Bizkaiko tributu itunduak direla-eta, 10.442,0 milioi euro garbi bildu dira 2025eko abenduaren 31ra arte, hau da, 2024an baino 1.032,9 milioi gehiago. Beraz, % 11.0 igoera izan da. Diru-bilketa horren arabera, % 102,5 bete da lehengo ekitaldirako aurreikusitako aurrekontua (10.182,3 milioi euro).
Zerga-bilketaren 2025eko azken zifratik jada kenduta daude Ekarpenen Legean ezarritako barne-doikuntzen ondorioz ordaindu beharrekoak: guztira, 1.244,9 milioi euro, hau da, % 13,8 igo da. Honela banatu dira doikuntza horiek: 1.022,1 milioi euro Gipuzkoarentzat, eta 202,8 milioi euro Arabarentzat.
Zuzeneko zergak
2025ean, zuzeneko zergen bidez 5.324.6 milioi euro bildu dira, 2024an baino % 9,6 gehiago, hau da, 464,4 milioi euro gehiago. Esparru horretan, oso nabaria da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) % 15,6 igotzea, hau da, 4.134,8 milioi euro; batez ere, lanaren eta kapital higiezinaren errenten gaineko atxikipenen igoeraren ondorioz, hurrenez hurren, +% 6,1 eta +% 7,0, baita preskribatu gabeko ekitaldietako mutualistei itzulketarik ez egiteak ere, zergaren kuota diferentzialaren bilketa oztopatu baitzuen 2024an.
Igoera horien aldean, Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera dago; izan ere, haren bidez, 699,3 milioi euro bildu dira, 2024an baino % 25,0 gutxiago, hau da, 233,7 milioi euro gutxiago.
Bestetik, adierazi beha da garapena positiboa izan dela ondarearen gaineko zergan (+% 22,4), Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergan (+% 12,5) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan (+% 45,4).
Zeharkako zergak
2025ean, zeharkako zergen bidez 3.769,2 milioi euro bildu dira, aurreko urtean baino % 11,7 gehiago (+396,2 milioi euro). Zenbateko horretan, 3.193,9 milioi euro BEZari dagozkio, % 16,7ko igoera izan baitu.
Horrela, behin betiko utzi dira atzean hidrokarburoen sektorearen eremuko iruzurrezko jarduketa jakin batzuk, kontzeptu horretan 2024ko diru-bilketa asko kaltetu baitzuten.
2025eko ekitaldian, kudeaketa propioko BEZak ez ezik, hauek ere egin dute gora: Hidrokarburoen gaineko Zerga Bereziak (+% 4,7), Elektrizitatearen gaineko Zergak (+% 43,8) eta Finantza-Transakzioen gaineko Zergak (+% 20,5). Hala ere, beste hauek behera egin dute: Alkoholaren gaineko Zergak (-% 10,7), Garagardoaren gaineko Zergak (-% 18,6) eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziak (-% 22,2).
Tasak eta beste diru-sarrera batzuk
2025ean, Jokoaren gaineko Tasak % 3,6 igo dira, eta diru-bilketa 63,5 milioi eurora iritsi da. Joko-tasena ia egonkor mantendu da; aldiz, premiamendu-errekarguek (+%29,8) eta zehapenek (+%3,3) gora egin dute, eta berandutze-interesek behera egin dute (-% 7).
Estatuarekiko doikuntzak
Azkenik, Estatuarekiko doikuntzen kontzeptuan, 1.284,7 milioi bildu dira (2024an baino % 15,3 gehiago. Oro har, BEZaren doikuntzak % 11,4 egin du gora.






