2026an zehar Museoan ikusgai egongo diren zazpi erakusketen gakoak azaldu dituzte Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak, eta Museoko arte-arduradunen taldeak. Programa artistiko berria martxoaren 19an hasiko da, Ruth Asawa artista japoniar-estatubatuarrari eskainita Estatuan antolatuko den lehen erakusketarekin hasi ere —aurten Asawaren jaiotzaren mendeurrena betetzen da—. Programazioak maiatzaren 5ean jarraituko du in situ saileko erakusketa berri batekin, oraingo honetan Igshaan Adams artista hegoafrikarraren eskutik. Urtearen lehen seihilekoa amaitzeko, XX. mendearen bigarren erdiko artegintzan funtsezkoa izan den Jasper Johns artistaren atzerabegirako osatua izango dugu (babeslea: BBVA Fundazioa).
Udazkenean, urriaren 1etik aurrera, Film & Video aretoak Pipilotti Rist artista suitzarraren lan deigarri bat hartuko du. Urriaren 9an, Londresko Steve McQueen artista eta zinemagilearen instalazio bat zabalduko da (babeslea: Occident), eta azaroaren 12an, berriz, New Yorkeko Dan Flavin artistari eskainitako erakusketa handi bat (babeslea: Iberdrola), Solomon R. Guggenheim Museoaren funtsetatik datozen artelanez osatuta. 2026ko aldi baterako azken erakusketa in situ saileko bigarren aurkezpena izango da, Zadie Xa artista korear-kanadarrarena.






