Jon Insausti Donostiako alkatearen esanetan “aurtengo edizioa bereziki hunkigarria, jendetsua eta eredugarria izan da”
2026ko Danborrada edizio “bereziki hunkigarria, jendetsua eta eredugarria izan da” Jon Insausti Donostiako alkateak nabarmendu duenez. Konstituzio plazan San Sebastian egunaren harira duela ehun urte lehen aldiz egin zen banderaren igoera ofizialaren mendeurrenaren ospakizun bikaina izan da eta “historiarako geratuko da 2026ko edizioa”. Alkatearen esanetan “gure festa handia kantatu, dantzatu eta bizitu egin dugu, donostiar guztion arteko bizikidetza osasuntsua bermatuz, umorez eta alai”. Horregatik, Insaustik “donostiarroi zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet, egun zoragarria ahalbidetzeagatik”.
Jaien hasiera, Konstituzio plazan egindako banderaren igotzearekin, eguneko une gogoangarrienetako bat izan da. Plaza lepo bete zen, eta bertan bildutako pertsona guztiek, salbuespenik gabe, Donostiako Martxa aho batez kantatu zuten, une hunkigarri eta partekatuan.
Une historiko hau 2026ko Urrezko Danborra jaso duen Xabier Anduagaren jardun bikainak handitu zuen, Orfeoi Donostiarrarekin, Gaztelubideko Danborradarekin eta egun osoan zehar hiriko auzoetan desfilatu zuten 166 danborradetatik 140 ordezkarirekin batera, batasunaren, jarraikortasunaren eta indar sinbolikoaren irudi sendoa eskainiz.
Bigarren urtez jarraian, kaian jarritako pantaila erraldoia erabateko arrakasta izan da, ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitzeko aukera eskainiz eta ospakizunaren izaera ireki eta partehartzailea indar-tuz.
Egun osoan zehar, 167 danborradek hiriko auzoetan egindako irteerak eta ibilbideak gorabehera aipagarririk gabe garatu ziren, antolaketa maila altua, partehartzaileen ardura eta konpromisoa agerian utziz. Gainera, 2026ko edizioa historiako danborradarik parekatuena izan da: %98,81 danborradak mistoak dira.
Eguraldi bikainak lagundu zuen egun osoan zehar, eta bereziki Haurren Danborradaren garapenean izan zuen eragin positiboa. Kaleak berriro ere poza, kolorea eta etorkizuna irudikatzen duten haurrez bete ziren, tradizioaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa bermatuz.
Urtarrilaren 19an, Herritarren Merituaren Dominen ekitaldia, beste behin ere, hiriarekiko eta herritarrenganako lan isila baina funtsezkoa egiten duten pertsona eta kolektiboei egindako aitortza izan zen.
Era berean, Xabier Anduagari emandako 2026ko Urrezko Danborra une bereziki hunkigarria izan zen. Orain arteko Urrezko Danbor gazteena izateak etorkizunari begirako mezua ekarri zuen: talen-tua, lana eta konpromisoa direla aurrera egiteko bidea.
Bere ibilbide artistikoa, Donostiarekin duen lotura estua eta eguneroko lanaren balioa nabarmendu ziren, etorkizuna eraikitzen jarraitzeko.
Gaua amaitzeko, Unión Artesanarekin batera egindako banderaren jaitsierak Danborradari amaiera solemnea eman zion, egun osoan bizitako emozioa eta batasun sentimendua borobilduz.
Unión Artesanak publiko jendez gainezka zegoen plaza aurkitu zuen, eta, igoeran gertatu zen be-zala, bertan bildutako guztiek Donostiako Martxa aho batez kantatu zuten.
Gaueko 12ak pasata eta urtarrilaren 21a iritsita, Unión Artesanak bere errepertorioa eskaintzen ja-rraitu zuen, Errealaren ereserkiarekin hasiera emanez; ereserki hori ere bertaratutako guztiek batera abestu zuten, jaien amaiera baten hasiera markatuz, litekeena baita ospakizuna ordu batzuk gehiagoz luzatzea…
Oro har, 2026ko Danborrada jai segurua, partehartzailea eta emozioz betea izan da, Donostiaren ikur nagusietako bat dela berriro ere berretsiz, eta herritarren artean harrotasun eta gogobetetasun sentimendu orokorra utziz.






