketetan, erakundeen, gizartearen, ekonomiaren eta hezkuntzaren arloko ordezkariek parte hartzen dute. Foroak 2.000 pertsonarekin baino gehiagorekin elkartzeko aukera emango du haien kezkak eta proposamenak entzuteko.

Segurtasuneko sailburuak zehaztu duenez, orain arte egin diren hamahiru topaketei esker, foroan parte hartu duten eragileen kezka nagusiak laburbiltzen dituzten zortzi arreta-gune handi identifikatu ahal izan dira: herritarren segurtasuna, indarkeria matxistak, klima-arriskuak, drogak, ziberdelituak, balioak eta autoritatea galtzea, autobabes-neurriak eta albiste faltsuak.

Zupiriak azaldu duenez, “pertzepzioak eta sentsazioak desberdinak dira eskualde batetik bestera. Baita delituen kopurua eta larritasuna ere. Deigarria egin zaigu drogen ekoizpenak, trafikoak eta kontsumoak zenbat jende kezkatzen duen, eta asko gainera. Batez ere kontsumoak, mendekotasunak osasun mentalean, segurtasunean eta delituak egitean dituen ondorioengatik. Kezka hori behin eta berriz adierazi dute herri txiki eta ertainetako alkateek”. Gainera, Zupiriak nabarmendu du gizonek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoari eskaintzen dioten arreta eskasa.

Basque Segurtasun Foroa baliagarria izaten ari da herri txikienetan bizitza bateko etxeetako eta baserrietako lapurretek eta herri barruko bideetako gehiegizko abiadurak sortzen duten kezka eta ia guztiek kaleko polizia-patruila gehiago egotea eskatzen dutela detektatzeko. Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du orain arte egindako topaketetan behin eta berriz aipatu den gaia dela gero eta indibidualistagoa den gizarte batean komunitate-zentzua galtzen ari dela, balioak galtzearen sentipenak eta agintearekiko errespetu faltak areagotuta.

Basque Segurtasun Foroak ekintza-proposamenak eta -alternatibak jasotzeko balioko du, eta Segurtasun Sailak 2026-2030 aldirako Euskadiko Segurtasunaren Plan Orokorrera eramango ditu eta han finkatuko da datozen urteetarako estrategia.