- Hitzordua eskatzeko web-aplikazioa berrituko du, WhatsappA ezarriko du hitzorduak jakinarazteko eta gogorarazteko kanal gisa, eta osasun-zentro eta kontsultategi bakoitza monitorizatuko du, itxaronaldiak luzeagoak diren horietan konponbideak bilatzeko
- Osakidetzako zuzendari nagusiak, Lore Bilbaok, gaur bertan iragarri du 23-24-25eko EPEko lehen azterketak uda baino lehen egingo direla. Guztira 108 kategoriatako 5.425 plaza eskainiko dira
- Enplegu-deialdi berri honek adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako zati espezifiko bat izango du lehen aldiz, 25 plaza guztira
Plantilla egonkortzea eta herritarrek Lehen Mailako Arreta Sarera duten sarbidea hobetzea izango dira Osakidetzaren helburu nagusietako bi aurten. Horretarako, 5.400 milioi euroko aurrekontu errekorra izango du Osakidetzak. Sarbidea hobetzeari dagokionez, Euskal osasun zerbitzuak zenbait ekintza egingo ditu laster, herritarren beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta ez-bertaratzeak saihesten saiatzeko; izan ere, Lehen Mailako Arretako kontsulta guztien % 2,8 dira (2.000 inguru egunean). Hau da, urtean 17 milioi kontsulta daude Lehen Mailako Arretan eta 500.000 ez-bertaratze daude.
Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok gaur goizean Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, sarbidea hobetzeko egitekoen artean dago zita eskatzeko web-aplikazioa berritzea, familia medikuarekin, pediatrarekin edota erizainarekin zita eskatzea errazagoa izan dadin eta itxarote-denborak murriztu daitezen. «Batzuetan, webgunean hitzordua eskatzen duzu, eta ez dago kontsultarik 15 egun barru arte. Horrek ez du esan nahi Osakidetzak lehenago artatuko ez zaituenik; izan ere, deitzen baduzu edo aurrez aurre joaten bazara, berehala izango zara artatua kasurik larrienetan, baina webgunearen bidez hitzordua atzeratu egin daiteke – erreferentziazko medikua oporretan dagoelako edo baimenen bat duelako –,eta horrenbestez ez du aukerarik ematen hitzordu bat eskatzeko lanean hasi arte», azaldu du.
Gainera, Osakidetzak Whatsappa komunikazio-kanal gisa ezartzea aurreikusi du, herritarrei zitak gogorarazteko edo horiek baliogabetzeko aukera emateko, besteak beste. Ildo horretan, laster herritarrei baimena eskatuko zaie SMS bidez kanal berrian sartzeko eta jakinarazpenak jasotzeko.
Neurri sorta baten parte dira, aginte-koadro berri batekin batera, osasun-zentroen eta kontsultategien egoera monitorizatzen eta itxaronaldiak luzeagoak diren lekuetarako konponbideak bilatzen lagunduko duena. Horien bidez, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako sarera joaten diren pazienteei erantzun hobeagoa eta hurbilagoa ematea bilatzen du, LMA baita osasun-arazo gehienak konpontzen dituen maila asistentziala.
Arreta espezializatuaren eremuan, Bilbok «sareko lanaren» aldeko apustua egiten du, ESI batzuetako eta besteetako profesional sanitarioen arteko lankidetza antolatzeko, kontratu mistoak bezalako formulen bidez, herritarrei emandako arreta eta zerbitzuak homogeneoak izan daitezen, bizitokia edozein dela ere.
EPE BERRIA, 5.425 LANPOSTUREKIN
Urte honetarako beste helburu handi bat plantillak egonkortzeko prozesuarekin jarraitzea izango da. Horri esker errotazio gutxiago egongo dira profesionalen artean, eta, beraz, osasun-zentroetan eta ospitaleetan etengabeko arreta emateko gai izango diren talde egonkorragoak sortuko dira. Ildo horretan, Osakidetzak espero du urteko lehen hiruhilekoan 23-24-25eko EPEko oinarri espezifikoak onartzea, lehen azterketak hasi ahal izateko uda baino lehen. EPE horrek guztira 5.425 plaza eskainiko ditu 108 kategoriatarako, eta, berrikuntza gisa, adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako EPE espezifiko baten eskutik joango da, guztira 25 plazarekin.
Era berean, urte honetan zehar, betetzeko zailak diren lanpostuen beste EPE bat egingo da, medikuentzat hain erakargarriak ez diren kontsultategietan eta eskualdeko ospitaleetan langile-hornidura bermatu ahal izateko.






